"Mila sentimendu, 18 edizio, hamar egun, erronka bat"

Erredakzioa 2013ko mar. 12a, 10:28

ITZIAR URKIJO (LAUDIO). 896 karaktere, 1000 sentimendu, 18 edizio, 10 egun, erronka 1. Zenbakien gizartean mugitzen gara, zenbakien erritmoa gure erritmoa bilakatu dugu eta askotan, zenbakiez hitz egin ezean, ez dugu mezurik barneratzen. Hitz hauek idazteko aukera eman zidatenean, kontuak egiten hasi nintzen: zein urtetan bizi izan nuen nire lehen korrika, zenbatetan parte hartu dudan, zenbat kilometrotan zehar aritu naizen gehienetan…zenbakiak berriro ere. Badirudi, kontrola eramateko erarik erosoena bilakatu dela guretzat zenbakien erabilera hau.

896 karaktere, 1000 sentimendu, 18 edizio, 10 egun, erronka 1. Zenbakien gizartean mugitzen gara, zenbakien erritmoa gure erritmoa bilakatu dugu eta askotan, zenbakietaz hitz egin ezean, ez dugu mezurik barneratzen. Hitz hauek idazteko aukera eman zidatenean, kontuak egiten hasi nintzen: zein urtetan bizi izan nuen nire lehen korrika, zenbatetan parte hartu dudan, zenbat kilometrotan zehar aritu naizen gehienetan…zenbakiak berriro ere. Badirudi, kontrola eramateko erarik erosoena bilakatu dela guretzat zenbakien erabilera hau. Hala ere, sentitzen dut, nire oroimen “sistema” ez da zenbakien parametrotan eroso sentitzen eta emozioen inguruan aritzea du nahiago. Sentimenduez lagunduta eraikitzen ditugu oroitzapenak eta
bizipenen islada fidagarriena izaten dira gehienetan. Korrikaren erronka emozioetatik abiatuz eta sentimenduetan oinarrituz sortu da,beraz, zentzudunena, ildo horretatik jarraitzea da.

Korrikak nigan sortarazten dituen emozioetan pentsatzen jarri eta burura etorri zaidan lehenengo hitza harrotasuna izan da. Harrotasuna, korrika egitearen ekintza, ihes egiteko erabili ezean, aurrera egiteko burutzen dugulako, indarrez, tinko eta ausart. Zaila dirudi 2000 kilometroz aurrera egin ahal izatea, baina badakigu, zaila bada ez da ezinezkoa. Harrotasuna korrika zoazenean jende artean, bat eginez, pausu lasai eta sendoak ematen dituzten
esperientziaz beteriko oinetatik, pausu arin eta urduriak ematen dituzten ilusioz beteriko oin berrietara. Belaunaldi ezberdinak topatzeko aukera, bat egiteko aukera ezinhobea dela ikusi da urteetan zehar. Lekukoa, batetik bestera doa, aitaren besoetan doan haur eskolako artistatik, bere bizitza osoa euskararen iraunkortasuna ziurtatzeko lan eta lan ibili izan den andereñora. Harrotasuna, erronka honen barruan oinatz txikia zaren arren, handi ikusten
duzulako zeure burua, erraldoi, zergatik ez.

Txikitatik lotu izan dut Korrikaren eguna askatasun sentimenduarekin. Normalean, eguraldi kazkarra egotekotan, etxean egotera behartuta zeunden edo askoz jota, katiuskak jantzi eta ikastolarako bidean zeuden hiruzpalau putzuak zapaltzeko baimena ematen zizuten. Ez zen ohiko kontua euria zegoenean kalera irtetzea korrika egitera. Amaren hitzak horrelako zeozer proposatu eskero gogorregiak izango liratezke hemen idazteko…, baina Korrikaren egunean ez. Euria, kazkabarra, eguzkia, beroa edota hotza egon arren, kalera ateratzen ginen. Kalera irtetzen ginen, baimenarekin gainera. Orduaren kontuarekin ere, arau guztiak ahazten ziren. Berandu izaten ziren gaueko orduak, kalera irtetzeko orduak bilakatzen ziren. Korrikaren eguna, jaieguna izan da betidanik, baimenarekin bizi izaten genuen egun berezia.

Herrimina ere burura dator behin eta berriz (burura baino bihotzera), sentimendu gozo eta gazia neurri berean. Gozoa, nahiaren eskutik emanda doalako, izan zenaren edo izan zirenen bueltatzearen gogoa, aurrera jarraitzeko grina, xede bat lortzearen jarrera irmoa hartuta. Sentimendu hori agertzearen arrazoia, Korrikaren inguruaren bizitzen diren milaka gauza ezberdinen berezitasunean du oinarria. Konpartitzeko gogoa. Bestalde, gazia da, nahi horren ezinezkotasunagatik askotan. Urrun daudenak gerturatu ezin, jada joan direnak itzultzerik ez…Baina, hala ere, hala da, batek aspaldi ongi azaldu zuen moduan, ez direnak ere badirelako, bizitza, ez diren gauzez osatzen baita.

Herriminaz hitz egiten denean, ezinezkoa da adiskidetasuna alboratzea, ahaztea. Adiskidetasuna berez, atxikimendu harremana dela esan dezakegu, non bata bestearen ongizatea bilatzen den. Korrika zoazela, sorbaldan ematen dizkizuten kolpe lagungarriak horren islada dira, erritmo eramangarria markatzen duten konplizeak. Zenbatetan jeitsi dugu erritmoa laguna atzeratzen dela ikustean, zenbatetan lagunek erritmoa zugatik jeitsi
dutela nabaritu. Jasaten duzun azken kilometroa izango dela esaten duzunean, baietz esan eta hurrengora bultzatzen zaituen ezaguna…hor dago gakoa. Gorputzak energia sortzeari uko egiten dionean, albokoaren energiaz baliatzen gara, indarrak ez baitu jabeen inguruko arau
zehatzik.

Edozein ekintza fisikoan bezala, korrika egitean, xedea dena delarik, nekearen sentimendua agertzen da. Lehen aipatutako azken kilometro desiragarri hori. Uff…zenbatetan bilatu izan ditut nire ingurukoen aurpegietan izerdi seinaleak, arnasestukaren zaratak edota “hurrengo leku lauean buelta eh?” hitzak. Gogoratzen naiz, apostuak egiten zirela ikastolan honen inguruan. “ 4 Kilometrotan zehar arituko naiz aurten” esaten bazuen batek, albokoak,
kilometro bat gehitzen zion ekintza gogaingarri hartara eta bularra puztuta egoten zen egun osoan zehar. Ongi neurtu behar ziren distantziak, indarrak ere muga ezagutzen duelako. Betidanik esan da korrika egin ahal izateko lehenengo ibiltzen ikasi behar dela, eta ibiltzen bidea egiten dela. Ongi ohi dakigu hori, ongi.

Idatzi ahala, geroz eta atzerago noa denboran, jada ahaztutak nituen oroitzapenak datoz bueltan. Korrikaren inguruko emozioak ez dira egun berean hasten eta bukatzen. Zelango poza ikastolan prestaketa lanekin hasten ginenean! Petoak marraztu, margotu, moztu…ekintza bereziak, ipuin kontalariak, antzerki, dantza eta idazle famatuen bisita bereziak. Lehenengo urteetan, nagusien antzezlan eta ekitaldien ikusle izan ginen, gero, prestaketa lanak burutu eta harro joaten ginen txikiengana aurkeztera eta azkenik, praktiketan egonda, Koordinaketa lanak burutu nituen eta prozesu guztia “kanpotik” ikusteko aukera izan nuen, berezia, oso. Normalean erdaraz aritzen zirenen artean ere entzuten zen euskara eta jolastokietan irakasleen artean ez zen hizkuntzarekin erlazionatutako esaldi ezkorrik entzuten. Orain, idatzitako hitzak irakurtzerakoan, errealitate paralelo baten barruan geundela ematen zuen, desiragarria zen guztia gertatzen zen, poztasuna zen gure eguneroko jantzia.

Esperientziak erakutsi dit, sentimendu eta emozioetan ez dagoela araurik, ez jarraitzeko ildo finkorik eta mugarik ere. Emozioen mundua berezia da, bakarra. Horregatik, 700 hitz idatzi eta gero ( bai, zenbakien gizartean egon eta gero kontrolatu ezin daitekeen akatsa da dena zenbakitzearen nahia) Korrika hobekien definitzen duena Tipi-tapa sentimendua dela ondorioztatu dut. Itsu batek koloreak definitzeko erabiltzen dituen esamoldeak ulertzeko
ditugunen zailtasunen parean kokatuko nuke tipi-tapa sentimendua ulertzeko ezintasuna. Hau da, bizi ezean, ezinezkoa ulertzea. Gure egia edo errealitatea, errealitate edo egi bakartzat hartzen dugu, akats potoloa. Zenbat gauza, bizipen, ezagupen galtzen ditugun hankasartze horregatik… Poza, nekea, adiskidetasuna, herrimina, askatasuna eta harrotasuna ongi deskribatzen dute nire esperientzia kontutan hartuta Korrika, baina ez da nahikoa, gauza asko galtzen dira. Horregatik, tipi-tapa erabiliko nuke korrikak sentiarazten didana azaltzeko. Honen barruan sartzen baitira aipatutako pasaje eta gorabehera guztiak.

1000000 lagun batzeko, 100 edizio gehiago bizitzeko, 10 egun falta dira eta sentimendu 1: tipi-tapa, tipi-tapa….KORRIKA!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide