“Bero gehiago ematen du eskuz egindako jantzi batek, artile berbera erabilita ere”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko aza. 2a, 15:44

ANGELA MARAÑON ORUETAk (Laudio, 1955) urteak daramatza artilearekin kaikuak eta antzeko jantziak egiten. Osteguneko azokan elkartu gara berarekin, Herriko Plazan.

Noiztik daramazu kaikuak egiten?

ANGELA MARAÑON ORUETAk (Laudio, 1955) urteak daramatza artilearekin kaikuak eta antzeko jantziak egiten. Osteguneko azokan elkartu gara berarekin, Herriko Plazan.

Noiztik daramazu kaikuak egiten?

Nagusitzean ekin nion kaikuak egiteari, ezkondu eta seme-alabak izan ostean. Orduan hasi nintzen, eta orduz geroztik nabil artile artean.

Artilea ere egiten duzu?

Badakit artilea iruten, baina lan handia dakar, artile asko behar delako jantzi bat egiteko. Artilea iruten eta jantzia egiten egon behar zara aldi berean. Horregatik, erosi egiten dut artilea.

 

"Jersey, galtzerdi edota txalekoak egiten ditut. Hortaz gain, kaikuak ere egiten ditut"

 

Artilezko jantziak egiteko pazientzia beharrezkoa dela esan ohi da.

Bai, pazientzia asko izan behar duzu. Jantziaren marrazkia aurrean izanda puntuka joan behar zara, jantziari une bakoitzean behar duen forma eta kolorea emateaz adi.

Denbora asko baliatu behar duzu, beraz.

Jantziaren tamainaren arabera denbora gehiago edo gutxiago behar izaten dut. Jersey arrunt bat egiteko lau egun baliatzen ditut, baina ordu asko sartuaz, noski. Ordu asko behar izaten ditut.

Badirudi berriz modan jarri dela norberak bere artilezko jantziak egitea. Zer esango zenieke horretara animatu nahi diren gazteei?

Pazientzia asko beharko dutela. Lehen saiakeran ondo atera ahal zaizu, baina gerta daiteke baita marrazkia gaizki ateratzea eta egindako guztia desegin behar izatea.

Laudioko osteguneko merkatura ekartzen dituzu eginiko kaikuak.

 

"Ortuko produktuen denboraldia amaitzen doan heinean nago jantzi gehiago ekartzen ditut, postu osoa betetzeko"

 

Badago jantziak ikusi eta berarentzat bat propio egitea eskatzen didan jendea.

Jende asko?

Ez, jende gutxi izan ohi da, perfil anitzetakoak. Olentzero eta jaien garaietan jasotzen ditut enkarguak bati bat.

Zer du eskuz egindako kaiku batek fabrika batean sortutakoak ez duena?

Bero gehiago ematen du eskuz egindako jantzi batek, artile berbera erabilita ere. Zergatik? Ez dakigu.

Urte ugari daramazu lan honetan. Badago erreleborik?

Badago jende berria, baina ez asko. Ordu asko eskaini behar zaizkio lan honi. Zure asmoa baldin bada lanean egon zaren ordu bakoitza kobratzea, hobe animatzen ez bazara. Nik gogoko dut artilearekin jantziak egitea, entretenitu egiten naiz, eta diru apur bat irabaztearekin konformatzen naiz. Baina inbertitu duzun denbora guztiaren araberako prezioa jartzen badiozu jantziari fabrikan egindako bat baino lau aldiz garestiagoa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide