80 milioi euroko salmentak egin ditu Tubos Reunidosek urteko lehen hiruhilekoan, iaz epe berean eginikoak baino % 56 gehiago.
107.100 euroko irabazi netoak izatea ahalbidetu dio horrek enpresari. Hobekuntza nabarmena da, iaz 11,1 milioi euro galdu baitzituen denbora-tarte berean.
Gauzak hala, aurten 80-100 pertsona inguru gehiago kontratatzea aurreikusi du enpresak, iaz Amurrioko lantokian enplegua erregulatzeko espedientea abian jarri zuen arren.
Hala adierazi du Guillermo Ulacia lehendakariorde exekutiboak. Ulaciak aurreratu du lanpostu berri horietako gehienak Arabako lantoki berrian sortuko direla. Gaur egun 1.500 langile ditu guztira multinazionalak.
Enpresako lehendakariordearen aburuz, hiru izan dira emaitzen hobetzean eragin duten faktoreak: salmenten igoera, produktu katalogo berria eta Estatu Batuetan eta Nanclaresen azpiegitura berriak abiatu izana.