Iragan irailaren 21ean bilera egin zuten OMNIAko kideek alderdiak Latiorro auzoan duen egoitzan. Bertan adostu zuten Alvaro Barrios izatea talde politikoaren alkategaia 2019an egingo diren udal-hauteskundeetan.
Prozedura arina izan dela azaldu dute alderdiko kideek, Barrios izan delako talde politikoaren zerrendaburua izateko prest azaldu den bakarra. Bilerara bertaratutako guztiek bozkatu dute bere alde. 2015eko udal hauteskundeetan ere bera izan zen alderdi laudioarraren alkategaia, eta zinegotzi gisa aritu da duela gutxira arte. Lan kontuegatik kargua utzi zuen eta Endika Ibañezek hartu zuen bere postua.
“Alvaro da gure proiektua aurrera ateratzeko pertsona on eta profesionalena. Herriak asko irabaziko du bera udal kudeaketaren buru egonda, dudarik gabe”, azaldu du alderdiaren egungo bozeramailea den Nerea Gonzalezek.
Alvarok, bere aldetik, Laudiok “kudeaketa talde bat” behar duela nabarmendu du, “ekimenetan harago joateko gaitasuna izango duena eta laudioarrok merezi dugun etorkizunera begirako proiektu bat planteatuko duena”.
Programa Parte-hartzailea
Alkategaia aurkeztuta, "Programa Parte-hartzailea" garatzeari ekingo dio alderdiak. Hainbat galdera osatuko dituzte horretarako, eta laudioar orok izango du horiei erantzuteko aukera, talde politikoak plazaratuko dituen bideak baliatuta.