Libanon dago Aitor Bikandi, eta bertako errealitatearen berri eman du

Erredakzioa 2015ko abu. 7a, 00:01

Iazko uda Palestinan pasa ostean, Libanon dago orain Aitor Bikandi laudioarra. Aiaraldea Komunikazio Leihoak helarazitako bina galderetan oinarrituta bertako errealitateari buruzko testua idatzi du:

Libanon zaude orain. Zer dela eta?

Iazko uda Palestinan pasa ostean, Libanon dago orain Aitor Bikandi laudioarra. Aiaraldea Komunikazio Leihoak helarazitako bina galderetan oinarrituta bertako errealitateari buruzko testua idatzi du:

Libanon zaude orain. Zer dela eta?

Behin nire denbora eta trebeziak beste modu batera erabili nahi izatearen ideia errotu zitzaidanean, atzera bueltatzeko bidea baztertu eta ahaleginak noranzko zehatz batean bideratzearen beharrak hona ekarri naute. Iazko esperientziek nolabait Palestinara bueltatzea zaildu didate, sartzea galarazteaz aparte, 10 urtetan berriz sartzeko debekua ere ezarri ahal didatelako. Beraz, arrisku hori aurreikusita, arrazoigarriagoa dirudi kontua hozten uztearekin batera lan ildo honetan jarraitzea, Libano hainbat errealitateren sarbide delako. Besteen artean, arabiera hobetu eta errefuxiatuekin lan egitea dira buruan ditudan ideia nagusiak

Zein da erlijioaren papera Libanoko jendartea?

Bertako egoera politikoaren xehetasunak ezagutu barik ulertu daitekeena da erlijioa herriaren banaketaren zergatia dela. Errealitatea, ordea, hori baino askoz konplikatu eta ilunagoa da.

Oraindik ere Gerra Zibila (1975-1990) eta honen aurreko desberdintasun erlijiosoek eragindako faktoreak badiraute ere, eszena politikoan faktorerik erabakigarriena kapitalaren jabetza eta kontrola da.

Erlijioa, beste behin, errepresio eta kontrolerako erreminta bezala erabilia da familietan oinarritutako Libanoko sistema politikoan, kasu honetan, maila berri batera goratzea lortu dute herriaren esparru desberdinak bere interesetara moldatzen dituzten alderdi/familia/sektore politikoek. Kapitalistaren ametsik goxoena osatu dezakeen herri honetan konexioek, lagunek eta hauen bidezko negozioek artikulatzen dute politika egiteko modua, ondorioz oinarrizko diren kontu askoren kalitatea eskasa da: elektrizitate etenak daude, uraren kalitatea txarra da, segurtasun soziala eta osasun zerbitzuak ere... Nepotismoak kontrolatutako Estatu honetan guztia konpondu daiteke dirua nahikoa izanda, baita legeriarekin gerta daitezkeenak.

Erlijioa, beste behin, errepresio eta kontrolerako erreminta bezala erabilia da familietan oinarritutako Libanoko sistema politikoan”

Gauzak honela, maila internazionalean talka erlijiosoa bada ere, eta barrura begira ere alderdi politiko desberdinen arteko erlazioetan erlijioak paper garrantzitsua jokatzen badu ere, egoera nahiko berezia da. FPM delako alderdi politikoan adibidez, gehiengoa kristaua da, baina Hezbollah-rekin harreman estua dauka, azken honen eta Siriako gobernuaren arteko aliantza kontutan hartuta, korapilo politikoa are gehiago zaildu eta nahasteko eragileak prest daude, egonezina sustatzeko.

1975-1990 arteko gerra zibilaren ostean, hain begirune onean daukaten Rafic Haririk bultzatutako bakearen osten alegia, epe osoaren irakurketa kritikorik ez da egin. Gertatutako krimen eta sarraski guztien ondoren kartzelatutako milizien buruzagi politiko bakarra, Kataeb alderdiko Samir Geagea (lau heriotza zigorretara kondenatua), dagoeneko kalean egoteaz aparte, politikoki aktiboa da berriz ere. Kristau maronitak osatutako eta Espainiar Estatuko falangean oinarritutako alderdi honek denborarekin bestelako irudi eta izena hartu ditu, baina han bezala, erantzukizun hutsalak biziraupena bermatu die.

Egoera politiko nahasiaren ondoriorik latzenetarikoa politika publikoen paralisia da. 2014ko apiriletik urtebete baino gehiago pasa da, 128 parlamentariek 26 saiakera eta gero Estatuko presidentea aukeratu ezinik, egoera noraezean doala. Honekin batera, alderdien arteko desberdintasun sektarioak direla medio, egoera erosoan bizi diren arduradun politikoek ez dute aldaketaren beharra ikusten, ezta norabide horretan presio handirik egiten, bitartean txiroak txiro, errefuxiatuak errefuxiatu eta dirudunak dirudun.

Arduradun politikoek ez dute aldaketaren beharra ikusten, ezta norabide horretan presio handirik egiten, bitartean txiroak txiro, errefuxiatuak errefuxiatu eta dirudunak dirudun”

Paralisi honen adierazgarri argia da azken asteotan zaborraren kudeaketarekin gertatzen ari dena. Uztailaren 17tik, Beiruteko distrituko zabortegia itxi behar izan zuten, inongo alternatibarik ez zegoela. Paralisia dela eta, zaborraren kudeaketaren enpresa pribatuak greba deitu zuen, kalean zaborraren pilaketa eraginez eta, adituek esanda, osasun publikoa arriskuan jarriz, kolera zabaltzeko arriskua ere aipatuaz. Aste pare bat eta gero zabor pilak beste lekuetara mugitzea adostu eta lortu badute ere, benetako arazoaren irtenbidea ikustear dago.

Paralisi arriskutsu honen esparrua Estatu mailako arazorik handienetara eramanaz, printzipio bera aplikatzen dela argi ikus daiteke beste behin ere. Errefuxiatuen egoeran printzipio beraren ebazpena ikusgai: Ahalik eta ikusezinen diren espazioetara mugitzea bai Palestina (1948tik dirauen egoera) zein Siriako errefuxiatuak, ahaztu eta begi bistatik kendu beharreko kontua dela dirudi. Ikusten ez bada, arazo izateari uzten dio. Munduko errefuxiatu per capita tasarik handiena daukan herri honetan, ahaztu beharreko kontu publiko politikoa da, batetik, kapitalak agintzen duen lurralde honetan lekurik ez daukatelako; bestetik, kostu politiko eta ekonomiko kontabilizatu ezinak suposatzen dituen gatazka honetan eskua sartzea gehiegizko ahalegina suposatzen dietelako.

Munduko errefuxiatu per capita tasarik handiena daukan herri honetan, ahaztu beharreko kontua da errefuxiatuena, kapitalak agintzen duen lurralde honetan lekurik ez daukatelako”

Siria alboan dago Libano eta Estatu Islamikoaren eta Al Qaedaren aurka borrokak eman dira bertan. Nolakoa da giroa? Nabaritzen da? Jendeak buruan dauka? Nola bizi dute?

Ezohiko aliantza politikoak ematen diren herrialde honetan armadak paper garrantzitsua dauka, gehiengoak (batez ere kristauek) begi onez ikusten ditu militarrak, bakearen bermatzaile eta kanpoko erasoen kontrako defentsaren oinarria omen direlako. Ustelkeria ezezaguna ez zaion instituzio honek ekialdean arrakastatsuak izan diren hainbat operazio bideratu eta Arsalen eta Bekaa bailarako hainbat tokitan, Daesh-en eta Jabat-en Al Nusra-ren erasoaldiak gelditu eta Siriako lurraldean bertan atzeraldia eragin dizkiete (arabieraz Estatu Islamikoaren akronimoak taldearen izaera fanatikoari egiten dio erreferentzia, beraz, Estatu izaerari aipamena egitea baino aproposagoa da “Daesh”, “Jabat” eta “Al Nusra” erabiltzea).

Daesh-en jokaerari buruz, kristau eta musulman askok aipamen bera egiten du: Islam edota Koran-ari buruz askorik ez dakien jendeak osatutako taldea dela alegia. Askoren ahotan dago taldearen partaide izateak dakartzan abantaila sorta, batez ere soldatari dagokionez.

Gerrari dagokionez ordea, buruan izan baino, efektuak kalean bertan daude ikusgai. Gerratik ihes egin ostean hemen geratu behar izan diren siriarrak gehienetan egoera zailean bizi behar dira.

Batetik, modu batera ala bestera Libanora sartu izan direnak, lana topatu baina gastuei aurre egin ezinik bizi direnak. Askotan hezkuntza altuko biztanleria da, gehienetan Sirian zeukaten bizitza maila erabat aldatu da. Bestetik, pribilegio gutxiagoko biztanleria, batzuk errefuxiatu gune “berezietan” bizi dira, pilatuta, azpiegitura eskasetako eremuetan, bizitzan aurrera edo atzera egin ezinik, beste behin ere, aurre egin beharreko gastuak altuegiak direlako. Batzuek kalean zapatak garbitzeari ekiten diote, besteek produktu txikiak saltzeari. Askotan umeak dira eta batzuetan mafia moduko sareetan ibiliko ez ote diren susmoa airean dabil. Edonola ere, legaltasun estuan bizi den adineko edozein siriar hainbat arrisku pairatu behar ditu: Lan munduan beraien egoera ezegonkorraz baliatzen diren enplegatzaile bihotz gabeen eskuetan amaitzea; Siriako gobernuan armadan zerbitzatzera behartuta bueltatzea; edo azken honen alternatiba, armadara bueltatu ez, baina zortzi mila dolar ordaintzera behartu, agindua betetzen ez badute, Siriara inoiz bueltatzearen debekuarekin.

Palestinan berriro giroa berotzen hasi da, zein da Palestinaren egoera, bereziki Gazan? Berriro erasoa gerta litekeela uste duzu?

Israelen akusazioen jokoa faltsua bezain bidegabea da, mendebaldeko jarrera orokorreko komunikabide gehienak bultzatutako bozgorailu ezin hobeak sionismoaren biktimismoa sustatu eta mesede eskasa egiten dio gatazkaren neurri errealaren irudikapenari, eta nola ez, benetako arazoaren konponbidearen bidean oztopo handia ezartzen du.

Palestinarrentzako atsedenik ez da egon. Iazko udatik hona batez ere, jarraikortasunez erasoak pairatu dituzte Gazan, Zisjordanian, eta 48ko Palestinako lurraldeetan. Gazako egoera sarraskia bukatu zeneko egoera bera da. Azpiegiturak, oinarrizko beharrak betetzeko materialaren eskasia, arazo psikologikoak... Hori guzti horretaz aparte, Lerrokada berreraikitzeko ekimena bere horretan geratu da, nazioarteko komunitatearen lotsagabetasuna inoiz baino ageriagoan utziz.

Erasoak etengabe gertatzen dira. Egunero. Azken adibiderik latzena 18 hilabetetako Ali Dawabsheh izan da, bere etxean zela, kolonoek bizirik erretako umetxoa. Iazko udako Mohammed Abu Khdeir gaztearen kasua gogorarazten du ekintza honek, israeldarren sektore baten jokaera hurrengo maila nazkagarriago batera eramanez: Umetxoa bizirik erre izanaren erantzulea goraipatu dute kaleetan.

Eskala handiko erasoak beharrezko ditu Israelek, bere jokabide arrazista-faxista-kolonialistaren ataletako bat direlako. Jokamolde honetatik ere ondorioztatu daiteke espantsionismoa, Libanon bertan azkenengoz 2006ko gertakariek agerian uzten duten bezala.

Beraz, bai, eskala handiko eraso berriak gertatuko dira, ohikoak eta etengabekoak diren profil baxuko erasoez aparte. Non, noiz, nola? Faxismoaren arbitrariotasunaren araberakoak dira erantzunak.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide