Oihalak Zabaltzen taldeak aukera izango du Laudioalden antzezteko aurten, baina behin behineko konponbidea baliatuta

Aitor Aspuru Saez 2019ko ots. 27a, 14:05
Oihalak Zabaltzen taldeko antzezlan bat Laudioalden. / Aitor Burgoa

Zuzendaritzak berak irekiko dizkio Laudioaldeko ateak antzerki taldeari, baina Lanbide Heziketako ikastetxeko arduradunek azpimarratu dute behin-behineko konponbidea izango dela.

Laudioaldeko zuzendariak berak irekiko dio ikastetxeko areto nagusia Oihalak Zabaltzen antzerki taldeari, bere lana estreinatu dezan. Oraindik ez dute data zehaztu. Hala ere, hezkuntza zentroko arduradunek argitu dute hori behin-behineko irtenbidea dela.

Izan ere, Laudioalde Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen eta bere betebeharren artean ez dago asteburuetan irekitzea, ez baitauka horretarako langilerik.

Gainera, ezin dio eskatzaile orori eskumena eman lekua irekitzeko: "7 giltza behar dira areto nagusia irekitzeko eta alarma bat desaktibatu. Ezin dugu edonoren esku hori utzi, makina eta tresna baliotsuak ditugu ikastetxean eta".

Berez, zuzendaritzak aukera hori emango dio Oihalak Zabaltzen taldeari lotura estua izan dutelako historikoki: "hemen sortu zuten taldea".

Dena den, ikastetxeko arduradunek argi daukate ez dela behin betiko irtenbidea: "ia jende guztiak izan du harremana Laudioalderekin eta ez da posible zuzendariak irekitzea zentroa norbaitek eskatzen duen bakoitzean".

Euren ustetan, konponbidea da udalak norbait kontratatzea horretarako, dauden beste eraikinak erabiltzea -Kasinoa, adibidez- edo Antzokia eraikitzea, baina zailak dira aukera horietako batzuk, dakitenez.

Edonola ere, Laudioaldeko zuzendaritzak azpimarratu nahi izan du hainbat ekintza antolatzen direla bere areto nagusian arazorik gabe, udalak bitartekoak jartzen dituelako. Horren adibide dira Martxoak 8ko zinema proiekzioak edo astebururo eskaintzen dituzten filmak.

Alderdien arteko hikamika
Zuzendaritzak alderdien arteko polemikatik kanpo geratu nahi izan du. Izan ere, EAJk duela astebete plazaratu zuen oharra gaiari buruz.

Horrez gain, Ander Añibarro EAJko alkategaiak leporatu zion EH Bilduri antzerkigintza hiltzen uzten ari zela. Horren aurrean, Jon Ander Altube alkateordeak erantzun zuen azken asteotan hainbat antzezlan egon direla eta Oihalak Zabaltzen taldeak Laudioalden aritzeko parada izango duela data zehaztu bezain pronto.

EH Bilduko ordezkariaren aburuz, polemika artifiziala sortzen eta neurririk gabeko kritikak egiten ari da EAJ.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide