Eskumenak itzultzeko eskatu dio Gobernu taldeari oposizio osoak

Aitor Aspuru Saez 2017ko abu. 28a, 20:00

Oposizio guztiak mozioa adostu  du, EH Bilduk udal osoko bilkurari zenbait eskumen bueltatzea eskatzeko; izan ere, orain Tokiko Gobernu Batzordeak ditu.

Abuztuko udalbatzan oposizioko talde guztiek aurkeztutako mozioa onartu dute, Tokiko Gobernu Batzordeko  hainbat eskumen udal osoko bilkuraren gain gera daitezen berriro. EH Bildu bakarrik agertu da eskaeraren aurka.

Eskumenak

Tokiko Gobernu Batzordearen menpe dauden zenbait eskumen oso garrantzitsuak dira udalaren funtzionamenduan; izan ere, berez, bertan ebazten dira kontratazioen esleipena, kredituen aldaketa bereziak edo udalaren horniketa kontratuak. 

EAJk, PSE-EEk eta Omniak azpimarratu dute ez dela zilegi Tokiko Gobernu Batzordeko eskumenak mantentzea, bertan bi alderdi soilik baitaude ordezkaturik; eta EH Bilduk dauka, gainera, gehiengo osoa.

Eztabaida eta tentsio ugari

Tentsioa izan da nagusi udalbatzan. Bozketa jazo da eztabaida gogorraren ondorioz, eta alkateak udalbatza gelditu behar izan du giroa baretzeko. Izan ere, Txaro Sarasua sozialista hitz egiten hasi da Iñigo Martinez Cerrilloren txanda zen bitartean.Oposizioko alderdi nagusiak, EAJk, argitu du egungo Tokiko Gobernu Batzordearen osaketa ez dela legealdi hasieran onartutako bera: bina ordezkari EH Bildu, EAJ eta Omniarentzat. Hori dela eta behartuta ikusi dute haien burua oposizioaren mozioa babesteko.

Juanma Ibarretxe jeltzaleak azaldu du legealdiaren lehenengo hilabeteetan lortutako akordioaz harro daudela, baina egungo egoera ez dela mesedegarria herriarentzat. Berez, EH Bilduk 4 ordezkari ditu orain organoan eta EAJk ez du parte hartu abuztuan.

Tokiko Batzordearen egoera

Mozioaren eta arazoaren jatorria, neurri batean, Omniaren kanporaketa da; EH Bilduk hala erabaki baitzuen uztailaren amaieran, SOS Laudioko Lamuza Parkeari bidalitako mezu elektroniko baten edukiak direla kausa.

EH Bilduk alderdi independenteari irainak zabaltzea leporatu zion, baita udal funtzionamendua oztopatzea eta joko zikina egitea ere. Omniak, ordea, aitzakiatzat hartu zuen erabakia, gehiengoa berreskuratzeko Tokiko Gobernu Batzordearen taktika politiko gisa. Gaurko udalbatzan errepikatu da tirabira, EH Bilduk aipatu ditu kanporaketa eragin zuen Omniaren mezuaren zenbait lerro (egun Laudion gobernatzen dutenak direla lehen bere ideiak inposatzeko hiltzen zutenak, besteak beste), adierazteko ez dela onargarria  Omniak  Tokiko Gobernu Batzordean jarraitzea.

Zentzu horretan, Omniak esan du bere garaian barkamenak eskatu zituela eta udal gobernu taldeak ez dituela onartu, bere asmoa delako gehiengoa izatea organoan.

 

Tokiko Gobernu Batzordea irekia

Horren aurrean, EH Bilduk azpimarratu du hasieratik bere asmoa alderdi guztiak egotea organoan izan dela, baina PSE-EEk eta PPk ez dutela nahi izan parte hartu.

Etorkizuna

Alvaro Barrios Omniako bozeramaileak gogoratu du mozioa ez dela loteslea, eta EH Bilduk erabaki behar duela eskumenak itzuliko dituen edo ez. Horren harira, Iñigo Martinez Cerrillo koalizioaren zinegotziak erantzun du lan egingo dutela Tokiko Gobernu Batzordea berriro irekia izan dadin.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide