Pasa den asteko astelehenean burutu zen martxoko Laudioko Udaleko Osoko Bilkura. Bertan hainbat gai jorratu ziren, besteak beste Energiako Ekintza Plana eztabaidatu zen Udalak aurkeztutako testua ardatz.
Ekintza Plana bozkatu eta onartu egin zen talde gehienen aldeko bozkarekin. Ondorioz, faktura energetikoan %25eko murrizketa aurreikusten du udalak, besteak beste, 14 udal-erakinetako argietan egingo diren aldaketei esker. Laudiok gauzatuko duen lehenengo Energiako Ekintza Plana izango da eta datorren sei urtetarako neurriak jaso dira bertan.
Laudioko Podemos-Ahal Duguk mozioa aurkeztu zuen bere aldetik, gai horren inguruko garrantzia azpimarratu nahian.
Hirigintza Araudiaren Plan Orokorra ere eztabaidatu zen beste behin. OMNIAk mozio bidez aurkeztu zuen Laudioko Industriaguneko jarduera komertzialak erregulatzeko beharra, iragan otsailean Mercadonaren balizko irekiera ahalbidetuko duten lurren erregularizazioarekin egin bezala.
EAJk, bestalde, Nerbioi Ibaiko kolektoreak hartuko dituzten lur sailak Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko mozioa aurkeztu zuen. Udalaren jabetza diren bost lursail zeharkatuko ditu etorkizunean urak kudeatuko dituen kolektoreak eta lehen pausoetako bat izango da araztegiaren eraikuntzan. Udal-talde guztiek bozkatu zuten horren alde.