“Nekeza da kale-saltzaile gisa aritzea, baina horretarako unerik onena da jaia”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko uzt. 28a, 09:14

PAPA MBAYEk (Touba, Senegal, 1985) hamar urte baino gehiago daramatza Laudion kale-saltzaile gisa lan egiten. Laudioko Jaietan izaten du lan gehien. Bere ogibidearen inguruan mintzatu da.

PAPA MBAYEk (Touba, Senegal, 1985) hamar urte baino gehiago daramatza Laudion kale-saltzaile gisa lan egiten. Laudioko Jaietan izaten du lan gehien. Bere ogibidearen inguruan mintzatu da.

Laudioko Jaietan ohikoan baino lan gehiago izango duzu, ez?

Bai, jaietan askoz lan gehiago egin behar izaten dut. Festa egotea ez egotea baino hobeto datorkit. Jaien araberakoa da, hala ere. Laudioko Jaiak oso gogoko ditut, beste toki batzuetakoak baino gehiago.

 

Jai giroan jendea alaiago eta irekiago dago, eta gehiago saltzea ahalbidetzen du horrek. Zentzu horretan, niretzako Euskadiko jairik onenak dira Laudiokoak”

 

Jai gehiagotara zoaz?

Bai, batzuetan banoa beste festa batzuetara, Amurriora, Arrigorriagara, Orozkora edo Arrankudiagara, adibidez.

Aste Nagusian ere egiten dut lan. Laudion lehen asteburuan nago, eta Bilbora noa bigarrenean. Lan gehiago egiten dugu, eta irabazi ere. Europan bizi garen afrikarrok udan neguan baino diru gehiago irabazten dugu. Jendea kalean dago, oporretan edo bidaian, eta poztasun handiagoarekin.

Eta lanak jaiez gozatzeko denbora librerik uzten dizu?

Ez. Eguerdiko ordu-batak aldera iristen naiz Laudiora eta egun osoa pasatzen dut lanean, gaueko hamarrak edo hamaikak arte. Jaietan nekezagoa izaten da, baina festa giroan jendea lasaiago dago, eta patxadaz hitz egin dezakezu.

 

Horrenbeste denbora igarotzen dut jendearekin hitz egiten ezen ahotsa galtzen baitut etxera iristen naizenerako”

 

Horretan datza zure ogibidearen zati handi bat: jendearekin hitz egitean.

Bai, hemengo jendea oso abegikorra da gainera. Jatorrak dira laudioarrak. Erosi edo ez, asko dira hitz egiten geratzen direnak.

Zein da Laudioko Jaietako zure unerik gogokoena?

Txupinazoa da dagoen unerik onena. Jende guztia dago pozik, haur zein helduak. Hori da nire egunik gogokoena, Odoloste Egunarekin batera.

Zu Laudion bizi zara?

Ez, Bilbon bizi naiz. Baina Laudiora nator lan egitera, duela hamar urtetik. Beste herri batzuetan ere egon naiz, baina hemen gehiago irabazten dut.

Eta nola iritsi zinen Bilbora?

Senegaletik Parisera joan nintzen lehenbizi. Astebete eman nuen Frantzian, eta Euskal Herrira etorri nintzen gero. Aste Nagusiaren inguruan zerbait entzuna nuen. Badut laguna urte asko zeramatzana Bilbon bizitzen, eta bere etxera gonbidatu ninduen.

Hizkuntza ikasi behar izan zenuen orduan.

Oso gogorra egin zitzaidan gaztelera ikastea. Hemen asko nabaritzen da gazteleraz ondo moldatzen zaren edo ez. Oso hizkera azkarra duen hizkuntza da, eta ondo ulertzen ez baduzu erraz nahasi zaitezke.

Eta euskara?

Gustatzen zait, baina ez dakit euskaraz hitz egiten. Baina zer edo zer ulertzen dut (barreak).

Nola hasi zinen kale-saltzaile moduan lan egiten?

Hemen hasi nintzen. Senegalen beste lanbide batzuk izan nituen.

 

Hona etortzean ez nuen lanik ez ezer. Lagun batek irakatsi zidan herrietatik saltzen. Amurrion, Arrigorriagan, Sestaon, Algortan eta Bilbo inguruko beste hainbat tokitan ibiliaz ikasi nuen ofizioa”

 

Herrietako jendea ezagutzen hasi nintzen orduan. Probatzen eta probatzen egon nintzen, Laudiora iritsi nintzen arte. Hemen beste tokitan baino gehiago saltzen dut, horregatik nago hemen, batez ere.

Zergatik saltzen duzu gehiago Laudion?

Ez dakit zorte kontua ote den. Jendea jatorragoa eta hizlariagoa da hemen. Hemengo jendeak asko maite nau. Horregatik izango da. Zailagoa da inork ezagutzen ez zaituen toki batean saltzea. Horregatik nahiago dut hemen egon beste herri handiago batean baino.

Apurka-apurka joan naiz jendea ezagutzen. Ezagutzen dudan pertsona bat topatzen badut berarekin hitz egiten geratzen naiz, eta horrela bere lagunak ere ezagutzen ditut. Ia-ia herri osoa ezagutu dut horrela.

Senegalera itzultzen zara noizbehinka, ez?

Bai, batzuetan itzuli egiten naiz, bertan bizpahiru hilabete igarotzeko, atseden hartzen eta indarrak berreskuratzen.


Ezin zara uneoro kale-saltzaile gisa aritu. Deskantsatu beharra dago gero lanera berriz gogotsu bueltatzeko. Horregatik itzultzen naiz Afrikara, ahal dudanean”


Neguan joaten naiz normalean, urtarril-otsaila partean, hemen euria egiten duenean. Jendea gutxiago irteten da kalera data horietan, eta nik oporrak hartzeko aprobetxatzen dut. Senegalen deskantsatu eta hurrengo udan saltzeko produktu berrietan pentsatzen hasten naiz.

Jaietan gauza bitxi ugari saltzen dituzu. Zer da gehien saltzen dena?


Duela zenbait urte kapelak, betaurrekoak edota argidun eraztunak ziren gehien saltzen ziren produktuak, mozkor doan jendearen artean bereziki”


Zapiak eta eskumuturrekoak ere ongi saltzen dira. Iaz Euskadiren eskumuterreko asko saldu genituen. Bilboko baldosaren ikurra ere asko saltzen da. Urte ona izan zen iazkoa. Aurten gauza berriak egongo dira.

A bai? Aurtengo jaietako tresna edo mozorro izarra zein izango den aurreratzerik bai?

(Barreak) Laudioko Jaiak une ona dira salmentetarako. Hemen edozein produktu saldu daiteke ondo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide