“Nahiago dut nire abestiak kantatzea, azken finean zu zeuk idatzitako letrak direlako, zureak”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ira. 9a, 12:37

AIALA MENDIETA URREZTI (Laudio, 1997) duela urtebete hasi zen reggae-a oholtza gainean abesten. Uztailean argitaratu zuen bere lehen abestia, eta gehiago prestatzen dabil.

Duela urtebete hasi zinen oholtza gainean abesten, baina zaletasuna lehenagotik datorkizu.

AIALA MENDIETA URREZTI (Laudio, 1997) duela urtebete hasi zen reggae-a oholtza gainean abesten. Uztailean argitaratu zuen bere lehen abestia, eta gehiago prestatzen dabil.

Duela urtebete hasi zinen oholtza gainean abesten, baina zaletasuna lehenagotik datorkizu.

Bai, niri betidanik gustatu izan zait abestea. Denetariko musika entzuten dut, egia esan. Baina duela lau urte inguru reggae musika entzuten hasi nintzen eta hori izan da niri gehien gustatu izan zaidan generoa, gehien hunkitzen nauena. Horregatik nahi nuen genero horretako musika abestu.

Beti izan naiz nahiko lotsatia abesterako orduan. Kanta bat idatzi nuen, frogatzeko. Ez nuen uste kapaza izango nintzenik abesti bat idazteko, baina azkenean nahiko ongi sentitu nintzen idazten, eta egindakoa nire nebari erakutsi nion. Nire neba Julen Lyrikanen (Laudioko beste reggae abeslari bat) laguna denez berari erakutsi zion eginikoa eta orduan Julenek bere estudiora grabatzera joateko esan zidan.

“Duela lau urte inguru reggae musika entzuten hasi nintzen; eta hori da niri gehien hunkitzen nauen generoa”

Argitaratu duzun abestian (“Woman energy”) oholtzara igotzearen zailtasunak aipatzen dituzu, emakume abeslariaz izateaz ere mintzatzen zara. Emakume gutxi dago oholtza gainean?

Nik uste dut geroz eta neska gehiago dagoela mundu horretan sartzen, eta oso interesgarria da hori. Hasieran babes eta laguntza handia jasotzen duzu, baina gero ez dago artista femenino famatu askorik mundu honetan, jendeak normalean artista maskulinoak entzuten ditu gehiago.

Eta Aiaraldean? Nola dago egoera?

Aiaraldean ez dago askorik, nik uste. Ezagutzen dut neskaren bat edo beste estilo honetako musika abesten duena; baina oraindik ez dira ausartu jendaurrean aritzera.

Nik uste dut musika mota hau geroz eta jende gehiagori gustatzen ari zaiola eta geroz eta gehiago zabaltzen ari dela, eta horrek izugarri pozten nau. Gaztetxean abesten hasi ginenean jende gutxiagok ikusten gintuen, baina pixkanaka badoa jendea animatzen. Batzuk entzutera gerturatzen dira eta beste batzuk hip-hop edo reggaea egitera animatzen dira.

“Ezagutzen dut neskaren bat edo beste estilo honetako musika abesten duena; baina oraindik ez dira ausartu jendaurrean aritzera”

Aiaraldeko Sound System mugimenduaren zenbait jaialditan ere aritu izan zara abesten. Zure abesti propioak abesten dituzu hor ere?

Nik nire abestiak abesten ditut beti. Nahiago dut nire abestiak kantatzea, azken finean zu zeuk idatzitako letrak direlako, zureak. Nik ez nuke beste pertsona baten abestirik abestuko. Ez zait gaizki iruditzen, baina nik ez dut egingo.

Momentuz “Woman energy” da orain arte argitaratu duzun abesti bakarra, gehiago argitaratzeko asmoa daukazu?

Hori jada argitaratu dugu eta gutxi barru beste bat aterako da, niretzako oso berezia den DJ batekin grabatua dagoena. Ikusiko duzue, oraindik sorpresa da (barreak).

Gutxi barru aterako da, dancehall generoko abestia izango da. Beste abesti batzuk ere baditut idatziak, eta estudiora joan behar naiz grabatzera. Pixkana gauzak ateratzen joateko asmoa daukat, gelditu gabe, oso garrantzitsua baita ez gelditzea.

Zer nolako abestiak dira idatziak dituzun horiek?

Ezaugarri bat nire abestietan errepikatzen dena da oso zintzoki hitz egiten dudala. Nik pentsatzen dudana esaten dut beti kantetan. Julen Lyirikanek ere beti esaten dit hori egiten dudala.

“Momentuz abesti solteak kaleratuko ditut, badut ere maketa egiteko intentzioa”

Argitaratzera zoazen abestiekin maketa bat osatzeko asmorik duzu?

Dacehall generoko abestia gutxi barru aterako da. Grabatua dago jada, editatzea baino ez da falta. Momentuz abesti solteak kaleratuko ditut eta saiatuko naiz abesti baten eta beste baten artean denbora tarte luzerik ez uzten eta bai, badut ere maketa egiteko intentzioa.

Bukatzeko, zer esango zenioke abestea gustuko duen baina oholtza gainera salto egitera ausartzen ez den pertsona bati?

Animatzeko esango nioke, azken finean jendearen erantzuna beti izango delako positiboa. Ez dut uste inork esango dizunik ez abesteko edo txarto abesten duzula. Aukerarik onena da, nire ustez.

Bukatzeko, eskerrak eman nahiko nizkieke entzuten nauten guztiei, eta Julen Lyrikan-i bereziki.  

 

Aialaren lehen abestia:

[video:https://www.youtube.com/watch?v=46JViZ9fgVw]

Eskainitako lehen kontzertuaren bideoa (Laudioko Gaztetxean):

[video:https://www.youtube.com/watch?v=DuXjGTKz_N8]

Laudioko Gazte Eguneko abestian eginiko kolaborazioa (2:50 minututik aurrera): 

[video:https://www.youtube.com/watch?v=C07-tkDT9do]

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide