“Guztiz abandonatuta sentitu gara gure alaba hil zenetik, badirudi ez dela ezer gertatu”

Erredakzioa 2017ko ira. 17a, 21:16

Olatxun bizi da Gonzalo Faustmann Ibañez. / aiaraldea.eus

Duela urtebete hil zen trenak Aretan harrapatuta GONZALO FAUSTMANN IBAÑEZen (Bilbo, 1961) alaba, geltokiko pasabidetik igarotzen ari zela. Gorabehera asko bizi izan dituzte senideek azken hilabeteetan, eta sinadura bilketa abiatu zuten abuztuan, ezbehar hori berriz gertatu ez dadin.

Abuztuan abiatu zenuten sinadura bilketa, istripua gertatu eta ia urtebete beranduago. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Arrazoi ugari dago. Lehenik eta behin, guztiz utzita eta abandonaturik sentitu gara, badirudi ez dela ezer gertatu, inor ez da gurekin harremanetan jarri. Bestalde, gertakariaren informazioa heldu zitzaigun. Geltokiak segurtasun hutsune nabarmenak ditu. Blog bat egiten hasi nintzen, baina hasieran ez zuen inork irakurtzen. Gero, erabaki genuen bideoa ekoiztea salaketa egiteko eta sinadura bilketa abiatzea. Horrekin gaia zabaldu zen eta erantzunak ezustekoan harrapatu gintuen.

300.000 sinadura baino gehiago bildu dituzue abuztutik hona.
Gure helburua 50.000 sinaduretara iristea zen, eta asko iruditzen zitzaigun. Baina, antza, jendea oso haserre dago, informazio falta handia egon arren. Nik esaten dut 46 hildako daudela, baina horiek dira geltokietan gertatutakoak, badago bideetan jazotako hainbat harrapaketa. Guztira 997 dira Estatu Espainiarrean azken 10 urtetan.


“Eurentzako berdina da beti istripuaren kausa: biktimak ez zuela ikusi tren bat zetorrela kontrako norabidean”


997 horietan daude zuhurtzia faltak, segurtasun faltagatik emandakoak eta suizidioak. Berez, tren enpresek ez dute inoiz aitortzen segurtasuna falta denik, eta ez daude behartuta ikertzera. Eurentzat ez da istripua, “gertakaria” baizik. Berdin zaie zergatik gertatu den: megafoniak jo ez bazuen, trenak abiadura handia zeukan, semafororik edo zaindaririk zegoen... Eurentzako berdina da beti istripuaren kausa: biktimak ez zuela ikusi tren bat zetorrela kontrako norabidean.

Nola ezagutu dituzue beste kasuak?
Istripua gertatu zenean guztiz blokeatu ginen, baina nire emaztea ni baino indartsuagoa denez, hasi zen informazioa bilatzen eta antzeko kasu bat topatu zuen, Anoetan jazotakoa. Kasu horretan, Tren Istripu Batzordeak ikertu zuen gertatutakoa, derrigortuta ez egon arren. Ikerketak ondorioztatu zuen aurretik zerbait egin izan balitz istripua ekiditeko aukera zegoela.


“Ezagutu dugu, adibidez, gurpil aulkiak zegoen emakume baten kasua: bidea egoera txarrean zegoen, aulkia trabatu zen, trenak harrapatu zuen eta hil egin zen”


Ezagutu ditugun kasu guztiak batzorde horren ikerketen bitartez izan dira, baina ez dituzte guztiak aztertzen. Ezagutu dugu, adibidez, gurpil aulkiak zegoen emakume baten kasua: bidea egoera txarrean zegoen, aulkia trabatu zen, trenak harrapatu zuen eta hil egin zen.

Gaur bertan hitz egin dugu beste emakume batekin. Bere alaba igarobide batean hil zen, bizikletan zihoala. Beste emakume bat ezagutu dugu messenger bitartez. Bere anaia duela hilabete batzuk harrapatu zuten eta egoera ez dago argi. Gainera, haurdun dago eta gertatutakoarekin distantzia hartu behar du, oso txarto pasatzen ari baita. Hala ere, berak dio ezin duela ezer egin, peritua kontratatzeak 8.000 euro balio baitu eta ez du diru hori. Horrekin jokatzen dute tren enpresek.

Arreta falta salatu duzue. Zer nolako harremana izan duzue tren enpresekin?
Dekretu batek esaten du biktimek eta senideek arreta psikologiko integrala jaso behar dutela eta enpresek eskaini behar dutela. Sinestezina da kaltea eragin duen enpresak egin behar izatea hori. Nire aburuz, Sustapen Ministerioak hartu beharko luke ardura.

Hala ere, lehenengo 8 hilabeteetan ez zizkiguten ezta doluminak helarazi. Isiltasun osoa. Gu joan ginen Abandora derrigorrezko asegurua eskatzera. Renfen esan ziguten Adifen egin behar genuela eskaera eta gero Adifek agindu zigun Renfen jartzeko. Horren ostean, jakinarazi ziguten aseguru partea bete behar genuela aseguru enpresarekin, eta Renfek esan zigun aseguruak ez duela gure alabari gertatutakoa babesten, istripuaren unean biktima ez zegoelako aseguratua, baina ez ziguten azaldu zergatik. Partea itzuli ziguten zigilatu gabe eta argudiatu zuten ez gure alaba ez zegoela aseguratua istripua gertatu zen unean, nahiz eta guk lekuko baten izena erantsi.

Erreklamazioa ADIFen langile batek kudeatu zuen. Modu harroputzean erantzun zigun, ez zuen ezer aitortzen. Mariano Tranche Sánchez du izena. Espero dut karma existitzea eta bere tankerako jendearekin topatu behar izatea bera.

Aseguruarekin eta erreklamazioarekin izan ditugun gorabehera guztiak azaltzeko artikulu bat idatzi dut blogean.


“Lehenengo 8 hilabeteetan ez zizkiguten ezta doluminak helarazi”



Beste eskutitz bat bidali genien jakin nahi genuelako zergatik Irune ez zegoen aseguratuta, baina ez digute erantzun.

Jose Maria Kazalis EAJko ordezkaria senatuan galdetu zuen honi buruz batzorde batean eta Estatu Idazkariak adierazi zuen zerbait egingo zuela. 5 hilabeteren ostean, aurreko pertsona berak barkamenak eskatu zizkigun berandutzeagatik, aholkularitza bilatu zuelako. Edonola ere, esan zigun aseguru enpresaren esku utzi zutela dena eta eurek erabakiko zutela.

Kazalisen esku hartzearen ondorioz Arabako Gobernu Ordezkaritzaren aholkularia jarri zen gurekin harremanetan. Bilera izan genuen eta horren bitartez bidea daukagu Barne Ministerioarekin harremanetan aritzeko. Tratua ona eta zuzena izan da, bakarra. Enpresekin ezer ez, abuztua heldu arte. Renfek eta Adifek esaten dute ez dutela ardurarik  ezta doluminak emateko, trena Comsarena delako.

Berez, Gobernu Ordezkaritzak eta Sustapen Ministerioak behartu dute Renfe azaltzera zergatik Irune ez zegoen aseguratua. Orduan deitu ziguten eta doluminak adierazi ostean esan ziguten Irunek ez zeukala aseguratzeko eskubiderik baimenduta ez zegoen bidetik gurutzatu zuelako. Baina guk esan genien dagoen irteera bakarretik joan zela, ez dagoela besterik. Aseguruko gizonak argitu zuen hori zela Renferen informazioa eta esandakoa idatziz bidaltzeko eskatu genion, guk helaraziko baikenien Ertzaintzaren txostena, zeinak jasotzen duen ateratzeko leku bakarra erabili zuela Irunek.

Ez zirenez gurekin harremanetan jartzen, berriro deitu genuen eta orduan esan ziguten geltokia ez zuela Renfek kudeatzen, baizik eta Adifek. Horrez gain, istripuko trena Comsakoa zen, eta, antza horiek ziren arrazoiak aseguruak baliorik ez izateko.

“Esan ziguten Irunek ez zeukala aseguratzeko eskubiderik baimenduta ez zegoen bidetik gurutzatu zuelako. Baina guk esan genien dagoen irteera bakarretik joan zela, ez dagoela besterik”


Dena den, billetea ordaintzen duzunean eskuratzen duzun aseguruarentzat berdin du istripuaren eragilea nor den. Gainera, epailearen aurrean Renfeko ordezkariek adierazi zuten eurak zirela geltokia kudeatzen zutenak. Niri gauza bat esan didate eta beste bat epaileari. Biotako bati gezurra esan digute, beraz. Kudeaketa Renferena dela uste dugu guk. Gezurretan ari dira.

Abuztuan  aseguru etxeak helarazi zigun Renferen arabera gure alaba “igarobide desegoki” batetik pasa zela. Handik bi egunera aitzakiaz aldatu zuten, kudeaketa Adifena zela esanez. Esandakoa idatziz pasatzeko eskatu genien. Mezu bat bidali ziguten orduan, geltokia Renfek kudeatzen ez zuela esanez, baina ez zuten aipatzen “pasabide desegokiaren” afera, gehiegi izango litzateke hori.

Renfek bidali zigun gutunean azaltzen zen aseguru etxea zela erabakia hartu behar zuena eta kasua hasieratik kudeatzen zebilena. Baina martxoan Renfe izan zen tramitazioa ukatu ziguna. Ez dakite gezurrak ondo esaten ere.


“Istripua gertatu eta bi egunera eskatu zion Ertzaintzak treneko erregistradore juridikoa Comsari eta honek datuak borratu zirela erantzun zuen”


Trenaren “kutxa beltza” borratu dutela ere salatu duzue.
Istripua gertatu eta bi egunera eskatu zion Ertzaintzak treneko erregistradore juridikoa Comsari. Enpresak ez zuen erantzuten, eta berriz egin zuten eskaera. Orduan erantzun zuten esanez informazioa ateratzen zeudela. Hogei egun inguru igaro ziren dagoeneko istriputik. Poliziak eskaera hirugarren aldiz egin zuenean erantzun zioten ezbeharraren eguneko datuak galdu egin zirela, erregistradorea erabiltzen jarraitu zutelako hurrengo egunetan eta datuak zapaldu zirelako.

Ez dut sinesten arduragabekeria izan denik. Dena ondo egin zutela adierazten duen proba bat zuten, bazekiten prozesu judizial bat egongo zela... eta hala eta guztiz ere proba hori suntsitu zuten.

Erregistro horien funtzionamenduaren araudiaren inguruan galdetu zuen Kazalis senatariak, eta erantzun zioten ez zegoela “kutxa beltz” horien gaineko arau zehatzik eta Adifen eta harrapaketa egiten duen trenaren enpresaren arteko akordio batean oinarritzen dela erregistroen funtzionamendua. Ez dut uste errudunik egongo denik. Legeak diseinatuak daude eurak zigorgabe atera eta ezer ordaindu behar izan ditzaten. Legeak tren enpresak babesten ditu.   

Are gehiago, abokatuak dokumentazioa eskatu die tren enpresei eta batzuetan ez dute ematen eta beste batzuetan fotokopiak ezin dira irakurri eta berriro eskatu behar ditugu. Izugarria da duten zigorgabetasuna.


“Ez dut uste errudunik egongo denik. Legeak diseinatuak daude eurak zigorgabe atera eta ezer ordaindu behar izan ditzaten. Legeak tren enpresak babesten ditu”


Istripua izan zenean zenbait hedabidek zabaldu zuten Irunek kaskoak zeramatzala jarrita eta horregatik ez zuela trena entzun. Zurrumurru horren jatorria zein den ikertu duzue?
Ikusitako guztiaren ostean, egoerarik txarrenean jartzen gara. Istripuaren ostean agertu ziren zurrumurru horiek, beste gezur batzuen artean. Kazetariei galdetu genien. Batzuek esan ziguten beste hedabide batzuetatik hartu zutela informazioa, eta beste batzuek esan ziguten Renfek emandako informazioa zela hori. Baina ez dugu tren enpresa horrek zurrumurrua zabaldu zuela ziurtatzeko frogarik, baina kasuliate handia da iturria Renfe dela esatea.


“Zenbait kazetarik esan ziguten Renfe izan zela Irunek kaskoak jarrita zituela esan zuena”

Horrelako istripuak geratzen direnean beti azaltzen dira horrelako zurrumurruak. Oraindik egongo da gure alaba kaskoekin zihoala uste duen jendea, baina egin dugun zarata guztia egin izan ez bagenu hori izango litzateke uste orokortua.  Nola gezurtatu dezakezu komunikabide handi batek egiten duen baieztapena? Albistea interneten bilatzen baduzu oraindik azaltzen dira zurrumurru hori zabaltzen duten artikuluak.

Gu azaroan eskutitza idatzi genuen hori gezurtatzeko. Berak behar bezala gurutzatu zuen eta lekukoek ez zuten entzun megafoniako mezurik eta pantailak adierazten zuen 8 minutu falta zirela hurrengo trena agertu arte.

Badago lekuko bat, Juanjo Basterra kazetaria, horrela kontatzen duena. Hala ere, gainerako lekukoek berdin ikusi zuten eta adierazi dute trenak gure alaba harrapatu zuela lehenengoa izan zelako gurutzatzen. Beste bat izan zitekeen. Nire alabaren atzean ama bat zegoen bere alabarekin. Emakume hori lekuko zuzena da eta oso hunkituta geratu zen, urrats batera baitzegoen.

Nire alaba ez zuen sumatu tren bat hurbiltzen ari zenik. Joaten den trenak etortzen dena ikustea ekiditen du, trenbideak egiten duen kurbagatik. Ezin duzu ikusi gainean izan arte. Geltokia ezagutzen dutenek agian ez dute gurutzatzen trenbide guztia libre ikusi arte, baina ez dakizunean ezustea izan daiteke, ez baituzu ikusten. Berez, kalkulatu dugu 10 segundoz oztopatzen duela tren batek bestea ikustea, ordurako gainean dago.

Edonola ere, nahiz eta lekua ezagutu, askok ez zuten imajinatzen horrelakorik gerta zitekeenik. Iruneren atzean zegoen emakumea egunero joaten da Bilbora eta ez zuen uste gerta zitekeenik. Ezta Juanjo Basterrak ere.

Gainera, ez dakigu zein zen trenaren abiadura, datuak ezabatu baitituzte.

Adifek iragarri du geltokian obrak egingo dituela, zein da zuen iritzia?
Gauza batez jabetu gara; harrapaketa gertatzen den bakoitzean proiektua plazaratzen dute. Edonon. Begira dezakezu, harrapaketa jazotzen denean jakinarazten dute proiektua dagoela arazoa konpontzeko.

Guk Laudioko alkateari galdetu genion eta berak erantzun zigun ezetz, ez zuela proiekturik ezagutzen. Ez dakit alkateak jakinaren gainean egon behar duen, baina harrapaketaren ostean bat-batean agertu zen proiektua.

Gatazka egon denez, proiektua onartu da eta azkar, 11 hilabetetan, gauzatuko dute. Ikerketak daudenean beti esaten dute lurrazpiko bidea egiteko proiektua dagoela. Kointzidentzia handia da. Nire ustez, pasabideak dauden toki guztietan daude horrelako proiektuak, baina bakarrik aktibatzen dituzte istripua gertatzen denean eta oihartzuna dagoenean. Ez badago zaratarik ez dute ezer egiten, Anoetan bezala.

"Jende askok ez du dirurik peritua kontratatzeko, hortaz, euren politika da jendea gutxiestea, baztertzea eta prozesua luzatzea"


Nik uste dut hori dela euren politika. Istripua jazotzen denean, proiektua iragarri, eta gatazkak jarraitzen badu aurrera egiten du eta ez bada zaratarik sortzen, ahazten dute. Nire aburuz, geltoki guztietan dago proiektua, zerbait gertatuz gero, plazaratzeko. Ez dut ulertzen zergatik ez dituzten prebentziozko neurriak ezartzen, merkeak baitira. Semaforo batek huts egin dezakeela? Plaka jartzeko aukera dago.

Aspaldi geltokiko arduraduna zegoen, baina tiketak eskuratzeko makinak jarri zituztenean, kendu zuten, leku guztietan bezala. Segurtasunean ez daukate interesik, dirua da euren ardura bakarra. Gainera, nahi dutena egin dezakete.

Jende askok ez du dirurik peritua kontratatzeko, hortaz, euren politika da jendea gutxiestea, baztertzea eta prozesua luzatzea. Adibidez, tren batek Gran Hermanoko lehiakide bat eta bere neskalaguna harrapatu zituenean, euren senideek hiru urtez egon ziren borrokatzen. Baina azkenean amore eman behar zian zuten, etsipenaren ondorioz.

“Ez gara gure alabaren kasuan zentratzen ari”

 

Horren aurrean zeintzuk dira hartu dituzuen bideak?
Bide guztiak aztertzen ari gara; hedabideak, bloga... ez gara zentratzen gure alabaren kasuan. Izan ere, epaileak ebatziko du nor den Iruneren heriotzaren arduraduna. Gu kasu guztietan zentratzen ari gara.

Galizian gertatutako Alviako istripuaren biktimen presidenteak esan digu prest egon behar garela egoerarik okerrenerako. Euren kasuan, Europagatik izango ez balitz, kasua itxita egongo litzateke.

Europari esker jarraitzen du, eta kasu horretan 80 pertsona baino gehiago hil ziren. Zigorgabetsuna erabatekoa da. Legeak sortu dituzte enpresak babestu eta biktimak izorratzeko.

Sinadura pilo jaso dituzue. Zer pauso emango dituzue aurrerantzean?
Sinadurak berehala utzi nahi ditugu Sustapen Ministerioan.  Iñigo de la Serna ministroarekin bilera eskatu dugu. Ez naiz oso baikorra, ez dut uste gurekin elkartuko denik.

Trenbideko geltoki ororen gaineko informazioa dugu, Castrejón del Ebrotik Muskizeraino. Ibilbidean dauden herri guztien alkateei mezu elektronikoa bidaliko diegu gurekin egon daitezen sinadurak ematera. Ez dugu alderdikerietan erori nahi eta espero dugu talde guztien ordezkariak egotea. Hori ministroa gurekin elkartuko ez balitz. Bilera egingo bagenu, sinadurak emateaz gain, hainbat neurri proposatuko genituzke: pasarteak lurperatzea, prebentzioa lantzea, biktimen arreta bermatzea... onargarriak diren eskaerak dira, aproposak dena askoz hobeto funtzionatu dezan.

Legalki, epaiketa instrukzio fasean dago eta epaileak “kasu konplexu” gisa sailkatu du. 18 hilabete iraun dezake instrukzioak, baina askoz gehiago iraun dezakeela uste dugu, periturik ez baitute hautatu oraindik. Amurrioko epaitegia gainezka dago. Bide penaletik joko du auziak eta Arabako Fiskaltza izango da akusazioa. Hala ere, ez dakigu zertan geratuko den, epaileek esango dute.


“Iñigo de la Serna ministroarekin bilera eskatu dugu. Ez naiz oso baikorra, ez dut uste gurekin elkartuko denik”


Maria Luisa Goikoetxearen kasua ezagutzen duzue. Berak eginiko aldarrikapenak beteko direla uste duzue?
Aretako nasak aldatzean eta obra osoa egitean, igogailuak eta dena jarri beharko dute irisgarria izan dadin. Ezin dute irizpide hori beteko ez duen lanik egin, legeak behartzen du.

Beste biktimen senideekin indarrak batzea aurreikusten duzue?
Deialdia egin dugu horretarako. Dena den, elkartea sortzea erraza da biktima ugari dagoenen, guztiak baitaude egoera berean. Hau zailagoa da, nik ez dakit nola egin.

Gustatuko litzaiguke gure egoera berean daudenak batzea indarra egiteko. Emakume batekin gaude harremanetan eta bere esperientziaren berri eman digu. Hori egin nahi dugu ziur garelako biktima gehiago egongo direla eta modu horretan bidea eginda topatu dezakete.

Iruneren istripua gertatu eta gero, egun gutxiren ostean, Porriñon antzeko kasu bat jazo zen  eta telefono zenbakia zabaldu zuten deitzeko. Deitu genuen eta ez ziguten inolako erantzunik eman, ez baitzekiten ezer.

“Gustatuko litzaiguke gure egoera berean daudenak batzea indarra egiteko”


Horrelako egoerak ekiditeko behar dugu elkartea, baina bazkideak behar dira. Istripuak tantaka ematen dira, bi hilabetean behin edo maizago, baina ez dakigu ezbehar bakoitzaren testuingurua zein den.

Adibidez, bistakoa da trenbidea gurutzatzea arriskutsua dela, baina trenek daukaten muga bakarra da 120 kilometro orduko abiadura ez gainditzea. Hori oso arriskutsua da. Anoetan trenak 105 edo 115 kilometro orduko abiadura zuen neska bat harrapatu zuenean eta, hala ere, legeak dio abidura egokian zioala, nahiz eta geltokia bertan egon. Nola da hori posible bertatik jendea derrigorrez igaro behar bada? Zebrabidetan 30 kilometro orduko muga dago.

"Trenek daukaten muga bakarra da 120 kilometro orduko abiadura ez gainditzea. Hori oso arriskutsua da"


Beste kontu bat: garraiolari edo gidari batek istripua duenean, poliziak derrigorrez egin behar dio droga eta alkoholaren proba eta takigrafoaren datuak hartu behar ditu. Ertzaintzak, ordea, ez dauka eskumenik datu teknikoak hartzeko eta bere esku dago alkoholemia proba egitea edo ez.

Herritarren aldetik, behintzat, babes handia jaso duzue.
Oso eskertuta gaude, babeserako mezu andana jaso baititugu, ez genuen uste hainbeste izango genuenik. Eguna ematen dut eskerrak ematen telefonoz, birritan kargatu behar izaten dut.

Bestalde, nekatuta gaude eta gogoak ditugu sinadurak lagatzeko. Hau politikarien esku geratu behar da neurriak har ditzaten. Egin ahal izan dugu bidea egin dugu, baina askoz gehiago ezin dugu egin. Gure bizitzekin jarraitu behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide