Whatsapp bidez zabaldutako gezur islamofoboa salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 20a, 09:00

Mezuaren zati bat, mugikor baten pantailan. / aiaraldea.eus

Laudioko komunitate musulmaneko zenbait kidek adierazi dute Ertzaintzarengana joko dutela salaketa jartzera, mezuaren atzean “gorroto delitua” dagoela argudiatuta.

Natxo Urkixori buruzko mezua zabaldu da azken egunetan whatsapp mezularitza aplikazioaren bidez. Mezuaren arabera, Laudioko alkateak ezezkoa eman dio “guraso musulmanek” eginiko eskariari: eskola-jantokietan txerri okela zerbitzatzeari uztea. Urkixok ezezkoa emateko plazaratu omen dituen argudioak zerrendatzen ditu mezuak, kutsu islamofobokoak guztiak.

"Informazio hori guztia faltsua da", baieztatu du Natxo Urkixok. Udalak ez du eskola jantokien gaineko erabakimenik, zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzak kudeatzen baitu catering enpresen bitartez. Hortaz gain, mezuak aipatzen duen iturria (“La voz de Alava” egunkaria) ez da existitzen, alkatearen hitzetan. Ez da, gainera, mezu iruzurti hori zabaltzen den lehen aldia, urteak baitaramatzate antzeko bertsioak mundu osoan barrena barreiaturik.

“Gorroto delitua”
“Salaketa jartzeko asmoa dugu, gorroto delitu baten aurrean gaudelako eta gure seme alaben etorkizuna babestu nahi dugulako”. Hala adierazi du Othman Alfredo Gomez-Cambronerok. Laudioko komunitate musulmaneko kideak azaldu du hainbat guraso joan zirela Latiorro Ikastetxeko jantokiaren hurrengo urteko plangintza aurkezteko bilerara, eta bertan proposatu zutela ume musulmanentzako menu alternatiboa sortzea.

“Bilera oso ondo joan zen, normaltasun osoz”, nabarmendu du Gomez-Cambronerok, baina gaineratu du whatsapp mezua horrekin erlazionatua dagoela, bere ustez. “Maltzurkeriaz zabaldu den mezua da”, salatu du, “ikastetxean planteatu genuen ekimena guztiz desitxuratzen du, gezurrak baliatuaz, eta udalaren eta alkatearen izena ere zikintzen ditu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide