Irailean inauguratuko du Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkeko Kasinoa, bertako birgaitze obrak amaitu ostean. Cristina Gonzalez diputatuak adierazi du ate irekien jardunaldiak egingo dituztela, “herritarrei eraikineko areto handian eta terrazan ibiltzeko aukera emateko”.
Argazki-erakusketa ere egongo da ikusgai bertan, Luis de Landecho konde eta arkitektoaren argazkiena. “Urkixoko Markesen gizarte bizitzan garrantzi handia izan zuen higiezin baten planoak marraztu zituen berak”, Aldunditik azaldu dutenez.
Kultur Etxearen birgaiztea
Aldundiak gogorarazi du 2016 eta 2017 urteetan 2,5 milioi euro inbertitu dituztela Musika Etxea eta Kasinoa birgaitzeko, eta aurreratu dute datorren urtean Kultura Etxeko eraikineko leihoak eta berogailu sistema berrituko dituztela eta “estalki berria” jarriko dutela.