Herrietan zentratuko dute martxoaren 8ko greba feminista, eskualdeko mobilizazioa Urduñan izango bada ere

Erredakzioa 2019ko ots. 5a, 08:19

Larunbatean egin zuten martxoaren 8ko greba feminista aurkezteko agerraldia Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Eskualdeko mobilizazioa Urduñan izango dela adierazi dute.

24 orduko greba izango da martxoaren 8koa. Iazko mobilizazio arrakastatsuen ondotik, aurtengo egitarauak aurreratu zituen Aiaraldeko Mugimendu Feministak larunbatean eginiko aurkezpenean. Eskualdeko baterajotzeak 12:30ean eta 20:00etan izango dira. Aurreneko mobilizazio nagusiaren izaera herrietako asanbladek erabakiko dute; alegia, tokiaren araberakoa izango da jarduera. Arratsaldean elkartuko dituzte inguruetako emakume guztiak manifestazioan, Urduñan hain zuzen:

"Greba feminista izango da, eta emakumeei bideratuta dago. Arratsaldeko mobilizazioan jende orok hartu ahalko du parte, beti ere protagonismoa -lehen lerroak- emakumeenak izango direlarik", adierazi dute. Gizonezkoen ekarpena zein izan litekeen argitze aldera, eskuorriak banatuko dituzte bailaran zehar. 

Asanblada parte hartzaileak
Urduñan, Amurrion, Laudion, Aiaran eta Orozkon egin dituzte orain arte bilera irekiak. Bertan mamitu dituzte grebarako bost ardatzak: hezkuntza, kontsumoa, lan mundua, pentsioak eta zaintza. Azken hau, baina, zeharlerro gisa jorratuko dute, eremu guztietan eragiten baitu. Datozen egunetan hitzordu gehiago egongo dira, eta horietan itxiko dituzte egitarauak. Horrenbestez, aurrerago emango dute programa zehatzaren berri.

Otsailaren 14an 18:30ean mahaingurua egingo dute Arespalditzako emakumeen gelan. Sistema heteropatriarkatu eta kapitalistak emakumeengan duen eragina izango dute hizpide, hezkuntza, kontsumoa, lan mundua, zaintza eta pentsionisten egoera aztertuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide