"Alemaniak gauza oso onak ditu arlo ekonomikoan, baina gabezia asko pertsonen arteko harremanetan"

Erredakzioa 2016ko ira. 19a, 08:27

IGOR ROTAETXE (Laudio, 1976) Alemaniara joan zen ikastera, baina bertan lana topatzeko aukerak zituela ikusita, han eman ditu 4 urte. Hala ere, herria faltan botatzen du eta itzultzea gustatuko litzaioke.

Zer dela eta joan zinen atzerrira lan bila?

Hasiera batean hizkuntza kurtsoa egitera etorri nintzen, 2012. urteko ekainean. Etorri aurretik kurtso pare bat eginda nituen hizkuntza eskolan.

IGOR ROTAETXE (Laudio, 1976) Alemaniara joan zen ikastera, baina bertan lana topatzeko aukerak zituela ikusita, han eman ditu 4 urte. Hala ere, herria faltan botatzen du eta itzultzea gustatuko litzaioke.

Zer dela eta joan zinen atzerrira lan bila?

Hasiera batean hizkuntza kurtsoa egitera etorri nintzen, 2012. urteko ekainean. Etorri aurretik kurtso pare bat eginda nituen hizkuntza eskolan.

Hilabetea egon nintzen ikastaro trinkoa egiten, horren ostean beste hiru hilabetekoa egin nuen eta hiriko bizitza eta ingurunea ezagututa, hona lan bila etortzea eta hizkuntzan aurrera egitea erabaki nuen.

Beraz, maleta hartuta abentura honi ekin nion. Momentu horretatik ia 5 urte igaro egin dira jadanik.

Nolakoa da atzerrian lana bilatzea? Zer zailtasun daude?

Nire esperientzia arlo horretan ez da oso txarra izan, lehen lana aurkitzea ez zen zaila izan, 2012ko martxoaren 21ean iritsi nintzen hirira eta apirilaren 19an lanean hasi nintzen.

Esan beharra dago hemen Alemanian hasieran aldi baterako enpresekin asko lan egiten dela zuzenean enpresarekin kontratu lortu aurretik.

Hori bai, alemaniar hizkuntza menperatzen ez bada zaila oso gerta liteke lana aurkitzea. Hori esango nuke dela betebehar bakarrenetakoa, hizkuntza.

Aldi baterako enpresa batean izena ematea hemen martxan jartzeko aukera errezena da, normalean lana azkar bilatu egiten da, hori bai, gutxiago irabazten da eta lan baldintzak ez dira onenak.

 

"Lana aurkitzea ez da zailena, etxea aurkitzeak arazo eta burukomin handienak sortzen ditu. Hori da arazorik handiena".

 

Lan mailan egoera pribilegiatua dugu hemen. Freiburg Alemaniako hegoaldean kokatuta dago, Suizatik 40 bat kilometrora eta Frantziatik 20 bat kilometrora.

Bavariarekin batera Baden-Württenberg (bertan kokatuta dago Freiburg) da Alemaniako estaturik aberatsenetakoa.

Zein da orain zure lan egoera?Zer nolakoa da zauden tokiko lan egoera?

Nire lan egoera orain ona da, kontratu finkoa eskuratu nuen duela urtebete. Aldi baterako enpresa batekin hasi nintzen, urtebete geroago enpresarekin zuzenean bi urteko kontratua lortu ostean jada kontratu finkoa eskuratu dut.

 

"Lehen aipatu dudan moduan Alemaniako hegoaldeko egoera paregabea da, estatu honetan %4ko langabezi tasa daukagu, duela gutxi Europar batasuneko langabetu kuota gutxien duten 5 lurraldeen zerrenda atera egin zen eta horien artean Baden-Württenberg zegoen".

 

Beraz, lan esparruari dagokionez paregabea da dugun egoera eta hori kalean eta eguneroko bizitzan nabaritzen da.

Badago bertako gobernuaren partetik bertara joandako pertsonentzako laguntzarik? Zer nolakoak dira? Baten bat jaso izan duzu?

Laguntzak egon badaude,baina horiek jaso ahal izateko aurretik lan merkatuaren barruan gutxienez 3 hilabete egon behar da.

Zentzu horretan, Alemaniak laguntza zerbitzu ona duela esango nuke.

Laguntza modu ezberdinak daude. Alde batetik, langabeziako dirua kobratu egiten da lan sailean paper mordoxka bete ostean, burokraziak hemen izugarrizko garrantzia baitauka.

Langabezia diru hori kobratzen uzten denean bestelako laguntza batzuk daude, laguntza hori Hartz IV izena dauka eta alokairu, ur, elektraindarra eta berogailu gastuak ordaintzeko bideratua dago. Horretaz gain, beste 400 euro bestelako gastuetarako jaso ohi dira ere.

Atzerritarrek Alemanian 3 hilabeteren buruan eskatu ditzakete, horiek jasotzeko lan bilaketa aktiboa frogatu behar da.

Horren antzeko laguntza asko dago, Alemaniak ongizate sozialean laguntza pilo ditu, esaterako, alokairua ordaintzeko laguntzak daude jasotzen den soldata oso handia ez denean.

Bitxitasun moduan, adibidez, hilabeteko soldatan Elkartasun errekargu edo zerga dugu, diru hori oraindik ere mendebaldeko Alemania ohia zena osatzen zuten estatuek ekialdekoei ordaindu egiten diote Alemaniako bateratzearen ostean bien artean dauden diferentzia sozialak murriztu nahian.

 

"Ekialdean egoera hemen baino txarragoa da, langabezi maila handiagoa baitute oraindik ere".

 

Nik horrelako laguntzarik ez ditut jaso, lehen esan bezala, aste pare batean lana lortu bainuen.

Laudio faltan botatzen duzu? Baduzu itzultzea buruan? Zeren arabera itzuliko zinateke?

Bai, Laudio egunero faltan botatzen da; familia, lagunak, kaleko giroa... bizitza hemen guztiz ezberdina da. Ez dauka zerikusirik Europako hegoaldeko bizitzarekin.

 

"Alemaniak gauza oso onak ditu arlo ekonomikoan baina pertsonen arteko harremanetan gabezia asko ditu, inprobisazio falta daukate, bizitzako arlo guztiak erabat planifikatuta daude".

 

Atera garen pertsonen kopuru handia itzultzea buruan daukagula uste dut, bizitza kanpoan ez da jende askok pentsatzen duen bezain polita, badaude zentzu horretan okerreko ideia ugari; diru asko irabazi egiten dela eta abar.

 

"Denbora igaro egiten den arabera konplikazio askotxo agertzen dira eta une batzuetan bizitza gogorra egiten da. Konturatu egiten zara hemen bakar bakarrik zaudela, arazo izanda ia bakarrik aurre egin behar diozu, inolako laguntzarik gabe".

 

Zeren arabera itzuli? Lan eskaintza on batekin berehala itzuliko nintzateke.

Nolakoa da atzerrian lan bila aritzea? Zer zailtasun topatu dituzu? Uste zenuen bezalakoa izan da edo ez da izan uste inan zenuen bezalakoa?

Lana aurkitzea ez zen zailena izan, lana azkar samar bilatu egiten da hemen, hori bai, lan hobea bilatzeko asko borrokatu egin behar da, enpresarekin zuzenean kontratu finkoa lortzea ez da hain erreza, baina lor daiteke.

Normalean jendeak mugikortasun handia dauka, hemen lana aldiro aldatzea oso normala da,l an arazorik ez dago. Nire kasuan enpresa pare batean egon ostean beste hirugarren batean eta bi urteko kontratu baten ostean, kontratu finkoa lortu nuen.

Arazoa lan hobea bilatzea da, zentzu horretan, hizkuntza ezinbestekoa da, profesionalki hobera joateko hizkuntzan derrigorrez aurrerapenak egin behar dira.

Banekien gauzak hemen errazak izango ez zirela, lana bilatutakoan etxebizitza bilatu behar da eta hori da gauza zailenetakoa, alokairuaren kultura guztiz hedatuta dago.

Biztanleriaren ehuneko handia alokairua erabiltzen du, honako hau hiri unibertsitarioa da, beraz, ikasle asko dago. Jende ugari pisu baten bila aritzen da, baina zoritxarrez ez dago jende guztiarentzako adina etxe.

Bukatzeko, atzerrian bizitzea eta lanean aritzea oso esperientzia ona dela uste dut, batzuetan nahi baino zailtasun gehiago dago, baina, hala ere, bizipen ona dela deritzot.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide