Hemen dugu berriro Korrika, Euskal Herria bi urtean behin zeharkatzen duen lasterketa, euskararen alde kontzientziak astintzeko.
Hemen bizi garen pertsona guztion hizkuntza da euskara, hitz egiten dugunena eta baita hitz egiten ez dutenena ere, euskaltegietan ikasi genuenona eta jaiotzetik dakitenena.
Baina euskara bada hizkuntza horretan mintzatzen ez diren eta inoiz mintzatuko ez diren horiena ere, pertsona eta herri guztien ondarea delako.
Mugak eta ideologiak gainditzen dituen balio kulturala da euskara, guztiaren eta guztion gainetik mantendu beharreko ondarea da. Horregatik, Okondo batu egiten da euskararen aldeko borroka honetara, “Klika Korrika klika, gure erritmora” lemapean.
Korrikaren 21. edizioa izango da aurtengoa. 39 urte bete ditu egitasmoak Euskal Herriko txoko oro bisitatzen. Aurten Aiaraldeko beste herri batzuetatik igaroko da eta gu apirilaren 12an batuko gara, gure herriko eskolaren Korrika Txikiarekin eta ekimenak merezi duen jaiarekin. Euskaraz parte hartu, korrika egin eta hitz egingo dugu urteko 365 egunetan.