“Jendea errepidean zegoenean askoz politagoak ziren Ugarteko Jaiak”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko uzt. 30a, 03:20

FLOREN ARZA (Laudio, 1957) Laudioko Ugarte auzoko Ugarte tabernaren jabea da. Ia hamar urte daramatza auzoko jaiak antolatzen.

Zer berrikuntza dakarte aurtengo Ugarteko Jaiek?

FLOREN ARZA (Laudio, 1957) Laudioko Ugarte auzoko Ugarte tabernaren jabea da. Ia hamar urte daramatza auzoko jaiak antolatzen.

Zer berrikuntza dakarte aurtengo Ugarteko Jaiek?

Ez dakarte berrikuntzarik. Festa batzuk gutxi gora behera ondo ateratzen badira ez da komeni aldaketa asko egitea. Aukera asko ere ez ditugu, oso mugatuak gaudelako, arrazoi batengatik: ez ditugu zerbitzu egoki batzuk, lokal publiko gutxi gaude... Badaude txosnak, baina txosnek ez dute komunik ez bestelako azpiegiturarik. Horregatik, jende asko baldin badator ezin dugu guztientzako komunak, zerbitzuak... eskaini. Udalak diru-laguntza bat ematen digu, baina diru horretaz gain beste 12.000 euro inguru lortu behar ditugu, eta diru-kopuru hori Laudio bezalako herri batean biltzea nahiko zaila da. Baina gutxi gora behera lortu egiten dugu.

“Udalak diru-laguntza bat ematen digu, baina diru horretaz gain beste 12.000 euro inguru lortu behar ditugu festak aurrera ateratzeko”

Musika taldeei dagokionez, oso interesgarria izango litzateke kontzertu bat eskaintzea, adibidez. Zergatik ez? Baina gero zer zerbitzu eskaintzen dizkiozu kontzertu horretara gerturatzen den jende horri guzti horri? Hori arazo bat da. Horregatik, orkestra batzuk ekartzera mugatzen gara. Aurten Trikizio (iaz ere egondakoa) eta Haitzama datoz. 30 urte baino gehiagoko pertsonek gozatu eta dantzatu dezaketen taldeak. Baisala-ko kideak ere gerturatuko dira, giro apur bat emate aldera.

Gero, 1:00ak aldera, Diskodantzarekin hasten gara, gazteei zuzendua dagoena. Bostetara arte luzatzen da eta, horrela, bi giro ezberdin eskaintzen ditugu: mota bateko jendearentzako giroa sortzen dugu 1:00etara arte eta, ordu horretatik aurrera, beste perfil batentzako giroa sortzen dugu, ordu horretan hasten baita, gutxi gora behera, gazteria kalera ateratzen.

“Ez dugu berrikuntzarik sartu Ugarteko Jaietan. Zertarako aldatu ondo dagoena?”

Ugarteko Jaiak beti izan dira oso jendetsuak, beste auzo batzuetako jaiek beherakada izan duten bitartean. Non dago sekretua?

Herriarekiko hurbiltasunak eragin zuzena dauka arrakastan, dudarik gabe. Jendea herriaren erdiguneko tabernetatik aritzen da ordu batak arte, eta gero igotzen da auzora, hiru minutura dagoelako. Irisgarritasun aldetik ere egoera bikainean gaude, tren bidez edozein lekutik bertaratzeko aukera dagoelako.

Egon dira urteak zeintzuetan jende asko mugitzen zen jaietatik. Gaur egun, herria gutxiago mugitzen den arren, jende asko dator oraindik.

Datak ere egokiak dira. Badago garai horietan oporrak izan eta kanpora doan jendea, baina badago baita oporrak izan arren herrian geratzen denik ere. Horregatik, uztailaren 31tik abuztuaren 2ra bitarteko datak egokiak dira jende ugari bertaratu dadin.

Hortaz gain, auzoan gutxi izan arren, giroa ematen saiatzen gara, zentsu zabalenean. Bokatak, txosnak, musika... elementu guztiek bat egiten dute. Baditugu ere barraka ugari, eta dena leku berean dago, elementu bat bestearen alboan. Eta horrek jendea gusturago egotea dakar.

Nik bederatzi urte daramatzat antolakuntzan, eta ekintzak ia berberak dira beti. Azken bederatzi urte hauetan gauza bakan batzuk gehitu egin ditugu: asto lasterketa, esaterako. Baina bestela dena da berdina. Festa batek ondo funtzionatzen badu, zertarako aldatu?

“Azken bederatzi urte hauetan gauza bakan batzuk gehitu egin ditugu: asto lasterketa, esaterako. Baina bestela dena da berdina”

Berria da asto lasterketa?

Bederatzi urte inguru pasa dira lehenbizikoz antolatu genuenetik. Ezin da Aretakoarekin konparatu. Gure asmoa beste ekintza bat egotea da, eta harrera ona izatea. Auzo honek badu, gainera, lotura estua baserri munduarekin. Horregatik, hogei parte hartzaile inguru izatearekin konformatzen gara.

Tokiko produktuen azoka eta tortilla eta untxi lehiaketa ere antolatzen dituzue.

Bai. Tokiko produktuen azokan bertako artisauek egindako produktu polit eta interesgarriak topatu daitezke. Tortilla eta untxi txapelketari dagokionez, jende ugarik parte hartzen du; saria eraman edo ez, gero euren bazkaria izango dena prestatzen aritzen direlako.

Herriaren pilota taldeak larunbat arratsaldean frontoian egiten duen erakustaldiak ere jendea erakartzen du. Eta Rafa eta elkarteko beste kideak oso ondo portatu izan ohi dira gurekin.

Krosa ere badugu. Kirol hori oso errotua baitago auzoan, Goienurin entrenatzen dutelako Atletismo Klubeko kideek. Eta entrenatzen dutenean nire tabernatik igaro ohi dira. Zorte handia da hori.

Futbito txapelketa ere hor dago.

Futbito torneoa urte askoko ibilbidea duen ekimena da. Horregatik, jaietatik aparte ere antolatu ahalko litzateke. Torneoak auzoan duen garrantzia ez diogu jaietan ematen, txapelketa martxoa-apiril partean hasten baita. Badaude hori aurrera eramateko hiru hilabetez astebururo sakrifikatzen diren pertsona batzuk. Horrek garrantzi gehiago eransten dio ekimenari. Baina torneoaren finalak bai sartzen ditugula egitarauan, baina berez ez daude jaiei lotuta.

Halako jai batek bultzada ekonomiko garrantzitsua emango dio auzoari.

Jaitsi egin da bultzada hori, dudarik gabe. Duela 28 urte izan ziren Ugarteko lehengo jaiak zeintzuetan nik barra bat jarri nuen tabernaren kanpoaldean. Hori egiten lehena izan nintzen, tabernaren aurrean. Barra horrek 30 metroko luzera izango zuen, eta taberna itxita mantentzen nuen.

“Jende kopuru izugarria gerturatzen zen, ezin zen kalkulatu. Hemendik (Ugarte tabernatik) Coruña tabernara (barra zuen azken eraikinera) erabat betea zegoen errepidea”

Jende errepidean zegoen. Jende kopuru izugarria gerturatzen zen, ezin zen kalkulatu. Hemendik (Ugarte tabernatik) Coruña tabernara (barra zuen azken eraikinera) erabat betea zegoen errepidea.

Urte batean arazo bat izan genuen. Mutiko batek zauri bat egin zuen hankan, beira zati batekin, Ellakuri tabernaren aurreko errepidean. Anbulantzia bertaratu zen, 2:00ak aldera, eta ordu laurden behar izan zuen nire txosnaren alboko errepidetik igarotzeko. Ordutik aurrera apur bat mugatzen hasi ziren errepidean egotearen kontua.

Giroa errepidean zegoenean askoz politagoa zen dena. Ikusgarriagoa zen. Orain hori apur bat mugatu digute. Txosnen gune bat daukagu, barraken alboan eta nik tabernaren atzeko partean beste txosna bat muntatzen dut. Baina ez dago besterik. Orain badirudi jende gutxiago dagoela, eta agian egia da, jai guztiek izan dutelako jaitsiera. Errealistak izango gara: lehen 3000-4000 pertsona inguru bertaratzen baziren, orain kopuru horren erdia izango dela onartu behar dugu. Noski baietz. Baina pozik egon beharko genuke, beste leku batzuetako jaiak askoz okerrago daudelako.

“Pozik egon beharko genuke, beste leku batzuetako jaiak askoz okerrago daudelako”

Bukatzeko, eskerrak eman nahiko nizkieke Atzeripotoren trikitixari, Jose Angelen zaldiei... baten bat ahaztuko zait, baina eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen duten guztiei. Auzoa asko inplikatzen da jaietan. Bai saltokiek eta baita norbanakoek ere dirua eskaintzen dute, bakoitzak ahal duen neurrian. Eta horregatik egin ahal ditugu egiten ditugun festak, bestela ezinezkoa izango litzateke.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide