UKML. Europako errepideetan galduta

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko ira. 14a, 23:30

Tren geltokitik gertu dagoen zakarrontzi batean sartu dut burua. Eskuarekin zaborra arakatu eta kartoi zati bat atera dut. Kartoi zuriaren gainean bi izen idatzi ditugu boligrafoz: "Krakovia" eta "Ostrava".

Ilunabar gorria dugu gaurkoa. Olomuc herriaren kanpoaldean gaude. Oso lasai dago arratsa Txekiar Errepublikako leku baztertu honetan. Kale huts eta luze batean gora abiatu ditugu gure pausuak. Errotonda handi batera heldu gara, bi supermerkatu eta etxe bloke bakartu batzuk daude inguruan. Kartel handi batek Ostrava hirira hartu beharreko irteera seinalatzen du, bere azpian jarri gara eta hatz lodia errepidera atera dugu.

Iluntzen doa. Supermerkatuak ixtear daude eta azken bezeroak euren  kotxeetara igotzen ari dira; baten bat gure noranzkoan joango da. Minutuak aurrera doaz, kotxeak pasa eta pasa egiten dira. Gutxi batzuek bakarrik egiten dute guri begiratzearen esfortzua. Niretzat berria da esperientzia da hau eta motibazioak denbora arinago pasatzea eragiten du. Inguruko etxe bateko balkoira neska bat atera da zigarroa gaueko haize freskoarekin elkarbanatzera, begira jarri zaigu. Ordu erdian kotxe gehiegi pasa dira gure aurretik, desesperatzeko arrazoiak ez dira falta. Erosketaz betetako furgoneta bat. Bederatziak eta bost minutu pasata. "Txumba-txumba diskotekeroa" topera daraman kotxe zahar bat; eskerrak gelditu ez den. Bederatziak eta hamar. Motor bat. Bederatziak eta hamaika minutu. Trailer erraldoi bat; ondo legoke horrelako batean igotzea. Bederatziak eta hamaika minutu oraindik. Bizikleta bat. Ez du merezi erlojua begiratzea, argi dago denbora gelditu egin zaigula. Beste motor bat.

Berrogeita hamar minutu daramatzagu errepide bazter honetan besoa luzaturik. 21:25 markatzen du erlojuak. Kotxe bat geratu da gure ondoan. Gizon ile urdin bat atera da bertatik, ez daki ingelesez baina gurekin elkar ulertzeko duen prestutasunak gauzak erraztuko dizkigu. Mapa atera dugu Ostravara goazela azalduz, bertatik, Karkoviara jotzeko. Gizona Ostravara doa, baina Krakoviara joateko beste noranzkoan dagoen herri batera joatea askoz komenigarriagoa dela esan digu. Prest dago gu bertara eramateko. Frýdek-Místek-era goaz.

Zorte berdina izan ote dute gure lagunek?

Kotxea trastez beteta dago. Erosketak, ur botilak, aldizkariak eta traje elegante bat baztertuta atzeko eserlekuan eroso eseri naiz. Tipoa musikaria da, mandolina jotzen du inguruko folk talde batean. Zaila zaigu elkarrizketa mantentzea, baina imintzioka bada ere, inguruko hamaika lekuren azalpenak jaso ditugu; gaueko iluntasunak ezkutaturiko Hyundai kotxeen fabrika, Sigumnd Freud-en jaioterria eta gure txofer hiztunaren gurasoen udako etxeen ondotik igarotzen ari garela jakin dugu horrela.

Frýdek-Místek  herriaz haratago ibai batek markatzen du Txekiar Errepublika eta Poloniaren arteko muga. Muga zeharkatuta, autopistako parking batean utzi gaitu gure gidariak, mapan koka gaitzala eskatu eta eskerrak eman dizkiogu. Bueltan doa odisea honetako gure lehenengo txoferra, ibaiaz bestaldeko bere herrialdera.

Iluntasunean aurkitu gara halakoan, zeharo galduta. Gaueko 22:30ak dira, kamioiak baino ez dira ikusten gure inguruan. Hatz lodia errepidera atera dugu beste behin. Autopistako estugune batean gaude, kotxeak abiada bizian pasatzen dira gure ondotik, kamioiak are azkarrago oraindik. Euria hasi du, aparkatutako kamioi baten azpian lo egitea bururatu zaigu une batez. Ez, ilunegia da lekua, lo egitea bada gure autua hobe atzera  egitea, Frýdek-Místek herrira buelta.

Bi ordu daramatzagu kotxe erreguan, ez aurrera, ez atzera. Berdin zaigu nora joan, atsedena besterik ez dugu nahi. Jende bitxia dabil iluntasun hezean hara eta hona, deseroso sentitzen gara hemen.

Kamioneta txuri bat gelditu da gure parean, barrura begiratu eta guri agur egiten bi gazte aurkitu ditugu. Hara non, gure bi bidaia-kide galdu, munduaren amaiera den parking ilun honetan topatu ditugun! Kamionetako gidariak hemen utzi behar ditu abandonatuta hauek ere, Varsoviara doa eta bidea hementxe desbideratzen omen da. Kamionetaren barruan dauden beste bi atsok pena aurpegiaz fruta apur bat eskaini digute eta autoak bideari ekin dio berriz.

Hau poza! Taldearen bi heren, gutxienez, onik eta osorik gaude oraindik! Gure lagunekin esperientzia truke azkar baten ostean, beste behin,esan diogu agur elkarri. Hauek tarte batez oinez jarraitzea erabaki dute, guk kotxeekin zortea bilatzen jarraituko dugu. Gau ilunean  desagertu dira lagunak. Euria berriz.

Desesperatuta parkingetik atera berri den kamioi bat gelditu dugu. Kamioi gidariak 30 kilometrotara dagoen hiri batera hurbil gaitzakeela esan digu. Ilusioz kamioiko kabinara igo gara. Dena belusez estalita dago eta kolonia kiratsa dario. Kamioilari bakartiari konpainia egiteko pelutxeak daude nonahi. Kamioilaria Estambulekoa da eta hau ere ez da oso abila ingelesarekin. Nongoak garen azaltzen ahalegindu gara: "Basque Country, north of Spain, south of France". Ezer ez, tipoak ez du ulertu; bide errazetik jo dugu orduan: "Bilbao? Athletic de Bilbao?" Orain bai, gutxi gora behera bada ere mapan kokatu gaitu. Tristea futbolaz baliatu behar izana, baina barkatuko diogu, ez gaude eztabaida geopolitikoetarako.

Kamioilariak errepideko zubi baten azpian utzi gaitu. Euria hutsa zena ekaitz bihurtu da. Trumoiak eta tximistak. Gau erdia aspaldi igaro da. Gu galdurik jarraitzen dugu. Adorez jantzi, arnasa sakon hartu eta gertuko gasolindegi batera hasi gara korrika. Bi pertsona daude barruan, gasolindegia, gaurkoz, ixteko lanean. Hauek ere ez dute ingelesez hitz egiten. Kostata, Bielsco-Biala izeneko hiritik hiru kilometrotara gaudela atera diegu eta gu laguntzeko inongo intentziorik ez dutela argi utzi digute.

Euripean, haserre, nekatuta eta oinez jarri gara hirira martxan. Ahalik eta azkarren goaz. Txankletek oinetatik ihes egiten didate. Madarikazioak. Kotxe baten argiak ikusi ditugu urrutian, besoa luzatu eta gelditzeko eskatu diogu. Gure parean gelditu eta gidaria kotxetik atera den arte ez gara ohartu: polizia auto bat da. Falta zitzaiguna, gaua kalabozoan! Gure harridurarako hiriraino eramateko prest agertu dira. Atzeko eserlekuetan eseri gara. Orain arte hainbatetan errepikatu dugun elkarrizketa berdina izan dugu polizia agenteekin ere: "Nondik zatozte?", "Nora zoazte?", "Nongoak zarete?"... Betiko moduan Basque Country erantzun dugunean, poliziak, gaztelera prefektuan, zera bota du: "Pais Vasco?". Giroa segituan hoztu da. Hauek bai, zoritxarrez, hauek badakite mapan non gauden.

Bielsco-Biala hiriko tren geltokiko nasan lo egitea erabaki dugu, nasaren erdi erdian, inon ezkutatu gabe. Ekaitzak ez du etenik. Telefonoko alarma goizeko bostetan jarri dugu, bihar lehenengo trena hartuko dugu Katowice izeneko hiriraino. Atsedena behar dugu orain.

Goizeko seietan esnatu gara. Jende ugari dago gure inguruan hara eta hona, denak lanera joateko presaka. Inork ez digu ezer esan eta inork ez digu ezer esango. Arreta deitzen ez dugula dirudi. Pentsatutakoa baino askoz beranduago esnatu bagara ere etzanda jarraitzea erabaki dugu, atseden une hau azkeneraino zukutu nahi dugu, helduko da noizbait martxan jartzeko ordua;  baina oraindik ez faborez. Lo zakua barruan goxo sartu eta postura harturik bizkarra eman diogu nasako jendetzari.

7:30ak. Katowicerako trena, lineako tren arrunt bat da. Azken bagoian eseri gara eroso interbentorea etorri den arte. Billetea ez geneukala ikusita trenetik bota gaitu; hau gertatu zitzaigun azken aldian 400 kilometroz desbideratu ginen eta Bratislavan amaitu. Eskerrak Katowicera trenak 20 minuturo pasatzen diren. Hurrengo trenean ez da interbentorerik pasa.

Katowice Krakoviatik 80 kilometrotara dagoen hiria da. Goizeko 9:20ak dira oraindik, patxadaz hartuko dugu goiza. Kafe beroa eta pasteltxo bat gosaldu, komunetik pasa... Komentatu digutenaren arabera bus bat dago Krakoviara 12 zloty-ren truke, 3 euro inguru. Gu jolastera etorri gara, auto-stopean eta musu-truk heldu bagara honaino auto-stopean goaz helmugaraino.

Indarberrituta atera gara errepidera, hatz lodia altxatu beharko dugun azken aldia izango da hau, berehala gaude Krakovian. Oker, beste behin

Kalanbreak sentitzen ditut besoan, kostata mantentzen dut luzatuta nire hatz lodi mindua. Bi ordu daramagu kotxe baten zain eta ez zaigu inor gu eramateko prest agertu. Agonikoa da hau, milaka eta milaka kotxe pasa dira gure aurretik. Gosariak eskaini digun energia guztia erre egin dugu. Sutan gaude. Beste mila kotxe pasa dira aurretik eta bakar bat ez da gelditu. Noizarte?

Auto-stop egiteari utzi eta oinez goaz errepide ertzetik; biraoka. Ez al dago Poloniar adeitsurik?

Kotxe bate balaztada handi batekin geratu da gure parean. Leihatilaren bestaldetik neska gazte bat keinuka ari zaigu, gu kotxera igotzea nahi du. Urduri dirudi, baina are urduriago gaude gu, denbora daramagu "Krakovia" dioen karteltxoa gordeta,  nola daki nora goazen? Kotxetik atera da neska azkenean. Ingeles perfektuan azaldu digunez, auto-stop egiten ikusi gaitu, gelditu nahi zian duenerako berandu omen zen eta buelta osoa eman du gu jasotzeko asmoarekin. Homo Sapiens delakoarengan esperantza bereganatu dugu berriz! Motxilak maleteroan gorde eta orain bai, ziurtasunez esan dezakegu Krakoviara goazela.

Gidaritzat dugun neska Dacamara du izena, Katowicen bizi da eta Krakoviako unibertsitatean ikasten du, bi egun barru berak ere bidai bat egin behar du auto-stopean, Greziara doa. Abentura txiki honetako azken zatia oso atsegina egin digu neska gazte hiztunak. The Beatels taldeko "Sgt Peppers Lonley Hearts Club Band" diskak girotzen du gure elkarrizketa.

Ohartu garenerako Krakovian gaude. Eguerdia da. Dacamarak unibertsitatea erakutsi digu. Elkarrizketan geundela matrikulak zenbat balio duen galdetu diogu, gazteak ikara aurpegia jarri du: "Nola zenbat balio duen matrikulak? Doakoa da! Ez dizuet esan ba, unibertsitate publikoa dela?" Inozoak gu.

Dacamara agurtu eta Krakoviako tren geltokira heldu gara oinez. Eguerdiko 13:30ak. Kasualitatea berriz ibili da gurekin jolasean eta sei lagunak ia ordu berean jo dugu helmuga. Irribarreak, besarkadak eta elkarri kontatzeko hamaika anekdota motxilan sartuta.

Bakoitzak bere modura egin du bidaiaren etapa hau: Trenez, auto-stopez, oinez, korrika... Bakoitzak bere modura bizi izan du eta bakoitzak bere modura sentitu du; baina emozio uholde bat izan denik ezin ukatu inork. Denok bereganatu dugu zer edo zer, nik behintzat, beldurrak kendu eta bizitzari ilusioz, adorez eta alaitasunez heltzeko grina. Gezurra litzake, Bratislava eta Krakovia banatzen duten 400 kilometro hauek, aldatu ez gaituztenik esatea. Elkarrekin gaude seiak berriro. Indarberrituta eta gogotsu egin dezagun aurrera. Jarrai dezala bidaiak; jarrai dezagun Europako kaleetan zehar galtzen!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide