Langileen ia %100ak egin du gaur greba Aiala Vidrion eta protestak gogortzea aurreikusi dute

Aitor Aspuru Saez 2019ko urt. 21a, 16:43

Goizean Ertzaintza agertu da Aiala Vidrion. / LAB

Aiala Vidrio enpresako langileak 36 orduko greba egiten ari dira gaur eta batzarrean adostu dute hurrengo mobilizazioak gogortzea lan hitzarmenean hobekuntzak lortzeko.

Pasa den astean iragarritako 4 greba egunetako lehen hitzorduari ekin diote gaur Aiala Vidrio enpresan. Urtzi Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak azaldu du ekoizpena eta bulegoak guztiz gelditu dituztela grebalariek. "2 langile bakarrik sartu dira bulegoetara" adierazi du sindikatuko kideak.

Horrez gain, langileen ordezkariek eta enpresako zuzendaritzak bilera egin dute gaur eta, nahiz eta enpresariek hasierako proposamena hobetu duten, Etxebarriak ziurtatu du oso gutxi izan dela: "langileen aldarrikapenetik oso urrun daude oraindik".

Gauzak horrela, 36 orduko 3 greba deialdi geratzen dira; urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an eta 10ean. Beharginek batzarrean adostu dute presio neurriak areagotzea.

Ostiralean izango da enpresa eta sindikatuen arteko hurrengo bilera, 11:00etan. Orduan jakingo da negoziazioek aurrera egingo duten.

Gaur Ertzaintza egon da 08:00ak aldera lantegiko sarreran, baina ez da gatazkarik gertatu, LABeko iturrien arabera.

Iragan urtarrilaren 9an egin zuten lehen lanuztea enpresan:

Ernai Aiaraldeako kideek ere bat egin dute langileen aldarriekin:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide