Txaro Sarasuaren bi mozio eta LIDLen egoera hizpide Udal Osoko Bilkuran

Erredakzioa 2019ko mar. 28a, 07:00

Astelehenean egin zen Udal Osoko Bilkura. / Aiaraldea.eus

Onartu egin ziren Sarasuaren bi mozioak, EH Bildu izan baitzen aurka bozkatu zuen talde bakarra. Erregu eta galderen txandan landu zuten LIDLen egoera.

Astelehenean egin zen Laudioko martxoko Udal Osoko Bilkura. Ia bi ordu iraun zuen saioak, baina saio “laburra” izan zela esan daiteke, normalean hiru-lau ordu irauten baitu udalbatzak.

Bi mozio baino ez ziren eztabaidatu plenoa, biak ala biak Txaro Sarasuarenak. “Salmenta ibiltaria edo ez sedentarioa” arautzearen beharra izan zuen hizpide atxikitu gabeko zinegotziak lehen testuan. San Blas azokaren bezperan gose eta egarri greban jarri zen Mungiako talogilearen kasua dela eta aurkeztu zuen Sarasuak mozioa, kasuari modu zuzenean heldu ez zion arren. Alderdi politiko guztiek egin zuten proposamenaren alde, EH Bildu izan ezik.

Iñigo Martinez Cerrilloren ustez, gaiaren atzean dagoen eztabaida “askoz sakonagoa” da . “Kontuan hartu beharko genuke nola uste dugun izan beharko litzatekeela elkartegintza eta kultura. Uste duzue hemengo kirol elkarte kulturalak agente ekonomikoak bezala tratatu behar direla? Elkarteak ez dira dirua irabazteko sortzen, ekintza kultural edo sozialak egiteko baizik”. Horregatik, ez du zentsurik elkarteei “agente ekonomikoei” eskatzen zaizkien arau eta jarraibide burokratiko berdinak eskatzea, EH Bilduko zinegotziaren arabera.

Datuen babeserako legea
Bigarren mozioak, aldiz, datuen babeserako legea izan zuen hizpide, duela gutxi hedabideetan agertutako albiste bati lotuta. Legea betetzeko pausoak ematea eskatu zuen Sarasuak, baina udal gobernuari beste hainbat gauza leporatzeko ere balio zuen bere hitzartea: bulegorik gabe lan egin behar zuela, berari eta bere senarrari buruzko zirkular bat Whatsapp bidez zabaltzen ari zirela eta jazarpena pairatu zuela, besteak beste.

Kasu honetan ere, oposizioko alderdi politiko guztiak azaldu ziren Sarasuaren proposamenaren alde. “Ados gaude mozioarekin, araubidea jarraitzea eskatzen duelako”, azaldu zuen Maider Basterra jeltzaleak. Omnia eta PSE-EEk ere hartu zuten hitza, eta antzeko azalpenak eman zituzten. EH Bildu, aldiz, aurka agertu zen. “Mozioak aditzera ematen du orain arte ez dela ezer egin, gai hau lantzen hilabeteak daramatzagunean”, azaldu zuen Jon Ander Altube zinegotziak.

LIDLen egoera hizpide
Erregu eta galderen txanda iritsi zen jarraian. Hainbat gai izan zituzten hizpide bertan. PSE-EEko zinegotziak LIDLen egoeraren inguruan galdetu zion udal-gobernuari. Iñigo Martinez Cerrillok erantzun zion. “Duela urtebete izan genuen balizko itxieraren lehen zurrumurruen berri, langileen ordezkarien partetik”, azaldu zuen zinegotziak. Garai hartan zuzendaritzarekin bildu zirela gaineratu du EH Bilduko kideak. “Eurek adierazi ziguten beste biltegi bat eraikitzen bazen Laudiokoarekin bateragarria izango zela”. Gauzak hala, zuzendaritzarekin eta langileen ordezkariekin harremanetan jarraituko dutela jakinarazi zuen Martinez Cerrillok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide