"Etorri berri baten eta hemengo pertsona baten arteko 'ezinezko maitasun' istorioa kontatzen du antzezlanak"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 15a, 00:00

NEREA IGLESIAS LILIk (Laudio, 1996) "OFELIA, maite zaitut" antzezlana prestatu du EHUko antzerki laborategiko beste kide batzuekin batera. Etorri berri baten istorioa kontatzen du obrak, eta hainbat disziplina uztartzen ditu: txotxongiloak, zuzeneko musika... Hasi dira lana herriz herri aurkezten, eta uztailean Argentinara joateko asmoa dute. 

Nola amaitzen du psikologiako ikasle batek hainbat diziplina jorratzen dituen antzerki obra bat herriz herri aurkezten?
Kontserbatorioko gradua eta batxilerra bukatu eta Donostian psikologia ikasteko bidaia hasi nuen. Orduan, iraileko egun eguzkitsu batean Campusetik ibiltzen nindoala, irakurri nuen: “EHUko UT, Unibertsitateko antzerki laborategia” eta une horretan, duela urtebete, antzerkia egitea planteatu nion nire buruari. Izan ere, betidanik izan dudan nahia izan da. Gainera, artearekin kontaktuan jarraitzeko beharra sentitzen nuen eta horrela aukera ikusi nuen artearen baitan dagoen antzerkiaren mundu sakon hori ezagutzeko.

Izena eman eta urte bat aritu nintzen antzerkiko tailerrean. Asko ikasteko aukera eman zidan, bai antzerkiaz, bai nire buruaz, gorputzaz, emozioez... Antzerkian, urte horretan eta aurtengoan noski, aukerak anitzak izan dira. Antzerki bat prestatzetik happenig bat egitera, slacklina praktikatzen duten kideekin elkarbanatzetik gorputz lanketa bat egitera, inprobisatzetik beste abar luze batera.

 

"Kurtsoa bukatu eta udan irakasleak proiektu batean parte hartzea proposatu zidan, eta baietza eman nuen. Lanean hasi ginen eta zuzendariak bakoitzaren trebeziak ikusita gaur egungo 'OFELIA maite zaitut' sortu dugu"

 

Misterio bat da bizitzan irekitzen zaizkigun ate batzuk non izan dezaketen helmuga, baina misterio ezin politagoa da hori. Nire ustez, ez da gehiegi pentsatu behar dituzun gaitasunen inguruan, baizik eta hauek probatzen hasi eta gozatzen baduzu, aurrera, praktikaren bitartez garatzera. Gainera, inoiz ez da berandu diziplina batez gozatzeko.

Zentzu horretan, Maite zuzendariari eskerrak eman nahi dizkiot. Izan ere, berak aukera eman dit nagoen lekuan egoteko eta gizaki zein antzerkilari bezala garatzeko. Gainera, itzela da bere lan egiteko modua: kaleko gizaki batengan konfiantza jartzea eta norbanako baten trebezi guztiak puntu gorenera arte garatzeko nahia izatea eta hori lortzeko, lanketa bat bultzatzea.

Antzezlanean kide dudan Santirekiko esan behar dut esperientzia handia duen profesionala dela eta txotxongiloen mundua sentitzen hasteko eta hauek maneiatzen ikasteko aukera eman didala. Azken finean, talde bat gara eta uneoro bata besteaz ikasten dugu. Gainera, hasiera zaila izan zuen proiektuak, baina esfortzu eta lanarekin, bere fruituak ekarri ditu.

Eskerrak baita Mieli, bere denbora eta esfortzua jartzeagatik, pianoarentzat kutxa eder bat eraikitzeko. Argi, soinu… teknikaria izan den Changiri ere eskerrak, antzerkiak behar duen argitasun maila egokia lortzeagatik (beste gauza askoren artean). Eta azkenik, nola ez, Unibertsitateko antzerki laborategiari eskerrak, laborategi hori gabe ez baitirateke existituko ez proiektua ez eta antzerkilari bezala hasi dudan ibilbidea (edo behintzat ez litzateke izango orain izaten ari den bezalakoa).

Etorri berri baten istorioa kontatzen du antzezlanak.
Maite zuzendariak  pasaden urtean proposatu zion Santiri Unibertsitateko antzerki laborategiarekin lanean aritzea, helduentzako antzezlan bat prestatzeko. Antzerki hori klaseetan ikasle bakoitzak egindako inprobisazioek osatu zuten. Behin helduentzako antzeztuta,  publiko familiarrarentzat moldatzea bururatu zitzaien Maite eta Santiri. Horrela jaio zen gaur egungo “OFELIA maite zaitut” lana. Pertsonalki,  helduentzako pasaden urtean landu izana,  pertsonai bakoitzaren izaera barneratzen lagundu dit. Hala ere, helduentzako antzezlana eta eremu familiarrarentzako bertsioa guztiz ezberdinak dira. Ondoren,  2015ko abuztuan hasi ginen lanean eta esfortzu zein lan handiz, egungo “OFELIA maite zaitut” sortu dugu.

 

Antzerkia hezkuntzara nahiko bideratuta dago, izan ere, etorkin baten eta hemengo pertsona baten arteko 'ezinezko maitasun' istorioa da antzezlanaren mamia"

 

Bien artean sortzen diren iskanbilak agertuko dira, antzerkiko elementuekin jolasten adieraziko direnak (musika, maskara, marrazkiak...). Iskanbilak zergatik? Ingurukoek zein norbanakoek kontraste kulturalarekiko beldurra daukatelako, eta horrek jarrera jeloskor zein mesfidatiak sortzen dituelako. Kasu honetan, “inguruneko pertsonaia horiek”  Charly eta Mar izango dira. Etorkina Ofelia da, eta Sos bere lagun berezia. Azkenik, Nerea narratzailea dago, une batzuetan Santiren laguntza jasotzen duena narrazioa aurrera eramateko. Istorio guztia txotxongiloen parkean kokatzen da.

 

"Hala ere, antzerkia ematen dugun emanaldi bakoitzarekin hazten da, eta detaile txikiak gehitzen joaten dira"

 

Gainera, uste dugu gaur egungo immigrazio egoerari erreparatuta, gai hau lantzea eta ulertzea beharrezkoa dela.

Egongo da txotxongiloak azaltzeagatik umeentzako antzezlan baten aurrean gaudela pentsatuko duenik. Hala da?
Liteke baietz, liteke ezetz. Izan ere, gazteekin probatu dugu, eta ematen duenez  gustatzen zaie. Unibertsitateko ikasleentzat antzeztu genuenean, beraien gustukoa izan zen. Azken finean, danok gara ume helduak. Beti egongo da gustatzen zaion gazteren bat eta baita  gustatzen ez zaionen bat ere, umeentzako bakarrik jo dezakeena. Munduan iritzi zein pertsonen dibertsitatea beharrezkoa da.

 

"Txotxongiloak, kokatzen dituzun testuinguruen arabera, ez dira beti umeentzat, txotxongiloak berak testuinguru gabe ez du ezer adierazten, lanak bere osotasunean sortzen duen horretan dago mamia"

 

Beraz, printzipioz, umeei eta familiei zuzendurik sortu egin duguna, gazte eta nagusientzat ireki egin da, proiektua aberatsagoa bilakatuaz. Ume zein gazteei eta, azkenen finean, antzerkiaz  (50- 55 minutuko iraupenarekin) gozatu nahi duen edonori irekia dago.

Baina txotxongiloak ez dira obrako protagonista bakarrak, ez?
Antzezlan honetan, txotxongiloez gain, beste elementu asko daude.

 

"Hasteko, Santi armonika zein ukelele jolea da eta ni piano jolea. Horrek aukera ematen digu borroka musikalak egin eta, istorioari  gure musiken estiloen batura emanez, klimax bat sortzeko. Eszena batean beatbox estilo musikala jorratzen dugu baita"

 

Horretaz gain,  txotxongilo bakoitzak maskara bat du, guk erabiltzen ditugunak. Santiren marrazkiak eta bere kantu ederrak agertzen dira, baita  ahotsen jokoak ere, pertsonai bakoitzaren ahotsa lortzeko. Tira… elementu zein bitxikeria gehiago ezagutu nahi badituzue, ‘txotxongiloen parkera’ gerturatu beharko zarete!

Non aurkeztu duzue obra eta non aurkeztea duzue aurreikusia?
Unera arte, Bilboko Punto de fuga aretoan , EHUko Donostiako Auditorioan (bi aldiz), Donostiako Loiolako Kultur Etxean eta Bergarako Zabalotegi Aretoan aurkeztu dugu. Eta orain Donostiako Kontadores Gazte Zentroan aritu gara.

Horretaz aparte, duela gutxi, euskaraz egiten dugun antzezlan hau erdaratu egin dugu, beste herrialde batzuetan antzezteko aukera irekitzen.

 

"Gure eszenografia garraiatzeko arazoak konponduta Argentinan ere izango gara datorren uztailean, eta nor daki bidean ireki ahal zaizkigun beste aukera batzuk"



Hala ere, facebooken “Haur TEATRO Infatil” orrian gure bidea jarraitzeko aukera duzue, edo zehaztasun gehiago nahi badituzue, www.agerreteatroa.com web-gunea kontsultatu edo nirekin, nereailili@gmail.com kontaktuan jarri zaitezkete.

Aiaraldean aurkeztea aurreikusi duzue?
Noski baietz! Izan ere, ni laudioarra, aiaraldekoa naiz eta herriko haur, gazte, heldu zein zaharrekin gure antzezlana elkarbanatzeko aukera izugarria izango litzateke.

Hala ere, Laudioko Udaletxeak Gabonetan antzezteko aukera eman zigula aipatu behar dut baina, faktore batzuk zirela eta, ez zen posible izan. Dena den, hurrengoko baten posible izatea desiratzen dut.

 

"Laudion antzezteaz gain, uste dut Aiaraldean zehar, herriz- herri antzeztea guztiz polita, dibertigarria zein esperientzia asebetegarria izango litzatekeela"

 

Inguruko pertsonak antzerkian egiten duguna ezagutu eta antzerkiaren bidez bidali nahi dugun mezua jaso dezaten.

Antzerki obra horretaz gain, baduzu bestelako proiekturik martxan?
“OFELIA maite zaitut” lanaren erdarazko eta euskarazko bertsioez gain, beste proiektu bat ere badut: “FRONTOIA, begiz eta hotsez”, Azkoitiko Oteizaren Frontoian eginikoa Donostia 2016 BIDEA programarako, Unibertsitateko antzerki laborategiaren bitartez.


"Nire kabuz, txori bat eraikitzeko bidea hasi dut, gero herriz herriz bere hegalak hegan egitera ateratzeko asmoarekin. Gero, herriko bi lagunekin antzezlan txiki bat sortu genuen  Amurrioko Gaztetxean"

Apirilaren 15ean Laudion izango gara, guk idatzitako antzezlan berdinarekin edo inspirazioa etortzen bazaigu, berri batekin.

Bukatzeko, antzerkiaren ibilbidea hasi berri egin da, nork daki ailegatu daitezkeen proiektuak zeintzuk izango diren. Baina, tira... oraindik bidea luzea da, antzerkiaz eta bere magiaz gozatzen jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide