Prentsa-oharra zabaldu du OMNIAk Isasin gertatutako lur-erorketa dela eta. Alderdi politikoak adierazi du gertatutakoaren erantzukizuna udalarena dela eta tokiko erakundearen ardura dela “kaltetuei eta gainontzeko auzokideei” azalpenak ematea. Zentsu horretan, OMNIAko kideek salatu dute orain arte ez dutela bilera deialdirik ez eta informazio ofizialik jaso: “Komunikabideetan jasotako adierazpenak eta guk geuk lortutako informazioa baino ez ditugu. Era berean, ez gintuzten udalak Isasiko auzokideekin izandako bilerara gonbidatu”.
"Ez dago txosten teknikorik"
Talde politikoko kideek ziurtatu dute ez dagoela Isasiko mendoitzaren gaineko txosten teknikorik, eta gaiari buruzko espedientea lur-erorketa gertatu ostean ireki dela salatu dute. “Espediente horretan, gainera, ikerketa geologiko bat egiteko aurrekontu eskera bat baino ez da azaltzen”.
OMNIAko kideek azpimarratu dute gaia “garrantzitsua” dela eta ezinegona sortu duela auzokideen artean. Era berean, salatu dute alkateak “existitzen ez den txosten geologiko baten inguruan” hitz egin diela komunikabideei. Hori dela eta, udal-gobernuari eskatu dio errektifikazio publiko bat egitea, “eginiko adierazpenak egia ez direlako”.
Udalaren erantzuna
OMNIAk eginiko salaketak gezurtatu ditu udalak. “Ez genuen esan txosten geologiko bat eginda zegoela, enpresa bati txosten hori egitea eskatu geniola baizik”, adierazi du Natxo Urkixok, “enpresak adierazi zigun ez zuela aparteko arriskurik ikusten”. Orain “txosten globalago” bat eskatuko dutela adierazi du alkateak, eta gaineratu du hurrengo hirigintza batzordean landuko dutela gaia.