“2019ko maiatzetik aurrera udala gobernatzen jarraitzeko” prestutasuna erakutsi du Natxo Urkixok

Erredakzioa 2018ko aza. 19a, 20:57
Ehundik gora herritar bildu ziren Natxo Urkixoren hautagaitza aurkezteko ekitaldiran. / EH Bildu Araba

Ehundik gora lagun bildu ziren atzo Natxo Urkixoren hautagaitza aurkezteko Kasinoan eginiko ekitaldian.

Ekitaldi jendetsua egin zuen EH Bilduk atzo Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan, datorren urteko maiatzeko udal-hauteskundeetarako alkategaia aurkezteko. Natxo Urkixo izango da alderdi subiranistaren zerrendaburua. “Ez zen nire asmoa berriro aurkeztea”, azaldu zuen Laudioko alkateak ekitaldian, “baina, hainbat faktore medio, berriro egokituko zait zuen laguntzarekin maiatzeko udal-hauteskundeen ostean berriro alkate izatea”. Urkixok nabarmendu zuen horrela erabakiek eragina daukatela norberaren bizitza pertsonalean. Gauzak hala, barkamenak eskatu nahi izan zizkien “familia eta lagunei”.

Talde-lana
EH Bildurena “erronka kolektiboa” dela nabarmendu zuen alkateak. “Niri egokitu zait EH Bilduren irudia izatea, baina talde bat gara, eta taldean egiten dugu lan. Motxila handia da gurea, baina sendoa. Handia izan arren arina ere bada, gustura eramaten den horietakoa. EH Bilduren motxila horretan badago espazioa datozen lau, zortzi edo hamabi urtetarako”.

Ekarpenen zain
Urkixoren hitzetan,  lan-taldea osatzeari ekingo diote, “2019ko maiatzetik aurrera udala gobernatzen jarraitzeko”. Jendearen “ekarpenak eta babesa” behar dituztela nabarmendu zuen alkateak, “Laudioar guztiak baikara Laudio eraldatzen jarraitzeko berme bakarra”.

Natxo Urkixoz gain, Maddalen Iriarte legebiltzarkideak eta Kike Fernandez Pinedo Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak hartu zuten hitza ekitaldian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide