“Laudioarren babes nahikoa jasoz gero prest gaude herri kontsulta abiarazteko”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 14a, 00:00

Utxi Garcia Mujika (Donostia, 1962), Maider Urtaran Laresgoiti (Laudio, 1993) eta Kepa Barañano Aldekoa (Laudio, 1959) Gure Esku Dago mugimenduaren Laudioko taldeko partaideak dira. Dolumin Barikuan egingo dituzten ekimenen inguruan mintzatu dira.

Dolumin Barikurako ekimen bat prestatu duzue Laudioko Gure Esku Dago-ko kideek. Zertan datza?

Utxi Garcia Mujika (Donostia, 1962), Maider Urtaran Laresgoiti (Laudio, 1993) eta Kepa Barañano Aldekoa (Laudio, 1959) Gure Esku Dago mugimenduaren Laudioko taldeko partaideak dira. Dolumin Barikuan egingo dituzten ekimenen inguruan mintzatu dira.

Dolumin Barikurako ekimen bat prestatu duzue Laudioko Gure Esku Dago-ko kideek. Zertan datza?

Barañano: Urteko plangintzaren baitan kokatzen den ekintza bat izango da. Lehenbiziko urrats bat bezala kontsideratu daiteke, bi egunetan egitekoa: Dolumin Barikuan ekitaldi nagusia egingo dugu. Kandelazko mosaiko bat osatu nahi dugu. Martxoaren 17an, berriz, hitzaldi bat egongo da, gure iritziz oso ekitaldi garrantzitsua izango dena. Hitzaldi horretan beste herri batzuetan egondako esperientzien berri jasoko dugu, Arrankudiaga-Zolloko eta Dimako kideen eskutik.

Bi ekintza horiek izango dira lehen urratsa, baina urtean zehar badugu beste batzuk egiteko asmoa, bai hemen eta baita Euskal Herri osoan ere.

Zertan datza “kandelazko mosaikoaren ekimena”?

Garcia: Orozko edota Larrabetzu bezalako herrietan egin izan dituzte horrelako ekimenak. Kriseiluaren ekimena herri guztietan egitea zen asmoa, baina eguraldi txarra dela eta ezin izan genuen aurrera atera. Hori dela eta, ekintza hori beste era batean planteatzea pentsatu zen.

Ekintza horiek guztiak “Eskura” prozesuaren baitan kokatzen dira. Prozesu horrek zenbait pauso planteatzen ditu hemendik eta 2018ra bitartean. Hiru fasetan banatzen da: Lehengoa, “Adierazpenaren fasea”. Hor kokatzen da orain egiten gabiltzan ekimena. “Itunaren fasea” izango da bigarrena, galdera adostea helburu izango duena. Hirugarren fasea, berriz, ahalik eta herri gehienetan kontsultak prestatu eta egitean zentratuko da.

Zer asmo dituzue aipatutako hurrengo faseei begira?

Urtaran: Printzipioz, Gure Esku Dago-k maila nazionalean planteatzen duen azken fasea da erabakitzearena. Orduan emango du jendeak bere erabakiaren berri, botoaren bitartez. Nik uste dut horretara joan behar garela, azken finean.

Barañano: Hori izan behar dugu helburu. Baina aurretik beste pauso batzuk eman behar ditugu.

Badugu Laudion jendarte-ikerketa bat egiteko asmoa, jakiteko jendeak zer nolako iritzia duen honetaz guzti honetaz.

Laudion herri galdeketa egiteko asmoa duzue?

Barañano: Galdeketarena epe luzeago baterako helburu moduan utzi beharko dugu, momentuz.

Garcia: Gure Esku Dago-ren helburua, azken finean, kontsultak gauzatzea da. Laudioko taldean planteamendu bat egin dugu horretarako, hiru fasetan banatua.

Ekainaren 3 era 4an adierazpen egunak egingo dira, babes minimo bat lortzeari begira. Arestian aipatutako jendarte-galdetegi hori egiteko asmoa dago gero, babes soziala biltzen hasteko. Galdetegi horren emaitzen arabera hasiko gara lan egiten. Herri honetan babes sozial nahiko dagoela ikusten badugu eta jendea pausoa emateko prest badago, gu prest gaude aurrera jotzeko.

Urtaran: Azken finean, herritarrei galdera planteatu aurretik, hazia erein behar da. Kontzientzia lantzen hasi behar gara. Jendartean (eta Laudion zehazki) gai honen inguruan zer pertzepzio dagoen jakin behar dugu lehenbizi.

Gure Esku Dago-k bi ekimen nazional antolatu ditu azken urteetan (giza katea eta hautestontziaren ehuntzea) aiaraldearren partetik harrera zabala izan dutenak. Nola dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua gaur egun? Osasuntsu dago?

Barañano: Nik behintzat mugimendua epel dagoela esango nuke. Giza katea antolatu zenean jende asko animatu eta parte hartu zuen. Baina orduz geroztik hoztu egin da pixka bat giroa.

Orain jendea berriz animatzea dagokigu. Berotu egin behar dugu berriro giroa, ez baita izango egun bateko kontua.

Hau luzerako doan prozesu bat da eta hasieratik amaitu arte egon beharra dago, eta egin beharra dago, batez ere. Horretarako dira, funtsean, Dolumin Barikuaren bueltako ekimenak: jendea berriz pizteko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide