Iazko eskema errepikatu duzue egitarauan. Arrakastaren formula topatu duzue?
Ander: Duela lau urte auzoko jende gazteak hartu zuen jaiak antolatzearen ardura. Kontzertuen alorrari eman dizkiogu bueltak batez ere. Saiatu gara jende gazteari gustatu ahal zaizkion kontzertuak ekartzen. Nik uste dut azken urteetan erantzun polita egon dela jendearen aldetik.
Nola antolatzen zarete belaunaldi berriko kideak jaiak prestatzeko?
Ander: Urtearen hasierarekin batera egiten dugu lehenengo bilera, musika eta kontzertuak lotzeko batez ere. Batzordean zegoen jendeak urte asko zeramatzan festak antolatzen, eta belaunaldi berria sartzeko deialdia egin zuten duela lau urte. Orduan hasi ginen gu.
Helene: Hala ere, lehengo jai batzordeko kideek jarraitzen dute ahal duten horretan laguntzen.
Ander: Batzordean ez gara kide asko, baina egun horietan jende asko animatzen da laguntzera: krosean, umeentzako jolasetan, barra txandetan... auzokideak beti egoten dira laguntza emateko prest.
"Saiatu gara jende gazteari gustatu ahal zaizkion kontzertuak ekartzen. Uste dugu azken urteetan erantzun polita egon dela jendearen aldetik"
Mendiaren erdian egiten duzue festa. Ez duzue eguraldi txarraren beldurrik?
Helene: Ostiralean euria eginez gero, arriskua dago festa izorratzeko, karpa larunbatean soilik dagoelako. Ostiralean ezin da estalkia jarri sua egiten delako.
Ander: Hori da herriko beste auzoekiko dugun “handicapa”: ez dugu ekonomikoki lagundu gaitzakeen saltoki edo tabernarik inguruan, eta eguraldi txarrak jaia erabat oztopatu lezake.
Gauzak hala, karpa jartzeko konpromisoa hartu zuen Laudioko Udalak duela bi urte; eta eskertzen da, baina jaia baldintzatzen jarraitzen du eguraldiak.
"Jende asko animatzen da laguntzera: krosean, umeentzako jolasetan, barra txandetan... auzokideak beti egoten dira laguntza emateko prest"
Taloak dira zuen bereizgarri nagusienetako bat. Zaila al da horren ilara luzeak kudeatzea?
Helene: Gazteak, hasieratik dauden pertsonen ezagutza jasotzen gabiltza. Eurek azaldu digute nola egin. Auzoko jendea ere gerturatzen da laguntzera. Urtero jartzen gara ilarak nola ekidin pentsatzen, baina ez dugu soluziorik topatzen. Orea egin eta egosteak denbora eskatzen du. Eskertzekoa da jendeak bertaratzen jarraitzea, itxaroten egon beharko dela aurrez jakinda ere.
Zerk egiten ditu berezi San Joan Astobitzako Jaiak?
Ander: Suak, beste ezerk baino gehiago. Berezia da sua pizten den eguna. Kutsu erlijiosoa ematen zitzaion lehen, baina azken urteetan eman zaio beste ikuspuntu bat, udako solstizioarekin erlazionatutakoa. Urte askotan ospatu izanak ere egiten du festa berezi. Jai xumea da, baina herriko jendea biltzen du.
Helene: Musika, sua, jana, edana, jai giroa... mantendu dituen festa da.
Ander: Euskal giroa da beste ezaugarrietako bat. Aurreko jai batzordeak hori zuen helburu, eta gu ere horretan ahalegindu gara: euskal jai bat antolatzen, jendea euskararen inguruan biltzeko.