“Entzulearekin sormen harreman bat garatzea da pen-drivearen asmoa”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko eka. 23a, 20:22

IGOR ARZUAGAk (Areta, 1976) proiektu berri bat du esku artean. Edo proiektu bat baino gehiago. Zortzi disko dira, pen-drive batean bildurik.

Zortzi disko argitaratu dituzu pen-drive batean bilduta. Nondik dator ideia?

IGOR ARZUAGAk (Areta, 1976) proiektu berri bat du esku artean. Edo proiektu bat baino gehiago. Zortzi disko dira, pen-drive batean bildurik.

Zortzi disko argitaratu dituzu pen-drive batean bilduta. Nondik dator ideia?

Asko ekoizten dudalako izan nuen ideia hori. Argitaratzea nahiko prozesu gogorra izan ohi da, mingarria askotan. Argitaletxeetako kideek ez dituzte gauzak erraz jartzen, ez dut oraindik topatu behar beste erraztasun ematen duen argitaletxe bat. Entzun naute, eta giro onean aritu izan naiz beraiekin, nire musikak berez zentsua duelako, eta horrek ni ere pozik sentitzea dakarrelako. Bilduma bat egitearen beharrak eraman nau argitaratzera. Pen-drivean bildutakoak oso disko ezberdinak dira euren artean. Hori dela eta, erabaki nuen ez izatea abesti multzo homogeneo bat: disko bakoitza indibiduala da besteekiko. Diskoak egiten ditut nik, ez abestiak. Abesti bat sortzen dudanean badakit hari horri tiraka beste zazpi atera daitezkeela. Eta beti egiten diot tira abesti batetik sortutako hari horri, abestiak ematen duen nortasunaren barruan ikertzen.

Diskoak egiten ditut nik, ez abestiak. Abesti bat sortzen dudanean badakit hari horri tiraka beste zazpi atera daitezkeela”

Euren artean oso disko ezberdinak direla aipatu duzu. Zer topatu ahal izango entzuteko pen-drivean?

Denetarik. Piano bakarrarekin eginiko musika klasikotik erritmo esperimental batzuetara. Eta, hortaz gain, nire ohiko pop-rock doinuak eta letra poetikoak topatuko ditu entzuleak.

Aspaldi eginiko lanak dira? Edo berriki grabatutakoak?

Gaurkotu egin ditut. Beste berrikuspen bat eman diet eta letra batzuk aldatu egin ditut. Pen-drivearen kreditu-orria osatzerakoan ez dut jakin izan zehazten abesti bakoitza zein urtetan grabatutakoa den. Azken bost urteetako ekoizpen-lana da.

Zortzi disko batera argitaratuta, oraindik baduzu argitaratu gabeko ekoizpenik?

Orain dudan asmoa pen-drive horiek saltzea da eta erosleekin sormen-harreman bat garatzea. Norbaitek nahi izango balu nire obran sakondu edo material gehiago izan pen-drivea pasatu ahalko lidake, eta nik azkenaldian egin ditudan ekoizpenak sartuko nizkioke bertan. Horrek pen-drive gehiago saltzea ere ahalbidetuko luke. Pen-drive berri horietan oraingo zortzi diskoak egongo lirateke, baina baita beste bi ere, edo poesia bilduma bat, edo koadroak... erritmo honetan 16 gigabyteko pen-driveak saldu beharko ditut (barreak). Ez, txantxa da.

Norbaitek nahi izango balu nire obran sakondu edo material gehiago izan pen-drivea pasatu ahalko lidake, eta nik azkenaldian egin ditudan ekoizpenak sartuko nizkioke bertan”

Zenbat gigabyte okupatuko lituzke zure obra guztiak?

Ba asko. Baina ez daukat jendea selektiboa izateko gogorik. Baten bati disko bat beste bat baino gehiago gustatuko zaio, eta asko pozten nau horrek. Baina ni pozik nago pen-drivean sartu dudan guztiarekin. Nire obraren artean zabor asko dago, eta orain editore lanak egiten nabil, birziklapen lanak. Eta lan hori eginda ateratzen dena definitiboa da niretzako.

Nire obraren artean zabor asko dago, eta orain editore lanak egiten nabil, birziklapen lanak”

Badituzu proiektu gehiago buruan.

Bai. La Putxera Ateneo da horietako bat. Nahiz eta badakidan ez dela aurrera aterako hor dago, eta niretzat esperientzia bat da. Beste proiektu berri bat Rafa Rueda, Haritza eta Victor Gomezekin daukadana da. Zer edo zer grabatuko dugu, seguru asko.

Orain margotzen nago. Ikastaro batean eman dut izena eta oso pozik nago. Beste lan mota bat da, deskubritu dudana eta konfiantza hartu beharra nuen, lan hori eginaz ondo pasatzeko batez ere. Musikaren prozesua (berriz esango dut), diskoetxeetatik harago, abestia egitean, beste musikari batzuekin ekoiztean, estudioan grabatzean, argitaletxearekin hitz egitean, Durangoko Azokarako prestatuta izatean... datza. Exijentzia multzo handia, askotan satisfaziorik ere ematen ez duena.

"Musika asko sufritzen dut nik, niretzako lengoaia bat delako"

Koadro bat, berriz, margotu egiten dut, bukatu egiten dut eta gero nahi badut markoa jartzen diot, edo ez. Baina koadroak, berez, musikak baino gehiago ematen dizu. Batzuek diote musika egitea oso erraza dela, abestiak txurroak balira bezala sortzen direla, nartzisismo puntu bat dagoelako. Nik ezetz uste dut. Musika asko sufritzen dut nik, niretzako lengoaia bat delako.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide