"Alfonso XIII. Erregea, Urquijo Markesa eta Alejandro Lerroux agertzen dira Aiaraldean girotu dudan eleberrian"

Erredakzioa 2016ko urt. 7a, 13:56

AMADO GOMEZ UGARTE (Laudio, 1956) nobela berria argitaratu du; "Los verdes campos". Aiaraldeari lotuta dagoen liburua da eta kutsu umoretsua dauka. Laster herrian aurkeztuko du eta edukiari buruzko zenbait kontu aurreratu ditu.

Eleberria argitaratu duzu duela gutxi; “Los verdes campos”. Zer kontatzen du?

Eleberria argitaratu duzu duela gutxi; “Los verdes campos”. Zer kontatzen du?

Umorezko eta fikziozko eleberria da. Nik imajinatutako istorioa kontatzen du. Aiaraldean gertatzen da -Amurrio, Aiara eta Laudio artean, hain zuzen- eta XX. Mendeko 20ko hamarkadan jazotzen da; II. Errepublika sortu baino apur bat lehenago.

"Landa berde idiliko hauetan kokatu du Berganza Kondearen eta bere familiaren luxuzko etxea, bere eguneroko bizitza egiten duten bitartean, harik eta ezusteko batek euren lasaitasuna astindu arte; Alfonso XIII. Erregeak Laudio bisitatuko du, Urquijo Markesak gonbidaturik".

Hortik sortu ditut umorezko istorio batzuk, baina ez dute eleberri historikoarekin zerikusirik, nahiz eta benetako pertsonaiak agertzen diren: Alfonso XIII. Erregea, Urquijo Markesa edo Alejandro Lerroux politikari errepublikazalea, besteak beste. Dena fikzioa eta umorea da. Korapilo eleberria da eta pertsonaiak izugarri originalak dira.

Nola bururatu zitzaizun ideia?

Apurka-apurka sortu zen. Komedia idazteko gogoak neuzkan. Nire asmoa zen gure inguruan zentratzea, hurbil dauzkagun larre berde eder horietan. Paisaia horiek istorioaren parte izatea nahi nuen. Azkenean, hain garrantzitsuak izan dira ezen izenburuan agertu baitira.

Idazteko ekintza, hau da, ordenagailu aurrean esertzea eta idaztea ez da luzea izan, hilabete eta erdikoa, gutxi gorabehera. Baina ideia garatzeko urte eta erdi behar izan dut".

Dokumentazio lanari dagokionez, gutxi egin dut, fikzio denez ez baitu oso zorrotza izan behar historiaren aldetik. Inork ez dezan benetako datuak bilatu. Hori bai, uste dut, oro har, sinisteko modukoa dela sortutako istorioa, zentzu geografikoan zein historikoan.

Izenburua eskualdeari lotuta dago, ezta?

Jakina. Larra berde horiek gure landa berdeak dira-eta. Ni Laudiokoa naiz eta nire ematzea Murgakoa, nire familiako batzuk Amurrion bizi dira eta beste batzuk Beotegin. Ez dago azalpen gehiago emateko beharrik. Eleberriko paisaia zonaldekoa da.

Zer eman dizu liburu hau idazteak?

Idaztean gehien gozatu dudan liburua izan da. Garai latz hauetan, krisialdiarekin, gerrekin eta euren ondorioekin eta indarkeria nonahi dagoela ikusita, umorea inoiz baino beharrezkoa da -umore argia, jakina-, errealitatea jasaten laguntzen gaitu-eta.

Horregatik umorezko lan bat idazteak asti oso onak eman dizkit.

Urtarrilaren 20an liburua aurkeztuko duzu Laudion Luis Vil eta Iñigo Bilbaoren eskutik.

Ez ohiko aurkezpena egin nahi nuen. Arruntena da idazle batek beste idazle baten lana aurkeztea eta, azkenean, dena oso literarioa izaten da. Interesgarriagoa iruditu zait lagun hauen iritzia. Luis eta Iñigo, artearen, musikaren eta zinemaren munduan daudenez, bestelako ikuspuntu eta sentsibilitatea emango dutelakoan nago.

Herriko Plazako Erabilera Anitzeko Aretoan aurkeztuko dugu eta han grabatu ziren “Escisión” filmeko zenbait pasarte.

"Pelikula horretan nik aurkezten nuen existitzen ez den eleberri bat. Zinemaren magiak egingo du nik abenduaren 20an, 19:00etan, benetako nobela aurkeztea".



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide