URAk isurketa kutsakorrak murrizteko neurriak ezarri dizkio Laudioko Udalari, Basaurbeko araztegia eraiki arte

Erredakzioa 2018ko urt. 18a, 10:52
Udan arrain ugari hil ziren Laudion. / Aiaraldea.eus

Isurketa baimen berriarekin zenbait neurri bete beharko ditu Laudioko Udalak. URAk tokiko erakundeari ezarri dizkio araztegi berrira egokitzeko, eta azpiegitura horiek eraginkorrak izan daitezen. Izan ere, egungo kutsadurari ezingo lioke aurre egin Basaurbeko araztegiak.

URAk isurketen baimen berria eman dio Laudioko Udalari 4 urterako, baina, aldi berean, betebehar gehiago eskatu dizkio etorkizuneko Basaurbeko araztegirako moldaketa lanak abiatu ditzan.

Hasteko zenbait gai kutsakor isurtzea galarazi beharko du 12 hilabeteren epean. Horrez gain, hurrengo neurriak ere gauzatu beharko ditu tokiko erakundeak:

    • Urtero, saneamendu-kolektore nagusira isuritako hondakin uren 24 kontrol egitea.
    • Udalerrian hondakin-uren tratamendu sistemen zerrenda, nahiz horien mantentze-programa ezartzea.
    • Saneamendu-sarean botatako industria-isurketak kontrolatzeko neurriak.
    • 3 hilabeteko epean, isurketa-ordenantza bat onartzea.
    • Isurketa-kontrolerako kanona handitzea; joeraren arabera gainbegiratuko da, eta kanon hori hondakin-urak araztegi berrira konektatu arte indarrean egongo da.
    • Udalerri-eremuan baimendutako isurketak kolektore orokorrera konektatzearen beharra, teknikoki hala ahalbidetzen denean.

Ibaiaren egoera ekologikoan gabeziak
URAk gogoratu du udal sarean isurtzen diren hondakin-urak zuzen joaten direla ibaira, inolako tratamendu barik. Isurketa titular gutxi batzuek -pribatuk zein publikok- egindako aurretratamenduak daude bakarrik.

"Saneamenduaren kudeaketa eskas horrek isla zuzena du Goi Nerbioiko egoera ekologiko txar iraunkorrean" azaldu du URAk.

Hori guztia dela eta, Espainiako Gobernuari araztegiak eraikitzeko lanak egikaritzeko eskatu dio euskal agentziak. Gainera, tokiko erakundeei gogoratu die egokitu beharko direla azpiegitura berrietara, ahalik eta lasterren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide