Soka luzea ekarri du EAJk Mercadonaren balizko irekiera dela eta plazaratutako prentsa-oharrak. EH Bildu izan da lekukoa hartzen lehena. Koalizioak hainbat adierazpen egin ditu jeltzaleen akusazioei erantzuteko.
Eskualdeko merkataritza eta ostalaritza elkarteek ere euren iritzia plazaratu dute. “Jarrera neutroa” hartuko dute piztutako eztabaidaren aurrean. “Ezin gara ez alde ez kontra posizionatu”, azaldu du Jon Aspuruk.
Euskomer eta Aenkomer elkarteetako presidentearen ustez, gauza on eta txarrak ekarriko lituzke supermerkatua Laudion kokatzeak. “Alde batetik, konpetentzia handituko litzateke. Baina, bestalde, erosketak egitera eskualdetik kanpora doazen herritarrak hemen geratzera bultzatuko lituzke”.
Aspuruk uste du “agortua” dagoela merkataritza-gune handien eredua. “Marka handiak konturatu dira eredu horrek jada ez duela funtzionatzen, eta tamaina ertaineko saltokietan jartzen ari dira indarrak”.
APILLen jarrera
Aspururen iritzi berekoa da APILL. “Mercadona Laudion kokatzeak gastua beste gune batzuetara alde egitea galaraziko luke, eta mota horretako bezeroak erakarriko lituzke herrira”, azaldu dute elkarteko kideek.
Euren ustez, eredu ezberdinak dituzte Mercadonak eta herriko merkatariek. Horregatik, uste dute saltoki berriak “jada hemen dauden beste supermerkatu kateekin” izango lukeela konpetentzia.
Hala ere, APILLek nabarmendu du mota horretako denda eredua eurek dutenaren aurkakoa dela. Horregatik, “betiko merkataritzaren” alde egiteko deia luzatu dute.