"Gurpil-aulkian daudenei izugarri kostatzen zaie zerbait egitea, ez dute sinisten naturara hurbiltzeko eskubidea daukatenik"

Erredakzioa 2016ko ira. 28a, 10:43

Aitziber Diaz (Laudio, 1983), Cristina Regalado (Laudio, 1981) eta Pablo Mariz (Bilbo, 1978) proiektu inklusibo batean ari dira elkarlanean. Horren bitartez, eramaten dituzte natura ezagutzera aniztasun funtzionala duten pertsonak. Pablok ingurumen hezkuntzaren esparrutik lan egiten du eta Cristinak eta Aitziberrek arlo psikologiko eta psikopedagogikotik.

Aitziber Diaz (Laudio, 1983), Cristina Regalado (Laudio, 1981) eta Pablo Mariz (Bilbo, 1978) proiektu inklusibo batean ari dira elkarlanean. Horren bitartez, eramaten dituzte natura ezagutzera aniztasun funtzionala duten pertsonak. Pablok ingurumen hezkuntzaren esparrutik lan egiten du eta Cristinak eta Aitziberrek arlo psikologiko eta psikopedagogikotik.

Zer da Azeri Natura?

P: Azeri Natura Guztiontzat kooperatiba txikia gara; Eusko Jaurlaritzak ekimen sozialtzat jotzen du. 3 ingurumen hezitzailek osatzen dugu eta asmoa da pertsonak sartzea naturan, aniztasun funtzionala izan ala ez.

Horretarako zenbait tresna erabiltzen dugu; direkziozko barrak itsuentzat edo gurpil bakarreko aulkiak mugikortasun murriztuta daukaten lagunentzat. Horiek balio digute mendira joateko.

Tresnak erabiltzean pertsona bera da zailtasuna.

Gurpil bakarreko aulkien kasuan pertsona batek bultzatzen du aurretik eta besteak atzetik. Aldeetan ere jendeak lagundu dezake. Eurentzat zaila da lau gurpiletatik bakarrera igarotzea.

Itsuekin antzeko arazoak ditugu. Ohituta daude etxetik elkarteko egoitzara joatera eta nekez ateratzen dira hortik.

 

Aniztasun funtzionala duten 300.000 pertsona dago EAEn eta askotan gure buruei galdetzen diegu non dauden”.

 

Gurpil-aulkian dauden lagunei izugarri kostatzen zaie zerbait egitea, ez baitute sinisten naturara hurbiltzeko eskubidea daukatenik. Euren munduan bizi izan dira eta erraztasunak eman behar zaizkie.

Arraroa bada ere, leku berezian bizi gara, mendiz inguraturik, eta askori ez zaie bururatu mendira joatea.

Aldi berean, ahaleginak egiten ditugu elkarteek euren kideei zerbitzua eskaini diezaieten. Batzuetan kideengana jotzen dugu eurek elkarteari eskatzeko.

Eskolaz kanpoko heziketa ere eskaintzen dugu, baratzari buruz, adibidez, ikastetxetan edo elkartetan.

Aniztasun funtzionala duten pertsonekin, zer egiten duzue?

P: Orain, esaterako, esklerosi anizkoitzeko elkarte batekin gaude elkarlanean eta hilero txangoa egiten dugu.

Apnabirekin ere lan egiten dugu, eta autismoa pairatzen duten lagunekin mendi ibilaldiak antolatzen ditugu. Pertsona horiek paseatzea nahi dute, eta, ondorioz, ez dugu azalpen handirik ematen. Gurekin egon baino lehen, eurentzat mendi ibilaldia Aixerrotatik Punta Galeara joatea zen, baina gurekin benetako mendi ibilaldiak egiten dituzte.

 

Elkarte bakoitzarekin informatu behar zara, jakiteko zer nolako taldea egokituko zaizun. Esklerosi anizkoitza sufritzen dutenak berehala nekatzen dira eta moldatu behar dugu ibilbidea horren arabera”.

 

Lagun horiekin geldialdi gehiago egiten ditugu landaredia, Euskal Herriko kultura eta fauna azaltzeko.

Itsuekin egiten ditugun ibilbideak zentzumenetan oinarrituta daude. Euskal Herriko zuhaitzak ezagutu ditzaten ukiarazten dizkiegu; azala, hostoa, fruitua... ezagutu dezaten nolakoak diren. Eta usaintzen badu usaindu dezan esaten diegu.

Zuhaitzak besarkatu ditzaten animatzen ditugu, edo goroldioa eta lurra ukitzen...

Beste aniztasun funtzionalekin ere lan egiten duzue?

P: Bai, eta horregatik jarri ginen harremanetan Taupa Tauparekin. Adibidez, Gorabiderekin hainbat ekintza egin dugu eta Taupa Taupa ezagutu genuenean oso interesgarria iruditu zitzaigun eurek lan egin dutelako autismoa daukaten lagunekin.

Guk animaliei edo landareei buruz jakin badakigu, baina hemen norberak mundu propioa dauka.

Esate baterako, guk naturan egiten ditugu tailerrak, eta jakiteko helburuak beteko ditugun interesgarria da Taupa Tauparekin lan egitea.

A: Gu aholkulari moduan aritzen gara egoera kudeatzen jakiteko. Erronka gehiago ere baditugu. Eskolaz kanpoko ekintzetan zertan lan egin dezakegun proposatu, sinergiak eta harremanak partekatzea...

C: Jakina, gure asmoa da aholkuak ematea, baina biok kooperatiba garela aintzat hartuta gure esperientzia lotu nahi dugu.

Proiektu horretan nola egiten duzue lan?

C: Hasteko, autismoari buruz garrantzitsua da aipatzea nahiko talde anitza dela. Pertsona autisten estereotipoa etortzen zaigu burura oro har: bakarrik, ertz batean mugitzen... eta ez da horrela, oso talde heterogeneoa baita eta norberak behar jakinak ditu.

Egia da ezaugarri batzuk orokorrak direla eta hori garrantzitsua da.

P: Horregatik txangoa egin baino lehen galdetzen diogu elkarteari nolakoa den taldea.

 

Adibidez, Gorabiderekin lehenengo tailerra egin genuenean Taupa Taupak esan zidan itauntzeko ea artaziak erabiltzen zekiten. Galdera horrekin konturatu nintzen oso baliagarria izango zela elkarlana, niri ez zitzaidan bururatu horrelakorik”.

 

Egia esanda, tailerrean ez genuen artazirik erabili behar, baina sumatu nuen niri gauza askok ihes egiten didatela eta eurek kontrolatzen dituztela.

Adibidez, Apnabirekin egindako lehenengo txangoa izugarria izan zen. Bolintxun egin genuen. Bilbon geratzen den azkenengo zirrikitu naturala da eta 9 gazteko taldea joan ginen, 6 begiralerekin. Begiraleak ezinbestekoak dira.

Baten bat zen Cristinak aipatu duen modukoa eta bera bakarrik joaten zen lehena. Une batean ur-jauzia topatu genuen. Mutiko hori “Rain man” filmekoa bezalakoa zen, etengabe errepikatzen zuen: "ezin dira harriak bota, natura zaindu behar da"... eta orduak ematen zituen horrela.

Hala ere, ur-jauzia ikusi zuenean, gelditu zen eta esan zuen: "oso gogoko dut natura". Une batez lortu genuen modu positiboan estimulatzea.

 

Guk ez dugu osatzen, baina naturaren izaera terapeutikoan sinisten dugu”.

 

Esan bezala, naturak, berez, ez du osatzen, baina zergatik egoten gara gustura bertan? Naturak zerbait kimikoa du. Zuhaitzek dopamina eta serotonina askatzen dute. Horregatik gustura gaude naturan, arnasten ditugulako.

Aipatutako kasuan lortu genuen hamaiketakoaren orduan lasaitzea. Gero, adibidez, beste batzuk konturatu ziren leku batzuetan lore gehiago hazten zirela eta horrek liluratzen zaitu, konturatzen baitira zer gertatzen den euren inguruan.

Horrek aukera ematen dizu azaltzeko bertan soilgune bat dagoela eta hezetasunak gehi argitasunak lortzen dutela hori.

Gure helburua da txangoaren uneren batean gazteek konektatzea naturarekin, gustura egon daitezen eta balio berriak deskubritu ditzaten.

Beti gazteekin lan egiten duzue?

P: Ez, batzuek 30 urte baino gehiago dauzkate, eta kasu batzuetan 50 baino gehiago. Kasu horietan aintzat hartu behar dugu gaixotasuna gehiago garatu dela eta scuterrak edo aulkiak erabiltzen dituztela.

Hau inklusiboa da eta ez dugu inor baztertzen. Oso txarto badago, modua bilatuko dugu, beti saiatzen gara nahi duena etor dadin.

Naturak zer ondorio onak lor ditzake?

A: Drogomenpekotasun kasutan, adibidez, oso onuragarria da. Dopaminak zerikusia du zoriontasunarekin eta hormona horrek ondo sentitzea eragiten du. Mendira joaten ohitura osasungarriak eta onuragarriak sustatzen ditugu. Egokia da aisialdia ondo kudeatzeko.

C: Naturarekin harremanetan egoteak irakasten du askotan, eta pedagogikoa da; emozioak kudeatzeko eta klaseko edukiak zuzenean ikusteko.

Nola sortu da proiektuen arteko elkarlana?

A: Worklanean ezagutu ginen. Ekintzaileen proiektuak aurrera eramateko elkartea da. Mahai-ingurua antolatu zuten eta gure proiektuak aurkeztu genituen.

 

Liluratuak geratu ginen Azeriren egitasmoarekin; oso polita da, aniztasun funtzionala duten lagunekin lan egiten dute, guk ere horretan adituak gara, beraz eurekin hitz egin genuen”.

 

Hitzordua finkatu genuen eta hortik aurrera eskolaz kanpoko ekintzetan lan egin dugu edo aholkuak eman txangoetarako, edo udalari proiektuak proposatu dizkiogu...

Zer da Taupa-Taupa?

A: Taupa-Taupa ume eta euren familiei zuzendutako esku hartze psikologiko eta psikopedagogiko zentroa da. Hainbat zerbitzu eskaintzen dugu, hala nola, arreta goiztiarra, esku hartze psikologikoa eta psikopedagogikoa, familientzako laguntza, tailerrak eta haur-masajea.

Taupa-Taupan pertsona bakoitzari hazkunde, ikaskuntza eta dibertsio gunea eskaintzen diogu. Hori lortzeko, teknika psikologikoak eta psikopedagogikoak erabiltzeaz gain, antzerki teknika psikopedagogikoak eta dinamika aktiboak erabiliz gure esku hartzeak aberasten ditugu.

Nola azaltzen duzue zer den psikopedagogia?

C: Psikologia eta pedagogia elkartzen du diziplinak. Trebakuntza jasotzen dugu psikologia eta pedagogiaren aldetik. Ikasketekin arazoak dituztenentzat pedagogia lantzen dugu, baina beste esparruak ahaztu gabe, psikologikoa, alegia.

Norberak ibilbidea egin du ikastetxetan, zentro sozialetan, elkartetan, aholkulari edo orientatzaile moduan, kabinetetan... urte dezente eman ditugu lanean.

C: Orain arte, haurtzaindegietan egon gara garapen ebolutiboa lantzen, haur bakoitzari froga egiten bere garapena zein den jakiteko eta esku hartzean zer nolako beharrak dituen jakiteko; garapena sustatzeko.

A: Gurasoei hitzaldiak ematen dizkiegu, kasuak eramaten ditugu kabinetean, eta guraso eskola sortu dugu. Tailer ugari ematen dugu (jolasa familian, adimen emozionala...) bai eskoletan, bai Taupa-Taupan ere. Gure tailer guztietan trebakuntza eta prebentzioa eskaintzen dugu oro har, baina, aldi berean, ume bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzen ditugu eta esku hartzean gauzatzen dugu.

C: Gure helburua ez da soilik informazioa ematea, adibidez, sare sozialak era osasungarrian erabiltzeko tailerran, erabilera osasuntsua bultzatu nahi dugu.

A: Horretarako umearen beharrak ezagutu behar ditugu. Hori egiten dugu gurasoekin. Erregistro batzuk egiten ditugu euren egunerokotasunean bete ditzaten eta harreman estua dugu.

C: Senideen inplikazioa ezinbestekoa da esku hartze ona lortzeko.

A: Horretan datza gure ezberdintasuna. Familiarekiko inplikazioa erdietsi nahi dugu. Gehienetan lortzen dugu, zaila izan arren.

C: Familiek parte hartzen dute esku hartzetan: jolasten, dinamika aktiboetan... ez saio guztietan, garrantzitsua baita haurra edo nerabearekin bakarrik lan egitea, baina bai batzuetan.

Zertan datza esku hartzea?

A: Esan dugun moduan, Cristina eta biok gure kabuz egon gara lanean eta elkartu gara ikusita, gure eskarmentua dela eta, beste era batean egin nahi ditugula esku hartzeak. Beharra ikusten genuen.

 

Orduan erabaki genuen esku hartze aktibo, dinamikoak eta jolasen bidez gauzatzea. Era horretan haurra edo nerabea motibatuago dago eta tratamendua modu egokiagoan bideratzen dugu”.

 

Esku hartzetan erdietsi behar dugun aldagai garrantzitsuena da motibazioa. Izan ere, konturatu gara umeek ordu asko ematen dituztela eskoletan eta motibaziorik gabe heltzen direla. Hori ikusita, esku hartzeak beste modu batean proposatzea pentsatu genuen.

Horregatik erabiltzen ditugu antzerkigintzako teknikak. Teknika oso dinamikoak dira eta jolasak planteatzen ditugu. Kasu batzuetan helburua da haurrekin lantzen ditugun edukiak mugimenduaren bidez bideratzea, beste batzuetan ordea, fitxen bidez egiten dugu.

Hori bai, aukera izanez gero, beste modu batean egingo dugu jolasen bidez autoestimua eta gizarte gaitasunak lantzeko, adibidez.

Nola heldu zineten antzerkigintzara?

A: Aspaldi egin nahi genuen antzerkia eta hori egin dugu, hain zuzen. Laudion elkartea sortu dugu, Siroko da bere izena eta bi urte eman ditugu taldean.

C: Gure esperientziatik abiatu ginen eta ohiko esku hartzeak oso formalak iruditzen zitzaizkigun. Hori ez da gure filosofia, zerbait dinamikoa eta parte hartzeari irekita nahi genuen.

Horregatik ikertu genuen antzerkigintzan; psikodrama, roll playing, dramatizazioa, antzerki jolasak... Horretarako denbora dexente eman genuen tesiak irakurtzen, formakuntza jasotzen eta gure teknika propioak garatzen eta praktikan jartzen.

 

Helburua ez da antzezlana egitea, baizik eta teknika horiek baliatzea haurren beharrizanei erantzuteko”.

 

Badirudi psikopedagogook eta psikologook oso formalak izan behar dugula eta dibertsioa aipatzen dugunean jendeari arraroa iruditzen zaio. Guk uste dugu dibertsioa ezinbestekoa dela ikasteko. Jakina, dibertsioa ez da jaia, baizik eta emozio positiboak eragitea.

Gure hurrengo proiektuak antzerki inklusiboa (bisita gidatuak antolatzea antzerkiaren bidez) eta Taupada moreak (heziketa ez sexistaren ingurukoa) izango dira.

P: Antzerki inklusiboari dagokionez, zerbitzu hau ez da Euskal herrian ematen baina Andaluzian edo Katalunian aspaldi egiten dute. Bisita gidatuak, aniztasun funtzionala, gor-mutuak edo itsuei zuzenduta eta egokituak daude. Horregatik, guztiek antzerki eta musikaren bidez, historia ezagutzeko eta gozatzeko aukera bera daukate.

Hemen mitologia zabala dugu; Lamiak, Basajaun, Tartalo... asmoa da euskal mitologia antzerkigintzaren bidez ezagutu dezaten.

Falkoneria ere erabiltzen duzue?

P: Bai, Harriseko arranoarekin bi zerbitzu ditugu: batean ingurumen heziketa ematen dugu harraparien bitartez. Ikastetxetara joaten gara eta diapositiben bitartez azalpenak ematen ditugu.

Bestalde, estimulazio kognitiboa daukagu. Horretarako arranoa eramaten dugu, euren eskuetan uzten dugu, ukitu dezaten.

Aintzat hartu behar dugu ikasle batzuek zailtasunak dituztela. Adibidez, behin, batek ez zuen ikusten arranoa nahiz eta bere ondoan hegan egiten zuen. Azkenean eskularrua jantzi genion eta arranoa eskuan jartzea erabaki genuen.

Bat-batean konturatu zen bertan animalia zuela eta bere mundutik ateratzea lortu genuen. Modu horretan bere errutina aldatu genuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide