“Lanbide gogorra da etxe barneko langilearena, asko inplikatzen zara emozionalki”

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko uzt. 7a, 14:23

IVANETH RODRIGUES MENDES (Brasil, 1977) 8 urtez ibili da etxeko zaintzaile lanetan. 5 emakumerekin egin du lan, barne zein kanpoko zaintzaile gisa. Zaintza lanei buruzko erreportajearen parte da elkarrizketa.

IVANETH RODRIGUES MENDES (Brasil, 1977) 8 urtez ibili da etxeko zaintzaile lanetan. 5 emakumerekin egin du lan, barne zein kanpoko zaintzaile gisa. Zaintza lanei buruzko erreportajearen parte da elkarrizketa.

Nola hasi zinen nagusien zaintza lanetan?

Bizkaira etorri nintzen bizitzera. Hemen taberna batean lan egiten nengoela ezagutu nuen bere ama zaintzeko emakume bat behar zuen pertsona, oso gaixorik baitzegoen.

Taberna utzi eta goizero bere etxera joaten hasi nintzen, astelehenik ostiralera. Oso gutxi hitz egiten nuen gazteleraz, baina oso ondo ulertzen genuen elkar.

 

“Erizaintza laguntzaile izateko ikasketak eginak nituen Brasilen eta banekien nola lan egin”

Oso denbora gutxi egon nintzen berarekin, oso gaixorik baitzegoen. Ondoren senide batek Laudiora joatea proposatu zidan, Carmentxu Aspururekin etxe barneko langile moduan aritzeko.

Sekulako emakumea iruditu zitzaidan, aulki batean bizi zen arren eta osasun arazoak zituen arren. Oso jatorra zen. Urte asko igaro nituen berarekin.

Zeintzuk ziren zure lan baldintzak etxe barneko langile gisa?

Igande gauetik larunbat eguerdira arte nengoen Carmentxurekin. Astean zehar seme-alabak etorri ohi ziren, gaua etxean igarotzera. Orduan nik ez nuen bertan egon beharrik, baina geratu ohi nintzen, beti geunden elkarrekin.

Nik bi ordu libre nituen goizetan, udaleko neska etortzen zenean. Denbora tarte hori baliatzen nuen Helduentzako Ikastetxe Publikora joateko eta ikasteko. Oporrak eta egun  libreak nituen baita, oso lan baldintza onak.

Zertan zetzan zure ogibidea?

Bere behar guztiei so egotera. Etxea garbitzen nuen, bere medikazioa kontrolatzen nuen, bazkaria egiten nion. Baina berak gauza asko egiten laguntzen zidan!

Nik bera partaide izatea nahi nuen, aktibo egon zedin. Oso momentu onak pasatu genituen elkarrekin. Dantzatu eta guzti egiten genuen, lapikoak sutan zeuden bitartean. Asko joaten ginen paseoan eta, eguraldi txarra egiten zuenean, kartetan jokatzen genuen.

Denbora gutxi behar izan nuen etxeko zaintzaile sentitzeari utzi eta alaba bat izango banintz bezala sentitzeko, oso maitatua sentitzen nintzen. Asko besarkatzen zidan eta konfiantza asko genuen elkarrekin.

Adibidez, berak asma arazoak zituen, eta arnasteko zailtasunak zituenean berarekin etzaten nintzen eta besarkatu egiten nuen, beroa eta lasaitasuna emateko. Seguruago sentitzen zen horrela, eta lasaitu egiten zen.

Konfiantza asko izan behar da horretarako. Oso gustura nengoen. Konexio ona genuen. Beste lan batzuk topatu nituenean ere bisitak egiten jarraitu nuen.

Bazenuen trebakuntzarik zaintzaile gisa?

Bai, Erizain laguntzaile izateko ikasketak egin nituen Brasilen. Merkataritza enpresa batean lan egiten nuen arren, osasun sistema oso eskasa da bertan.

Horregatik, beti saiatzen nintzen jendeari laguntzen, boluntario gisa, eta horrek balio izan zidan esperientzia pilatzeko eta hemen nire lana ondo egiteko.

Zer nolako harremana zenuen familiarekin?

Oso zorteduntzat dut nire burua. Familiekin izan dudan harremana beti izan da ederra, bai Bizkaiko familiekin eta baita Laudioko Ibarretxe eta Ortegatarrekin ere.

Biziki eskertzen dut eman didaten laguntza, eta oraindik ere oso harreman ona mantentzen dut guztiekin. Primerako jendea da, oso maitatua sentiarazi zidaten, ni hemen bakarrik nengoenean, seniderik gabe. Eta nire familia izango bailiran tratatzen ditut orain.

Zaintza lanen munduan emakumeak dira nagusi.

Bai, kasu asko ezagutzen dut. Nik uste dut hala dela pertsona nagusiek nahiago dutelako emakumezkoak izatea zainduko dietenak, tradizioagatik, gizon batengatik zainduak izatean lotsa sentitu dezaketelako.


“Pertsona nagusiak zaindu izan dituzten bi gizonezko ezagutzen ditut, baina gizonezkoak zaintzen zituzten”



Nik noizbait galdetu izan diet zaindu izan ditudan emakumeei ea ez luketen nahiago gizonezko batengatik zainduak izatea, eurak altxatzerako orduan indar gehiago izan dezaketelako.

Eurek ere uste dute agian ondo egon litekeela hala izatea, baina lotsa ematen die. Zaindu dudan pertsonetakoren bati lotsa ematen baitzion ni ez beste emakume bategatik zaindua izatea.  

Noiz erabaki zenuen lan hori egiteari uztea?

Menpekotasun asko zuen neska gazteago batekin aritu izan nintzen Laudion. Baina bukatu nuenean erabaki nuen ez nintzela beste inorekin barneko langile moduan arituko, oso lanbide gogorra delako.



“Asko inplikatzen zara emozionalki eta oso gaizki pasatzen duzu, denok dakigulako hil egingo garela, baina ez dakigu ez eguna, ezta ordua ere. Oso gogorra da”

Oraindik hunkitzen naiz zaindu ditudan pertsonez oroitzean.

Ekarpenik egin al dizu lan horrek?

Zaindu ditudan emakume guztiak oso pertsona garrantzitsuak bilakatu dira nire bizitzan, asko hazi naiz eurekin harremana egitean.

 

"Ogibide gogorra da, baina baita oso atsegina ere".

 

Faltan botatzen ditut, zaintzaile moduan zuk ere eurekin zure bizitza konpartitzen duzulako. Hemen bakarrik nago eta faltan botatzen dut nire jendea, eta emakume hauek eta euren familiek ere eskaintzen didate euren arreta eta maitasuna. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide