Iratxo Taberna, agur eta ohore

Aitor Aspuru Saez 2016ko urr. 14a, 09:27

Iratxo Tabernak urriaren 22an amaituko du ibilbidea, ofizialki. Agur jaia antolatuko du jabeak eta edabe magiko, toxiko eta azukredunak bukatzen saiatu ez ezik, tabernako zenbait traste enkantean ere salduko ditu.

Bai, hala da, bezeroek elementu batzuk eskuratu nahi dute fetitxismoa eta etorkizuneko nostalgia aurreikusita, euren ideia izan baita.

Fetitxismo hori ez da harritzekoa, aintzat hartzen bada zer nolako lagun elkartu izan ohi diren Iratxon; eskualdeko izaki benetan arraroak eta gizartaratzeko zailtasunekin, alegia.

Horrela, edozein egunean barraren inguruan entzun zitekeen musika punk-hardcoreari, espeleologiari, nazioarteko politikari, txakurrei edo botanikari buruzko solasaldiak (batzuetan sekulako eztabaidak eragiten).

Rutger Hauerrek Blade Runner filman esaten zuen moduan, une horiek guztiak galduko dira malkoak eurian bezala (kasu ugaritan, zorionez). Hala ere, faltan sumatuko duguna zera izango da; xelebreentzako erreserba naturala izatea eskura, hori izan baita taberna urte luzez.

Zentzu horretan, litekeena da gainerako tabernariak dardarka egotea, frikiok beste gotorlekuren bat bilatu beharko baitugu (hori baitzen gure sare sozial analogikoa) eta emandako zerbitzuagatik eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen.

Bukatzeko, Mararen kontzertua izango dugu gaur eta espero dugu Igorrek emanaldi ahaztezina eskaintzea (albornoza jarrita, agian?).

Urriaren 22an azken jaia dela medio, agian ezusteren bat egongo da, nik ekarpena egitearren, proposatzen dut goiko solairutik puenting txapelketa egitea soka barik (aspaldi askok -Caballok, besteak beste- egiten zuten moduan zerbitzaria haserretzeko) eta, amaitzeko, ondo legoke norbaitek bere burua psikoanalizatzea barran etzanda eta garagardoa eskuan (duela hilabete gutxi ikusi zuten batzuk), laster Patas doktorearen kontsulta ixtera doa eta eroak herritik sakabanatuko baitira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide