“Bertan egonkortu eta garatzeko helburuarekin mugituko da Txosnagunea Aldai plazara”

Erredakzioa 2015ko abu. 12a, 09:56

ARITZ LILI LEKANDA (Laudio, 1987) Laudioko Txosnagunearen kideetako bat da. Aldaketen urtea izango da hau, eta txosnak Aldai plazara mugitzeaz aparte, eskaintza ugaritu egingo du jai-gune honek.

Aurtengo jaietan Laudioko Txosna Batzordeak eskainiko duena “inoizko eskaintzarik oparoena” bezala definitu duzue.

ARITZ LILI LEKANDA (Laudio, 1987) Laudioko Txosnagunearen kideetako bat da. Aldaketen urtea izango da hau, eta txosnak Aldai plazara mugitzeaz aparte, eskaintza ugaritu egingo du jai-gune honek.

Aurtengo jaietan Laudioko Txosna Batzordeak eskainiko duena “inoizko eskaintzarik oparoena” bezala definitu duzue.

Aurten leku aldaketa bat behar genuela planteatzen genuen, lehengo lekuak eskaintzen zituen baldintza fisikoak ez zirelako egokienak. Bertako lurraren egoerak ez zigun gauza asko modu duinean egiteko aukerarik ematen: umeentzako jolasak, herri bazkariak... horregatik planteatzen dugu leku aldaketa, baldintza fisiko horiek hobetze aldera batez ere.

Baldintza fisiko horiek leku berrian (Aldaikoerreka Plazan) hobetzeak goizetik zabaltzeko aukera ematen digu, eta bestelako ekintzak egiteko aukera ere ematen digu horrek. Horretan datza “eskaintza oparoenarena”: goizeko hamaiketan zabalduko dugu egunero eta afari musikatuen ekimena sartu dugu, bestetik; afariak eskaini bitartean zuzeneko musika egongo da, lasaiagoa.

Hortaz gain, eskaintza oparoa egongo da Txosnagunearen espazioa herriko beste elkarteei eskaini diegulako eta, horregatik, herriko beste hainbat taldek ere bertan ekintzak egingo dituztelako. Umeentzako jolasgunea egongo da, herri bazkariak ere... eta baita beste hainbat ekintza ere, agian lehengo lekuan egin ezin zirenak.

Horretan datza eskaintza oparoa: herriari espazio bat eskaintzen diogula eta gune hori aurten goizeko hamaiketatik gauera arte beteta egongo dela.

 

Lehen esaten zen agian Txosnagunea erdigunetik apur bat urruti zegoela. Leku aldaketarekin arazo hori konpondu dela uste duzue?

Mundu guztia ari da esaten orain erdigunean gaudela. Baina egia da ez garela horrenbeste aldatu herrian geneukan posizioagatik, baldintza fisikoengatik baizik. Urruntasuna/hurbiltasunari begira bi lekuak genituen gustuko, baina lehengo lekuko baldintza fisikoak ez ziren egokienak.

 

Aurtengo Urrezko Katxia SOS Laudioko Lamuza Parkearentzako izango dela ere iragarri duzue dagoeneko.

Urtean zehar herrian zer edo zer egin duen elkarte bati ematen diogu Urrezko Katxia, jaien testuinguruan guk herriko elkarte edo norbanako bati egiten diogun aitorpena da.

Zentsu horretan, SOS Laudioko Lamuza Parkeak aurten egin duen esfortzua baloratu dugu aurten. Lan polit bat egin du gure eraikinen eta herriko gune oso garrantzitsu baten alde, eta horregatik bultzada bat eman nahi izan diogu, irailean berriz ere topera ekin diezaioten herriko gune berde hori berreskuratzeari. Hortaz gain, katxia plataformari ematearekin Txosna Batzordea parkearen eta bertako azpiegitura guztien alde lerrokatu nahi izan dugu.

 

Norbanakoek, eragileek... nork osatzen du txosna batzordea?

Gu ez gara inor egotera ixten. Sei kolektibo gaude lanean (Kirikiño, Aiaraldea Komunikazio Leihoa, Gure Aukera, Ernai, Gazte Asanblada eta Jaiak Koordinakundea), eta baita norbanako batzuk ere. Urritik hasten gara lanean, egitarau eta azpiegitura oro lotzeko. Hortaz gain, baditugu beste lantalde batzuk: Komunikazio lantaldea eta beste bi lantalde teknikoagoak (barraz eta bokatez arduratzen direnak). Hiru talde horietan pertsona ugari biltzen ari dira.

 

Lan boluntarioa da. Nahi dugulako egiten dugu, jai herrikoi batzuk nahi ditugulako. Egia da urtean zehar jende gutxi biltzen garela, baina jaietan eta jaiak hasi aurretik indar bat sortzen da eta jende asko biltzen da proiektu hori aurrera ateratzeko.

 

Diru asko lortzen da Txosnaguneko barraren bidez? Nora doa diru hori?

Guk txosnetan urtero 60.000 euro inguruko gastu bat daukagu. Gastu hori azpiegituran (20.000 euro inguru) eta egitarauan (40.000 euro inguru) ematen da.

Udalak egitarauaren zati bat finantzatzen digu, 14.000 euro ematen dizkigu egitarauaren zati bat finantzatzeko, baina gainontzeko guztia (beste 26.000 euroak eta azpiegituraren 20.000 euroak) barran lortzen dugun diruarekin finantzatzen dugu. Horretan gabiltza normalean. Ez dugu etekinik ateratzen, ateratzen dugun diru guztia egitaraua aurrera ateratzeko erabiltzen dugu.

 

Edozein elkartek hartu dezake parte Txosna Batzordean? Nola?

Bai. E-maila eta Twitter kontua dauzkagu eta urtero (urtarril partean) parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta gu irekiak gaude edozein elkartek Batzordean parte hartzera, betiere herriko elkarteak badira eta Txosna Batzordearen helburuekin bat baldin badatoz: jai herrikoi euskaldun eta feministak sustatzea. Balore horiekin bat egiten badute gurekin batera lanera sartu daitezke inolako arazorik gabe.

Hau herri txiki bat da eta elkarteetako kideak elkar ezagutzen gara. Elkarren artean hitz egitea da gure ustez kontaktatzeko modurik egokiena. Elkarte ugari pasa dira Batzordetik eta modu zuzenean kontaktatu izan dugu beti. Txosna Batzordean dauden sei eragileak ere oso anitzak dira. Erraza da, beraz, norengana jo behar den jakitea.

 

Txosna Batzordeak Aldaikoerrekan jarraituko du datozen urteetan ere?

Bertan egonkortzeko helburuarekin mugitu gara Aldaikoerrekara. Egia da erabaki hori balorazioarekin batera etorriko dela. Aurtengoa aldaketaren urtea da eta batek daki, agian balorazio oso txarra irteten da eta beste leku batera joatea ikusten da.

Aurten egitarau bat prestatu dugu. Datorren urtean denboran zer zulo egon diren ikusi eta horiek betetze aldera egingo dugu lan.

Urtero dugun pentsamendua da beste adin batzuei zuzendutako beste eskaintza batzuk egitea: umeentzako eskaintzak, antzerkiak edo ikuskizunak... Orain arte kontzertuetara eta musikara mugatu gara gehienbat, eta kultura arloan beste salto bat emateko unea dela ere deritzogu.

Irailean egingo dugu balorazioa. Egitaraua nahiko betea dago, egun guztietan; eta zentsu horretan ikusiko dugu nola garatu dezakegun espazio horretan. Hori da helburua: espazio horretan garatzen jarraitzea. Hori da aparkalekuan geundenean egin genuena: garatzea topea jo arte. Eta orain espazio berrian hori da xedea: hasi, garatzen jarraitu noraino iritsi gaitezkeen ikusteko. Espazio berria herriko eragileentzako baliagarri bilakatu nahi dugu, eta erakutsi nahi dugu badagoela jaiak antolatzeko beste modu bat eta egitarau oso indartsu bat antolatu dezakegula, herritik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide