“Asko arriskatuko dugu Ugarteko Jaiak abuztuan eginda”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 25a, 10:49

Hiru urte daramatza Aitor Otaola Soriak Ugarteko Jaiak antolatzen. / Aiaraldea.eus

AITOR OTAOLA SORIA (Laudio, 1970) Ugarteko Jai Batzordeko kidea da. Hiru urte daramatza auzoko jaiak antolatzen.

Hiru urte daramazue egungo jai batzordetik Ugarteko jaiak antolatzen. Zer nolako ibilbidea egin duzue?

Geroz eta jende gutxiago gaude jai batzordean, auzoko jendeak ez du asko parte hartzen. Lau pertsona gaude bakarrik eta asko kostatzen zaigu jai on batzuk antolatzea. Gauzak hala, animatuak gaude jaiak egiteko baina, era berean, ez dugu animo askorik. Ez dakigu datozen urteetan antolakuntzan jarraituko dugun.

Aurten abuztuan izango dira jaiak. Zer dela eta?

Duela bi urte Laudioko Udala Aretako eta Ugarteko jai batzordeekin bildu zen eta esan zigun ezin zirela bi ospakizunak aldi berean egin, azpiegitura nahikorik ez zegoela argudiatuta. Akordio batera iritsi ginen: santuaren eguna asteburutik hurbilen zuen jaiak hartuko zuen asteburua.

Aurten Ugarteko santua asteartean da. Horregatik, astelehenetik ostegunera egitea edo abuztuko lehen asteburuan Gasteizko jaien aurka lehiatzea baloratu behar genuen. Azkenean larunbaterarte luzatu ditugu jaiak, baina arriskua oso handia da, aukera asko daudelako jende gutxi bertaratzeko. Musika taldeek dirutza balio dute eta barran kontsumoa egon behar da diru hori berreskuratzeko.

Datorren urtean ere horrela izango da, daten kontuengatik. Jaiak dagoeneko ez dira lehen zirena. Gaitasun ekonomiko handiagoa zegoen lehen, eta nabaritzen da aldea. Jai itxurosoak izango dira aurtengoak, baina beldurra ematen digu abuztuan egiteak.

Ugarteko jaien maila jaitsi egin dela diozu, baina oraindik ere jende asko igotzen da auzora.
Oso jai erosoak dira, erdigunetik oso gertu daudelako. Urtero jende asko igotzen da. “Botelloiak” kalte handia egiten du, hala ere. Batzuetan askoz jende gehiago dago futbito zelaian edaten txosnetan baino. Baina ezin da hori ekidin.

Musika eskaintzan jarri duzue indarra azken bi urteetan. Aurten ere?

Bai. Gure hasierako asmoa herriko taldeak ekartzea zen, baina arazo bat dago: ez dira musikari profesionalak, eta gehienek zail dute abuztuan jotzeko, taldekide bat edo beste kanpoan dagoelako gehienetan.

Ugarteko torneoa ere izan da jaien ikurretako bat.

Aurten jaiak baino lehen amaituko da txapelketa, ezin delako abuzturarte luzatu. Geroz eta talde gutxiago daude, eskoletan ez dagoelako futbitoa praktikatzeko ohiturarik. Torneoa dela eta arratsaldero egongo gara plazan jarri dugun txosnan, astelehenetik igandera, uztailerarte. Txapelketara eta jaien antolakuntzara bideratuko dugu bertan lortzen dugun dirua. Baina lan handia da, handiegia lau pertsonaren artean egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide