Ezohiko Udal Osoko Bilkura egingo dute bihar -ekainak 7- Laudion. Udal-gobernuak atondutako inbertsio planeko zenbait partida bozkatzea izango da bilkuraren xedea. Maiatzeko udalbatzan aurkeztu zuen EH Bilduren gobernuak inbertsio plana, baina oposizioko alderdi guztiek bozkatu zuten proposamenaren aurka.
Hori dela eta, plana beste modu batean formulatzeko konpromisoa hartu zuen udal-gobernuak, modu horretan diru-partidak bana-banan bozkatu ahal izateko.
Antzokia eta Ugarte plaza
Gauzak hala, zortzi diru-partida aurkeztuko dituzte biharko udalbatzan, eta banan-banan bozkatuko dituzte. Lehenengo partida 60.000 eurokoa da eta hirigintza proiektuak gauzatzera eta mendi-hegalak egonkortzera bideratu nahi dute. Bigarren partidak Antzokiaren proiektuaren erredakzioa barnebiltzen du, 347.391 euroko gastu aurreikuspenarekin.
Hirugarren partida 813.808 eurokoa izango da eta “Irinen etxea”erostera bideratuko da, epai batek udala horretara derrigortzen duelako.
Kaleen konponketak
Laugarren partida herriguneko kaleak zolatzera bideratuko da, 260.000 eurorekin. Laugarren partidak Ugarte plaza berritzeko eta parkeei estaldurak jartzeko dirua barnebiltzen du, 351.000 eta 160.745 euro, hurrenez hurren.
Bosgarren puntuak, aldiz, Santa Luziako eraikina berritu eta ekipatzea du helburu, 205.200 euro baliatuta. Basoak birpopulatzera bideratuko da zazpigarren partida, 154.130 euroko aurrekontuarekin.
Kirol azpiegiturak
Herriko kirol azpiegiturak hobetzera bideratuko da azken partida, 712.700 euro guztira. Horietatik 35.000 kalistenia praktikatzeko pista egitera bideratzea da udal-gobernuaren asmoa.
Aipatutako inbertsio horiek guztiak gauzatzeko, baina, zinegotzien erdiak behintzat bozkatu beharko du proposamenen alde.