Laudioko mapa kultural eta artistikoa moldatzeko proposamena plazaratu du Eusko Alderdi Jeltzaleak

Erredakzioa 2018ko ots. 6a, 20:14

Antzokia Altzarraten kokatzea da EAJren apustua. / GoogleMaps

Gaur arratsaldean egin den bilera dela eta plazaratu dute jeltzaleek euren iritzia.

Laudioko Udalak bilera deitu du gaur arratsaldean herriko kulturan interesa duten eragile eta norbanakoekin, Kultura Kontseilua osatzeari begira. Hori dela eta, prentsa oharra plazaratu du Laudioko EAJk, herriko mapa kultural eta artistikoa berregokitzeko duen proposamena azaltzeko. 

Jeltzaleek adierazi dute beharrezkoa dela foro hori iraunkorra izatea, “kultura-sare bat osatzeko, herrian dauden behar eta interesen araberakoa”. Koordinazio lan horretan “talde guztiek” tokia izan behar dutela nabarmendu du alderdi jeltzaleak.

Funtzioak esleitu dizkiote espazio bakoitzari
Herrian dauden hainbat espazio izan dituzte hizpide jeltzaleek oharrean, eta toki horiei zer funtzio egozten dieten azaldu dute baita ere. Zubiko Etxean, adibidez, liburutegia egon behar dela uste du EAJk, “ikasgela autonomo batekin batera”.

Nagusien egoitza zaharrean, aldiz, “Musikaren etxea” kokatuko litzateke, talde politikoaren aburuz. “Horretarako beharrezkoa da musika alorrean dabiltzan herritar guztien beharrak ezagutzea. Euren ikuspuntu eta esperientzia baliagarriak izan daitezke eraikinak bete beharreko baldintzak zehazterako orduan”.

Ortuzainaren Etxean “arte eszenikoen gunea” atondu beharko litzatekeela gaineratu dute jeltzaleek. Kasinoa, aldiz, ikuskizunak eskaintzeko espazioa izan beharko litzatekeela uste dute.

Kultur Etxeari dagokionez, orain duen “izaera hurbila” mantendu behar duela azpimarratu dute, “Ortuzainaren Etxearekiko eta Kasinoarekiko ardatz osagarri bat” osatzen duelako.

Altzarrateko antzokia
Antzokiari dagokionez, eraikina Altzarraten kokatzea da EAJren apustua. “Antzerki emanaldiak, zinema proiekzioak eta tamaina handiko kultura eta jendarte erakusketak eskaintzeko balioko luke”.

Modu horretan, EH Bildurekin eginiko akordioan zehaztutako puntu nagusiekin  ados egoten jarraitzen duela berretsi du alderdi jeltzaleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide