[IRITZIA] Intersexualitatea: sexu eta genitalen ikuspegi mediku-soziala

Erredakzioa 2018ko urr. 23a, 11:55

Intersexualitatea irudikatzeko ilustrazioetako bat. / Amimo

Sexu eta genitalen inguruko hausnarketa egin du Sheila Moya Montalbanek. Honako iritzi artikulua bidali du hedabidera. 

Intersexualitatea, pertsona baten genitalen edo sexuaren bariazio bezala definitzen da. Genital zalantzagarriak edota kromosomekin bat ez datozen genitalak dituzten indibiduoak dira intersexualak, besteak beste. Niri gai honek interes handia pizten dit, izan ere, gai oso soziala bada ere, medikuntzak duen papera intersexualitatean funtsezkoa eta oinarrizkoa da.

Ume bat jaiotzen denean, begiratzen den lehenengoetariko gauza bat da bere sexua. Egia da, sexua definitzea garrantzitsua dela, anatomikoki ezberdinak gara. Dibertsoak gara norbanako guztiak, eta desberdintasun garrantzitsua dago ar edo eme gorputzen artean. Baina, zergatik hainbesteko beharra umearen sexua jakiteko? Sexua ezartzea, beharrezkoa delako, eta ez naiz mediku ikuspegitik hitz egiten ari. Sexua definitzea beharrezkoa da, pertsona horri generoa atxikitzeko. Hau da, pertsona bat gizona edo emakumea izan behar da, ez dago besterik; eta genero kategoria hori, jaiotzetik gure genitalek ezartzen dute.

 

"Baina, zergatik hainbesteko beharra umearen sexua jakiteko? Sexua ezartzea, beharrezkoa delako, eta ez naiz mediku ikuspegitik hitz egiten ari. Sexua definitzea beharrezkoa da, pertsona horri genero bat atxikitzeko"

 

Beraz, zer egiten da, genital anbiguoekin jaiotzen den indibiduo batekin? Zer gertatzen da, begi bistaz, umeki bat ezin badugu neska edo mutil bezala identifikatu? Ba, arazo larri bat: pertsona hau ezin dugula neska edo mutil moduan sozializatu eta beraz, ezin duela identitatea garatu. Ez du munduan etiketarik; esan genezake, ez dela inor, gorputz bat besterik ez, Judith Butlerrek esaten zuen moduan. Medikuntzak, antzinetik, praktika kirurgiko gogorrak egin ditu, gorputz anbiguo horiek desagertarazteko. Izan ere, sozializatzeko ezinbestekoa den kategoria da sexua, kategoria biologikoa izan beharrean (hau ere bada), kategoria politikoa da.

 

"Sozializatzeko ezinbestekoa den kategoria da sexua, kategoria biologikoa izan beharrean (hau ere bada), kategoria politikoa da"

 

Guztiok argi izan behar dugu, dibertsitate sexuala existitzen dela. Sexua ez da beltza edo zuria, dibertsoa da. Badirudi, azken 20 urteetan medikuntzak aurrerapausoak egin dituela. Ezin ahaztu gabe, oraindik praktika kirurgiko gogorrak egiten direla zientziaren izenean, gorputz hauek mutilatuz. Baina, azkenaldian, lehen sistematikoki interbenitzen ziren umeengan ebakuntzarik ez egitea gomendatzen ari dira; pertsona horiek jaio moduan haztea, genitalak eraldatu gabe. Protokolo hobeak egin dira, umekiaren osasuna, indibiduo moduan bere sexualitatea autonomiaz garatzeko eskubidea eta pertsonaren babesa sustatzeko; eta talde multidisziplinarrak sortzen hasi dira. Baina, sozialki, gizartea ez da aurrerapauso horiekin bat egiten ari. Umekiak, oraindik, mutil edo neska bakarrik izan daitezke, ezin dute haien sexua autonomoki garatu, eta beraz, aipatutako osasun sistemako protokolo horiek hutsak dira.

 

"Umekiak, oraindik, mutil edo neska bakarrik izan daitezke, ezin dute haien sexua autonomoki garatu, eta beraz, aipatutako osasun sistemako protokolo horiek hutsak dira"


Medikuntza eta gizartea, harreman estuan daude. Indibiduoen autonomiarako eta bakoitzaren identitatearen garapen egoki baterako eskubidea izan beharko genuke guztiok. Honen aurrean, gizarteari eztabaida sortzea ezinbestekoa iruditzen zait. Gizarteak eskaintzen dizkigun emakume eta gizon kategoria itxi horiek zabaltzea, birpentsatzea izango litzateke bidea? Beste herrialde batzutan egin den bezala, hirugarren sexu bat onartzea? Ez al daude emakume eta gizon kategoriak, behintzat orain ulertzen ditugun moduan, agortuta? Norbanakoak hausnar dezala; agian sistema kapitalista eta patriarkala, pixkat mugiaraztea lortuko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide