"Gure helburua alkatetza lortzea da"

Erredakzioa 2014ko urr. 8a, 09:14

ALVARO BARRIOS (Laudio, 1976) Omniako hautagaia izango da hurrengo hauteskundetan eta aldi berean Ikune plataformaren sortzaileetakoa da. Aurre egin behar dion erronkari buruz mintzatu da.

Nola jaso duzu hauteskunde burua izatearen erabakia?

ALVARO BARRIOS (Laudio, 1976) Omniako hautagaia izango da hurrengo hauteskundetan eta aldi berean Ikune plataformaren sortzaileetakoa da. Aurre egin behar dion erronkari buruz mintzatu da.

Nola jaso duzu hauteskunde burua izatearen erabakia?

Ilusionaturik nago baina baita beldurtuta ere. Ni hautatzeak ardura handia da eta ilusioa sortzen dit kideen babesa dudalako, baina hautagaitza bakarra izanik garatutako eredu parte-hartzailea erori da. Nire ustez aukera hobea zen hautagai gehiago egotea eta jarrera ezberdinak kontrajartzea jendeak giro demokratiko eta parte-hartzailean erabakitzeko.

Gutxienez badakigu eredua mahaigainean jarri dugula.

Finean ilusionaturik nago uste dudalako zer edo zer egin behar dugula herri honekin eta aldatu behar dugula.

Gure kasuan lehenengoak izan gara adierazten nor izango den hautagaia partaidetza prozesuak 8 hilabeteko iraupena duelako. Eta beharrezkoa zen jakitea nor den hautagaia hori guztia gauzatzeko.

Eredu bat aipatu duzu. Behin abiatu duzuela, zein da hurrengo urratsa?

Alde batetik prozesu irekia izan da. Hautagaiak Omniako kideak izan behar ziren, edozein kidek hautagaia izateko aukera izan du baina bozketa herritar guztiei irekita egon da.

Hautagai bakarra egon denez aukera irekia ez da guztiz islatu nire ustez. Egia da herria suspertu behar dela partaidetzaren aldetik. Urte luzez eskaini da parte hartzea baina loturarik gabe eta jendea nekatu da jakinda egindakoak ez zuela ondoriorik.

Herritarren konfiantza berreskuratzea ez da egun bateko lana eta apurka-apurka egin behar dugu. Orain prozesuaren bigarren zatian murgiltzeko prest.

Bigarren zatian programa parte-hartzailea sortu behar dugu. Duela lau hilabete hasi ginen jasotzen elkarte eta norbanakoekin gure proposamenekiko zuzenketak gero jendeak parte hartu dezan.

Bagaude prestatzen guk deritzogun "ADN parte-hartzailea" eta nolabait hori da denbora errealean balizko ordezkari publikoek aintzat hartu behar duten ideologia politikoa.

Gainera bagaude lantzen mekanika parte-hartzailea, hau da, jokoaren arauak. Ez dugu partaidetza jorratu bakarrik eduki politikoetan. Nola parte hartu behar duen jendeak ere landu dugu.

Bestalde herritarrek proposamenak egiteko aukera ere badute eta horiek lan taldeek jasoko dituzte.

Horrekin guztiarekin, lau hilabete barru azalduko dugu publikoki eta herritarrek parte hartzeko parada izango dute, horretaz gain udalean egiten dugunarekin jarraituko dugu: mozioak, eta abar.

Eta prozesua bukatuko da programa parte-hartzailearekin.

Modu errazagoan azalduta, Omnia eta gainerako taldeen artean da alderdiek dagoeneko badutela ideologia politiko zehatz bat -haiek modu zilegian Laudiorentzako hoberena dena uste dutena- eta horrekin saiatzen dira jendea konbentzitzen hori dela alternatibarik onena.

Omniak uste du programa hoberena dela herritarrek egiten dutena eta ondorioz prozesu bat irekitzen dugu jasotzeko zer den herritarrek nahi dutena eta horrekin egiten dugu programa.

Ezberdintasuna da partaidetza. Badakigu Omnia zer den, ekimen politiko txikia da eta apurka-apurka bagoaz pisua eta partaidetza lortzen baina egun ez da gure sorrerako planteamendutan jasotakoa.

Baina presentzia gehiago dugun neurrian jendea konturako da partaidetzarekiko lotura eraginkorra dela.

Hurrengo hauteskundetarako zein da helburua?

Helburua argia da. Lau urte eman ditugu oposizioan. 2011n bost boza gehiago izanez gero bi zinegotzi izango genituzke, baina berdin izango litzateke. Agian lan gutxiago Nerearentzat, hori bai.

Gure lehenengo helburua, hau da, zinegotzia izatea informazioa lortzeko aukera izateko, bete eta garatu dugu. Baina ikasi dugu gauzak aldatzeko garrantzitsuena dela alkatetza lortzea. Hori da gure helburua, alkatetza eskuratzea. Badakigu zaila dela baina bagaude prestatzen herritarrek horrela nahi izango balute.

Prestatu gara arlo ezberdinetan eta herritarrek horrela erabakiz gero prest egongo gara erronka horri aurre egiteko eta herria aktibatzeko, lotan ikusten baitugu.

Podemos-ek esan du Ikune plataforma babesteko prest egongo litzatekeela. Omnia Ikuneko sortzaileen artean egonik, nola baloratzen duzue hori?

Omniako hautagai eta Ikuneko koordinatzaile orokor gisa baloratu dezaket. Koordinatzaile gisa badaramagu denbora asko lan egiten filosofia parte-hartzailearen sorreran. Omniak daukan ereduaren oso antzekoa da eta lan horretan harremanetan egon gara ekimen ezberdinekin: Ezker Anitza, Equo... eta egia da Podemos zein Por un mundo más justok planteatu dute Ikunek duen azpiegituraren aldeko jarrera hurrengo hauteskundetara begira.

Egia da Podemos-en kasuan Pablo Iglesiasek egindako proposamena dela. Por un mundo más justok onartu du dagoeneko.

Pablo Iglesiasek Guanyem, Ganemos eta gainerako taldeen artean aipatu gaitu baina bere batzarrak onartu beharko du. Horrela izango ez balitz ez genuke ondo ikusiko Podemos-ekin harremana, parte-hartzaileak ez direla erakutsiko lukete eta. Kasu honetan oso argi daukate eta badakite proposamena dela. Proposamena Pablo Iglesiasek egin du eta horrek pisu handia dauka baina batzarrak berretsi behar du.

Baiezkoa emanez gero prozesu oso interesgarria jarriko litzateke abian, Ikune izan daitekeelako Podemos-en zirkuluek indartu dezaketen eredua haien azpiegituren bitartez.

Baina horrek prozesua izan behar du eta garatu behar da.

Hurrengo hauteskundeetara begira ildoak landu dituzue edo jendearen partaidetza behar duzue oraindik?

Ildo orokorrak funtsezkoak dira. Biak dira politika berriaren garapena, orain arte egin duguna, herritarrei boterea emanez eta bestea da talde aktibo eta elkarteen indarrak bideratzea. Hori da helburu garrantzitsuena.

Ez Laudiori begira -hori programan jasoko da- baizik eta filosofia aldetik. Laudion gertatzen dena da alderdien kupulen interesen ondorioz tokiko interesak kanpoko interesen menpe daudela. Adibide ezberdinak izan ditugu, parke eolikoa eredua izan daiteke. Ohiko alderdiek akordioetara heltzen dira Batzar Nagusietan edo Eusko Jaurlaritzan eta zenbait herri kaltetuak izaten dira. Eta Laudio horietako bat da.

Gure helburua da herritarrei boterea ematea eta herritarrek erabaki dezaten zeintzuk diren aurre egin behar zaizkien erronkak. Ildo batzuk ditugu legealdian egindako lanarekin baina hurrengo lau hilabeteetan partaidetzak izango du protagonismoa eta oihartzun eta parte hartze gehiago duten proiektuak aurrera eramango ditugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide