Al Infierno en Goitibera: "Arazorik ez balego, seguruenik loreen edertasunaz edo lainoberaren hezetazunaz hitz egingo genuke"

Txabi Alvarado Bañares 2010ko ira. 10a, 10:47

Al Infierno en Goitibera 2004an sortutako Laudioko musika taldea da. Hardcore-punk rock estiloko musika jorratzen dute eta 2005ean lehen maketa atera zuten. Oraingoan, lehen diskoarekin datozkigu: “Presaka”; Politburó Recording Fiascorekin elkarlanean ekoitzitako lana. Haiekin egon gara atera berri duten lan honen nondik norakoen inguruan hitz egiteko.

Al Infierno en Goitibera 2004an sortutako Laudioko musika taldea da. Hardcore-punk rock estiloko musika jorratzen dute eta 2005ean lehen maketa atera zuten. Oraingoan, lehen diskoarekin datozkigu: “Presaka”; Politburó Recording Fiascorekin elkarlanean ekoitzitako lana. Haiekin egon gara atera berri duten lan honen nondik norakoen inguruan hitz egiteko.

Taldea 2002. urtean sortu zen, nolakoa izan da urte haietatik gaur egun arte izan duzuen ia hamarkada bateko ibilbidea?

Ba egia esan, taldekide batzuen lan ordutegiak eta familia hazkundeak ematen duen denborarik ezak markatu du taldearen ibilbidea, hau da, 8 urte hauetan geldiune ugari izan ditugu. Era berean eboluzio txiki bat be izan dugu, baina ez gara profesionalak (jatorrak bai-gero!).

Lehenengo grabazioa 2005ean atera zenuten, nolakoa izan da taldearen soinu eta estilo garapena hasierako lan hartatik gaur dakarzuen Presaka diskoraino?                                                                                                 

Ba, egia esan garapena abesti berrienetan ikusten da, nahiz eta kanpotik ezin jakin zeintzuk diren berriak eta zeintzuk zaharrak, diskoan sartu ditugun maketako sei abestiak izan ezik, berriz grabatuta, hori bai. Baina esan beharra daukagu ere hobeto jotzen ikasi dugula. Disko honek aurreko lan maketereoa baino lan askoz ere handiagoa du soinu aldetik eta baita abestien kopuru aldetik (17 kantu).

Presaka diskoa Politburó Recording Fiascorekin batera ekoitzi duzue, zerk bultzatu zaituzte zigilu autogestionatu honekin lan egitera? Pozik al zaudete elkarlan horren bidez lortutako emaitzarekin?                                                                                    

Hasierako ideia autoekoizpena zen, horrek ematen duen buruhauste guztiarekin. Geroago Politburók interesa ipini zuen eta guretzat lagungarria izango zela pentsatu gendun. Politburodarrak betiko lagunak dira eta geure lan egiteko filosofiarekin bat egiten dute (edo guk eurenarekin hobe esanda), eta gainera, Laudioko musikari eta taldeekin lanean diraute eta hori geuretzat gauza garrantzitsua da.
 

Diskoa Creative Commonsekin argitaratu duzue, zein izan da zuen lana lizentzia honen bidez ateratzearen arrazoia?                             

Ideia musika askatzearena da. Copyright-arekin ere musika libre utz dezakezu arazo barik, baina geure ideia da libretasun hori erakustea eta zuzenki baimen hori zabaltzea. Web-a martxan dogunean (hemendik lasterrera) diska osorik libre jaisteko eta kopiatzeko aukera emango dugu, nahiz ta CDa 5 euro mixerorengaitik lor dezakezun, geure helburua geure musika zabaltzea delako eta pirateoak aukera hori ematen digu.

Zuen abestiek politikarien ustelkeriaz, pobreziaz, drogez, kontsumismoaz, kartzelaz… hitz egiten dute, zerk bultzatzen zaituzte gai hauen inguruan kantatzera?                                                                                                                                 

Betiko topikoak dirudite, baina egia esan konpondu bako betiko arazoak dira. Ikusten eta sentitzen dogunaren islada dira letrak eta askotan geure musikaren iluntasunak holako gai ilunak jorratzera bultzatzen gaitu. Maitasunaz eta mundu arrosaz abesten duten taldeak makina bat dira, eta egia esan, gutxi batzuk kenduta guri ez digute batere betetzen. Arazorik ez balego, seguruenik loreen edertasunaz edo lainoberaren hezetazunaz hitz egingo genuke, baina oraingoz ez daukagu horretarako gogorik eta ostia txar apur bat be beharrezkoa izaten da.
 

Diskoa atera berri duzuelarik, aurkezpen kontzertuak egiten hasi zarete. Zuen iritziz, nolako harrera izaten ari zarete?               

Oraingoz eztakigu, orain, irailean hasi behar dogulako baina lagun eta ezagunen artean diskoaren harrera ona izan dugu. Argi daukagu geure musika-estiloa minoritarioa dala eta Fito edo Su ta Gar horien antzerako arrakastarik ez dugu espero. Lokal txikiak erdi-beteta ditugunean pozik geratzen gara, gehiago bada, itzel!
 

Etorkizunerako proiekturik buruan?                                                                                                              

Ba epe laburrera, diskoa ezagutarazi eta zuzenean ahal den gehiena jo, gauzarik dibertigarriena dalako eta geure lana erakusteko modurik zuzenena. Epe luzera, larregi zahartzen ez bagara geurearekin jarraitu eta abesti berriak sortzen ibiltzea.

Nolakoa iruditzen zaizue Aiaraldeako mugimendu musikala?
                                                                                      

Orain dela urte batzuetatik hona jotzeko leku gehiago dagoela uste dugu (La Kuadra, Orbeko Etxea, Laudioko gaztetxea, Laudio Metal…) baina orokorrean, beste leku batzuekin konparatuta, Aiarak duen arazo handienetakoa da jende gutxi joaten dela kontzertuetara, inoiz baino talde gehiago egon arren.

Besterik gabe, beste ezer gaineratu nahi baduzue...
                                                              Eskerrik asko gutaz gogoratzeagatik eta aurrera aiaraldea.com proiektuarekin. Geure web orria www.alinfierno.com da.

 

Al Infierno en Goitiberak kontzertua eskainiko du gaur gauean Ugaon, Ugaoko jaien programazioaren barruan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide