Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak erabaki du Sagona Industrial taldearen eskaintza dela onena eta, ondorioz, bere esku geratuko da Gometegui enpresa.
Zehazki, Sagonak 300.000 euroko ekarpena egingo dio hartzekodunen konkurtsoari. Hori ez ezik, Gizarte Segurantzarekin dagoen 502.540,82 euroko zorra ere bere gain hartuko du -hori bai, 5 urte barru ordainduko du-, eta kreditu konkurtsalerako 209.419 euro emango ditu.
Langileei zor zaien 244.396 euro kitatuko ditu eta bestelako kredituei aurre egiteko -Banco Popularrarena, besteak beste- 800.000 euro baliatuko ditu. Gometegui enpresa 8.715.959,26 eurotan baloratu zuten prozesua hasi zenean.
Beste eskaintzak
Epaileak jakinarazi du beste hiru interesdun egon direla: Duma Investement, Gometegui Advance eta Alosan Gestión SL. Hori bai, azken fasera Gometegui Advance eta Sagona baino ez da iritsi. Edonola ere, epailearen ustez, Gometegui Advancen proposamena ez da izan nahikoa, eta eskaintza hori bakarrik egon izan balitz, ez luke oniritzia emango salmenta egikaritzeko, enpresa horrek ez baitzuen hainbat zorren ardura hartu nahi.
26 langile kalera
Erosketa gertatu den arte, ordea, bidea ez da xamurra izan Gometegui lantegian. Azken urteetan gertatu diren lan gatazkei gehitu behar zaio maiatzean 26 langile kaleratu zituztela.