“Orain arte ez geneukan Euskal Herriari edota Gernikako Arbolari loturiko koloniarik”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko aza. 4a, 14:49

ALFREDO PEREIRO REKAKOETXEA (Laudio, 1961) Gernikako Arbolaren kimuak erein eta saldu egiten ditu. Orain proiektu berri bat du esku artean: Gernikako Arbolaren esentzia duen kolonia.

Gernikako arbolaren kimuak erein eta saltzen dituzu. Nola bururatu zitzaizun?

ALFREDO PEREIRO REKAKOETXEA (Laudio, 1961) Gernikako Arbolaren kimuak erein eta saldu egiten ditu. Orain proiektu berri bat du esku artean: Gernikako Arbolaren esentzia duen kolonia.

Gernikako arbolaren kimuak erein eta saltzen dituzu. Nolatan?

Duela 30 urte hasi zen dena. Gernikako arbolaren ezkurrak hartzen nituen garai hartan, nire kimu propioak egiteko, kapritxo pertsonal moduan. Batzuk niretzat gorde eta beste batzuk lagunen artean banatu nituen. Baina hor geratu zen istorioa.

Duela bi urte langabezian geratu nintzen. Lanik gabe zaudenean pentsatzeko denbora asko daukazu, eta horrela bururatu zitzaidan gustatzen zitzaidan hori modu serio batean egitearen ideia. Banekien mundu osoan zehar zeudela landaturik Gernikako Arbolaren kimuak, eta horiek bilatzeari ekin nion. Herriz herri joaten hasi nintzen, topatzen nituen kimuen ezkurrak hartzen eta argazkiak ateratzen. Aiaraldean ere kimu asko daude, ia herri guztietan. Iragan astean bat landatu zuten Amurrion, Jesus de Galindezi eginiko omenaldian.

"Aiaraldean ere Gernikako Arbolaren kimu asko daude, ia herri guztietan"

Udalekin kontaktuan jarri nintzen eta dokumentuak biltzen eta baimenak eskatzen hasi nintzen. Baina mila oztoporekin egin nuen topo, eta azkenean egin nuena izan zen notario batekin kimuen ezkurrak hartzera joatea, Gernikako Arbolaren ondorengo ofizial zirela ziurtatzeko, eta nire kimu zenbakitu eta egiaztatuak. Horrela jaio zen “Haziak” proiektuak.

Baina hortik nola egiten duzu salto kolonia bat egitera?

Kimuen kontuarekin web-gune bat atondu nuen, eta eskaerak iristen hasi zitzaizkidan, horietako asko Hego Ameriketatik. Baina ezin nituen kimuak bertara bidali, izaki bizidun bat delako eta baimen bereziak izan behar dituzulako Ameriketara horrelako zerbait bidaltzeko.

Orduan kimuen ordez zer bidali nezakeen pentsatzen hasi nintzen, eta horrela sortu zen koloniaren ideia. Athletic-ek edota Madonak bazituzten euren koloniak, baina guk ez genuen gure lurraldeari, Euskal Herriari, loturiko koloniarik. Gernikako arbolatik haritzaren esentzia ateratzea zen helburua.

Baina zu ez zara perfume egilea, ez?

Ez. Ezagun batek esan zidan Katalunian bazegoela eskoziar bat, Jimmy Boid, enkarguzko koloniak ekoizten lan egiten zuena. Berarekin kontaktuan jarri nintzen eta nire asmoak kontatu nizkion. Apur bat harritua geratu zen, ez zekielako ezre Gernikako Arbolaren inguruan, baina asko gustatu zitzaion proiektua. Haritz hostoak bidaltzea eskatu zidan, eta hilabete eta erdiz egon zen Frantzian duen laborategi batean, probak egiten. Egun batean bere deia jaso nuen. “Izugarri ondo geratu da”, esan zidan. Gama zabal bat bidali zidan, eta nik bat aukeratu nuen. Izena, botilatxoa eta barruko hostoa jarri genizkion.. eta listo.

 "Haritz hostoak bidaltzea eskatu zidan Jimmy Boid-ek, eta hilabete eta erdiz egon zen Frantzian duen laborategi batean, probak egiten"

 

Eta zer nolako usaina dauka koloniak?

Haritzaren egurraren usaina dauka, baina ez gehiegi. Hortaz gain, Boid-ek bergamotaren ukitua ere eman dio. Laranja eta limoiaren arteko zitriko bat da bergamota, eta koloniari oreka emateko balio izan du. Denbora pasatu ahala aldatu egiten da usaina.

Harrera ona izan du egitasmo berriak?

Oso ona. Gertatzen dena da hau artisautza produktu bat dela. Ez da El Corte Ingles bezalako kate handietan saltzeko, Euskal Herriarekin harremana duten dendetarako baizik. Donostiako Alboka dendan, Gernikako Euskal Souvenirs-en edota Bilboko Alde Zaharrean dagoen Orriak-en topatu daiteke.

Kolonia ona da. Ez da hainbat kolonia nahastuaz egiten den zerbait. Jimmy Boid oso perfume egile ona da, Rochas edo Margaret Astor bezalako markentzako lan egin duena.

"Jimmy Boid oso perfume egile ona da, Rochas edo Margaret Astor bezalako markentzako lan egin duena"

Hori bai, ez dakigu Hego Ameriketara bidaltzerik izango dugun, bertara garraiatzea oso garestia delako. Baina Txilen badago amona donostiarra duen emakume bat, lurrin-denda bat duena bertan eta kolonia saltzeko interesa azaldu duena. Berarekin mintzatuko gara Gabonak baino lehen eta abian kolonia pare bat edo eramango ditu Txilera, bertan sartzeko. Baina hori guzti hori airean dago oraindik. 

“Orain arte ez geneukan Euskal Herriari edota Gernikako Arbolari loturiko koloniarik”

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide