IBAN PAGALDAY (Gasteiz, 1976) argazkizalea eta mendizalea da. Bi grinak uztartu ditu eta Keska tabernan erakusketa jarri du.
Zein da Keskan jarri duzun erakusketaren gai nagusia?
Nik batez ere naturari buruzko argazkiak egiten ditut; paisaiak eta makroak, abstraktoak... Denetarik baina beti naturari lotuta.
6 argazki aukeratu ditut. Gutxi gorabehera denetarik. Makro apur bat, argazki abstraktoren bat, basokoak eta mendikoak.
6 argazki horien bitartez islatu nahi dut nik naturan bilatzen dudana. Nik uste dut jendea hurbildu beharko litzatekeela ez bakarrik polita direlako -nahiz eta guitxi izan- merezi duelako, batzuk leku ezagunak dira baldintza berezi batzuetan jasotakoak eta uste dut jendeari gustatuko zaiola.
Nola bururatu zitzaizun?
Aspalditik neukan buruan. Keska tabernan argazkiak jartzeko aukera ematen dutenez aspalditik neukan ideia. Komentatu nion Xabiri eta berari ideia ona iruditu zitzaionez aurrera egin genuen.
Non egin zenituen argazkiak?
Argazki bat Asturiasen egin nuen eta besteak ingurutan. Bat Fraileburun, beste bat Gorobeleko baso batean, beste pare bat Orozkoko basotan eta Barrikako hondartzan.
Aipatu duzu zerbait bilatzen duzula argazkietan, zer da?
Niretzat denbora-pasa da. Batez ere bilatzen dudana da ondo pasatzea. Ihesbide bat da. Egunerokotasunetik deskonektatzeko modu bat.
Naturan egotea gustatzen zait eta ikusten ditudan gauza bereziak saiatzen naiz jasotzen. Beti postal edo argazki arruntak alde batera utzita. Zerbait esan dezala argazkiak. Transmititu dezan.
Baina gehienbat ondo pasatzea da bilatzen dudana.
Zer izan zinen lehenago, mendizalea edo argazkilaria?
Mendizalea. Lehenik eta behin natura. Etxean beti izan dut mendizaletasuna eta mendiarekin harremana. Eta mendira joaten ginenean argazki makina eramaten genuen motxilan. Egia esanda erretratuak egiteko eramaten genuen.
Poliki-poliki eta arazo fisiko baten ondorioz indarra hartu zuen argazkigintzak mendizaletasuna alde batera gelditu zelako.
Ordutik aurrera argazkigintzak pisu handia izan du nire denbora librean. Hor jarraitzen du eta jarraituko du ziurrenik. Gure etxean, gurasoen bitartez, betidanik egin ditugu argazkiak.
Erakusketa gehiago egin dituzu edo hau da lehenengoa?
Erakusketa kolektibo batean izan nuen argazki bat. Urduñan eta beste herri batean egondako erakusketa batean izan nuen argazki bat. Erakusketa 20 argazkik osatzen zuten.
Hau da nire lehenengo erakusketa.
Zaletasuna dela esan duzu baina teknikoki ere trebatzen zara.
Hasieran ikusten nituen gauza politei egiten nien argazkiak baina gero hautatzen duzu gehiago zer egiten duzun. Leku jakin batean egin nahi duzu gauza bat eta agian lehenengo saiakeran ez duzu lortzen. Ezta bigarrenean ere. Horrek jarraikortasuna eskatzen du.
Teknika ikasten egiten da. Ibiliz eta eginez garatzen da. Kontzeptu teknikoak lantzen duzu: ISOa, diafragma, abiadura...
Zaila dena da transmititzea. Argazki bat hartzea eta jendeak jasotzea zuk helarazi nahi duzuna.
Hori da zaila, bihotzarekin egin behar baituzu argazkia eta horretarako denbora behar da. Eta horrez gain beste pertsonen argazkiak ere ikustea, ikasteko.