“Muga asko gure buruetan baino ez daudela konturatu ginen ikuskizuna sortzean”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abu. 7a, 13:21

Quebradas e imperfectas dantza ikuskizuna aurkeztuko dute IÑIGO MARTINEZ SAGASTIZABAL (Laudio, 1976) eta DAVINIA DESCALS PIÑAk (Manresa, 1986) Laudioko Jaietako Txosnagunean, abuztuaren 26an.

Bata Laudiokoa eta bestea Manresakoa izanda, nola batu zineten proiektu hau egiteko?

Quebradas e imperfectas dantza ikuskizuna aurkeztuko dute IÑIGO MARTINEZ SAGASTIZABAL (Laudio, 1976) DAVINIA DESCALS PIÑAk (Manresa, 1986) Laudioko Jaietako Txosnagunean, abuztuaren 26an.

Bata Laudiokoa eta bestea Manresakoa izanda, nola batu zineten proiektu hau egiteko?

Iñigo: Ni Bartzelonara joan nintzen azaroan, aniztasun funtzionala duen jendearen dantza eta artean gehiago sakontzeko asmoz. Bertan badago tailer bat, astelehenetan egiten dena, La Caldera izenekoa. Bertan ezagutu genuen elkar.

Davinia: Ni dantzari profesionala naiz, eta ordura arte inoiz ez nuen aniztasun funtzionala duen jendearekin dantzatu. La Calderako klaseetara nindoan ni ere, eta Jordi Cortesen klaseen kartel batekin egiten nuen topo beti. Dantza inklusiboa lantzen zuen berak. Horrelako klase batera joateko gogoak piztu zitzaizkidan. Bertan egin genuen topo, eta harreman ona garatu genuen hasieratik. Lagun baten etxean topo egin genuen gero.

Iñigo: Nik tailerretan egiten nuen dantza, baina aurrerapauso gehiago eman nahi nituen, dantza-bikote bat sortuaz. Daviniarekin hasieratik oso harreman ona izan nuenez ideia proposatu nion, eta berak baietz. Urtarrilean izan zen hori.

Zazpi hilabete eskas daramazue proiektuarekin, beraz.

Davinia: Beno, ez zen zehazki horrela izan. Iñigok esan zidan noizbait gustatuko litzaiokeela nirekin zerbait egitea. Segituan hastera animatu nuen nik. Esan nion ez ziola axola zenbat denbora zeraman dantzatzen. Ni ere hasiberria nintzen aniztasun funtzionala duten pertsonen dantzan.

 

“Iñigok nik baino denbora gehiago zeraman aniztasun funtzionala duten pertsonekin dantzatzen. Bientzako zen berria”

 

Gogoak genituen, eta martxan jartzea erabaki genuen. Baina denbora nahikotxo pasatu zen hori esan genuen unetik benetan abian jarri ginen momentura arte. Lauzpabost hilabete daramatzagu entseatzen.

Aurretik asko landu genuen zer taularatu. Lehen entseguak oso esperimentalak izan ziren, hainbat gauza ikertzera bideratutakoak. Ikastaroan ikasitako hainbat kontu eramaten nituen entsegutara, bertan probatzeko.

Iñigo: Hiru aste edo eman genituen elkar-ezagutzan.

Davinia: Beno, oraindik gabiltza elkar ezagutzen, elkar ezagutzen egongo gara hil arte (barreak). Beti harritzen gara.

 

“Beti jartzen diogu mugak gure buruari eta gero ikusten dugu muga horietako asko gure buruetan baino ez daudela”

 

Barrerak apurtu behar ditugu, eta uretara salto egin.

Lau hilabete horietan sortu duzue “Quebradas e imperfectas” ikuskizuna.

Iñigo: Nire aniztasunaren inguruan aritzea proposatu nion Daviniari.

 

“Kristalezko hezurren gaixotasuna dut nik. Nire bizitza jorratzen da ikuskizunean. Gurpildun aulkiarekin edota minarekin dudan harremana... denetarik apur bat”

 

Mugimendua eta antzerki apur bat erabilita egiten dugu hori.

Davinia: Jendartearekin garatzen duzun harremana ere lantzen du ikuskizunak. Jendarteak nola tratatzen zaituen, zurekiko dagoen gehiegizko babesa... Ikuskizunak adierazten du baita zuk ere besteak zaindu ditzakezula, aniztasun funtzionala izan arren.

Iñigo: Pieza laburra da Laudion aurkeztuko duguna, baina badugu 45 minutuko bat garatzeko asmoa, honako hau abiapuntu moduan hartuta, osatuagoa eta sakonagoa izango litzatekeena.

Davinia: Bi bertsioak izan nahi ditugu, luzea eta laburra. Lehiaketetan aurkezteko egokiago da laburra izatea, jaialdi askotan gehienezko denbora bat ezartzen dutelako. Baina luzeago bat ere garatu nahi dugu, askoz sakonagoa izango litzatekeena. Horrela iraupen luzeko lan bat ere izango genuke, antzerki aretoetan aurkezteko modukoa.

Bertsio luze hori lantzen gabiltza orain. Urtebete inguru beharko dugu horretarako, kontuan hartuta txikia egiteko (15 minutukoa) hiru hilabete behar izan ditugula.

Laudiokoa ez da lotua duzuen emanaldi bakarra, ez?

Iñigo: Balentziako “10 sentidos” jaialdian egon gara. Ez genuen saririk jaso, baina epaimahaiaren aipamen berezia jaso genuen. Oso berezia izan zen.

Hurrengo egunean Madrilera joan ginen, aniztasun funtzionala zuen mutiko baten omenez egiten den lehiaketa batean parte hartzera. Mutiko horren gurasoek antolatzen dute. Lehen saria lortu genuen bertan, dantzaren kategorian.

Davinia: Aniztasun funtzionala duen jende gaztearen inklusioan lan egiten du lehiaketa horrek, artearen bidez. Julio Sancristanen omenez egiten da jaialdia. Zineman aritzen zen bera, eta zinemagilea izan nahi zuen.

“Gira meditarrea” jaialdian ere hautatu berri gaituzte. Oso prestigioduna da, urte asko daramatza martxan. Ez dakigu ezta nola ezagutu gaituzten ere. E-mail asko bidali ditugu lehiaketa, jaialdi eta topaketetara, baina horretara ez dugu ezer bidali. Asko poztu gaitu jaialdi horretarako hautatuak izateak. Urrian dantzatuko dugu bertan.

Harrera ona izaten ari zarete, beraz.

Davinia: Jende profesional zein ez-profesionalak esaten digu apustu interesgarri bat egin dugula, oso apurtzaile, berritzaile eta arriskatua.

Iñigo: Badago baita asko hunkitu egiten den jendea...

Davinia: Bai. Emanaldi guztietan hunkitzen da norbait. Oso gauza handia da hori.

Iñigo: Badago ere ulertzen ez duen jendea...

Davinia: Bai, horrelakoak beti daude (barreak)

Iñigo: Gurea ez da ikuskizun bat zeinetan bi pertsona azaltzen diren musika harmoniatsu baten erritmora dantzatzen. Zerbait emozionalagoa bilatzen dugu, mezu gehiagorekin. Ez dugu jendeak ulertzea bilatzen, sentimendu eta mezu bat adieraztea baizik.

 

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide