Laudioko Mazzantini zezenzale elkarteak prentsa oharra kaleratu du, aurtengo San Roke jaietan, lehen aldiz, zezenketak ospatuko ez direla kritikatuz.
Elkarteak adierazi du 2017. urtea historiara pasako dela, "350 urteren ondoren lehenengo aldia izango delako zezenketarik gabe". Zezenketak ezabatzea "buruzagi politikoen erabaki hausnartua" izan dela diote, "eta ez udalaren erabaki soil bat". Erabakiaren helburua zezenak "herriaren nortasunetik ezabatzea" dela adierazi dute, "politikarien apetaren ondorioz".
Horrela, jaietako ekintza hori ezabatzea deitoratu du zezenzale taldeak, eta adierazi dute ez dela "logikoa" kentzea, argudituta "inguruan parekorik ez duen festa, hiru mende eta erdiko tradizioa duena" dela.