Egitarau bateratua aurkeztu dute Laudioko hainbat eragile eta norbanakok Langileen Nazioarteko Egunari begira. Hainbat “borroka egun” prestatu dute hitzaldi, mahai-inguru, elkarretaratze eta bestelako ekintzekin.
Ostegun honetan -apirilak 19- izango da lehen zita, Laudioko Kultura Etxean. “Nagusien egoitzetako borroka” izango dute hizpide, bertan buru-belarri sartuta egon diren hainbat langileren eskutik.
Apirilaren 23an bi ekintza egingo dituzte. Goizeko hamabietan elkarretaratzea egingo dute pentsionistekin batera Herriko plazan, “Eskubide sozial berri baten alde” lemapean. Arratsaldeko seietan, aldiz, Hesihes kooperatibaren aurkezpena egingo dute Kultur Etxean, “hezkuntza eredu alternatiboak” jorratzeko.
Pentsioak izango dituzte hizpide hurrengo egunean -apirilak 24-. Pentsionistak Martxan taldeko Carlos Ruizek hitzaldia eskainiko du Kasinoan, “pentsioen orainaldiaren eta etorkizunaren inguruan”.
Mercadonaren auzia ere jorratuko dute, Iñaki Urkixoren eskutik. Gaiari buruzko hitzaldia eskainiko du baserritar laudioarrak apirilaren 25ean 18:30ean Laudioko Gaztetxean. Gaztetxeko ortuaren aurkezpena egiteko baliatuko dute hitzordua.
Toki berean izango da apirilaren 30eko hitzaldia. Gazte mugimenduko eta mugimendu sindikaleko kideak bertaratuko dira “gazteria, lana eta prekarietatea” jorratzeko.
Maiatzaren 2an La mano invisible filma proiektatuko dute Kultura Etxeko proiekzio gelan. Eztabaida egingo dute jarraian, pelikulan azaltzen diren gaien inguruan.
Alokevamos: Magazine por un nuevo derecho social irratsaioaren emisio berezia egingo dute egitaraua ixteko, maiatzaren 3an. 18:30ean izango da zita Kultura Etxean. Sei hizlarik hartuko dute parte irrati-formatuko maha-iinguruan: Anabel Pérez de Aguado, Mari Garamendi, Haizea Paris, Iraia Pereiro, Ane Agirre eta Txurrigonotxak.