Udan Laudioko Udalaren aurkako bi salaketak bertan behera geratu dira amiantoari dagokionez. Latiorro Ikastetxeko ikasle ohi baten aitak abiatu zuen auzia, eta Fiskaltzak eta Arartekoak egokitzat jo dute tokiko erakundearen jokaera.
Alde batetik, fiskalek artxibatu dute salaketa eta, bestetik, Arartekoak txostena osatu du azaltzeko udalak arazo horren inguruko proiektu guztiak gurasoen esku utzi zituela.
Berez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak konpromisoa adierazi du 2020an, beranduenez, amiantoa guztiz kentzeko ikastetxetik.
Deliturik ez
Laudioko Udaleko alkateordea Jon Ander Altubek azaldu du gobernu taldeak 2013an hartutako bideari jarraituko diola eta espero dutela 2020an amiantorik ez geratzea Latiorron.
Horrez gain, nabarmendu nahi izan du fiskalak ez duela delitu zantzurik aurkitu eta Arartekoak ziurtatu duela erakundeak ez duela informaziorik ezkutatu.
Bukatzeko, EH Bilduko kideak berretsi du eskola komunitatea osatzen dutenak direla eurentzat zilegitasuna duten ordezkariak.