18 familiari lagundu behar izan die udalak, Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kendu dielako

Erredakzioa 2017ko eka. 6a, 07:00

Lanbideren Laudioko egoitza, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Mota horretako laguntzen eskaera kopuruak gora egin duela adierazi du Isa Boveda zinegotziak.

Laudioko 28 familiari eman zizkien udalak “mantentze-laguntzak” iaz. Horietako 18ri  Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kendu zien Lanbidek, eta horregatik jo zuten udalera.

Hala adierazi du Isa Boveda ongizate arloko zinegotziak. “DBE kendu dieten familiak lagundu ditugu, betiere  diru-laguntza hori arduragabekeriagatik edota informazioa ezkutatzeagatik galdu ez badute”, azaldu du, eta salatu du Lanbiderekin “arazo asko” ari direla izaten azkenaldian, “malgutasun gutxirekin jokatzen ari dira kasu askotan. Hanka sartze txikienagatik ere ukatzen dute DBE hartzeko eskubidea”.

Eskaera kopuruak gora
Larrialdi Sozialerako diru-laguntzak ere eskaintzen ditu udalak. Iaz 155 familiek eskatu zuten bultzada. 230.000€ bideratu ziren horretarako. Eusko Jaurlaritzak 196.000€ jarri zituen eta Udalak 34.000€. Bovedak nabarmendu du azken hiru urteetan igo egin dela laguntza eskatzen duten familien kopurua, "egoera okerrera doanaren seinale".

Elikagai bankuarekin ere elkarlanean aritzen da Udala. Hain zuzen, iaz 60 tona elikagai banatu zituzten 341 familien artean. Etxegabeen kasuan, berriz, 2016an bazkarietarako 135 bono eta garraiorako 89 txartel banatu zituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide