Zenbat elkarrizketa egin dituzu dagoeneko?
Nik uste 40 inguru egin ditugula, markak hautsi ditugu, eta oraindik baditugu batzuk egiteke. Korrika baino lehen gauzatu ditugu gehienak, baina ekimenak iraun bitartean ere izango dugu baten bat, eta amaitzen denean ere.
Gaur hasiko da Korrika. Koordinatzailea izanik, urduri al zaude?
Etxekolanak eginda ditugu, azken zertzeladak falta zaizkigu. Pozik gaude, uste dugu koska bat gorago egingo duela Korrikak, potentea izango da.
Koska bat gorago helduko dela Korrika diozu. Zer ba?
Kualitatiboki eta kuantitatiboki Klikak planteatu ditugu, eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartzeko. Eragile batzuk guregana etorri dira, beste batzuengana gu joan gara. Konfort esparrua zabaldu nahi genuen eragile gehiagorengana heltzeko; eta lortu egin dugu.
“Uste dugu aurten koska bat gorago egingo duela Korrikak, potentea izango da”
Bi urtetan gauza asko gertatu dira Euskalgintzan, euskaraldia kasu.
Euskalgintzako eta Administrazioetako eragileak Santiago Zubian elkarrekin hasi ginen lantzen. Euskaraldian 240.000 lagunek eman zuten izena, parte hartze handia da hori. Korrikarekin olatu hori aprobetxatu nahi dugu eten ez dadin. Konpromisoak eskatu ditugu euskara ikasi eta hitz egiteko. Administrazioek ere badute ardura: hizkuntza politikaren normakuntzan lanean ari diren guztiek erantzukizun handia dute denok bide beretik aurrerantza jarrai dezagun. Euskararen bidean arraunean norabide berean joan behar dugu enpresa eta erakundeek, bakoitzak bere berezitasunekin.
Korrika garrantzitsua da, beraz.
Korrikak zenbait konpromiso eskatu ditu. Eragileek biluztu egin beharko dute euskararen inguruan zein aurrerapauso emango dituzten esateko. Ondoren etorriko dira balorazioak. Tartean, gainera, beste Euskaraldi bat egongo da.
Korrikak dirauen bitartean, zein izango da zure egitekoa?
Nire lan nagusiena bukatua dago. Furgonetakoek kontrolatuko dute Korrika 11 egunetan. Nik, nagusiki, harreman eta bulego lanak gauzatu beharko ditut. Apirilaren 4an lasaitasun pittin bat hartuko dut, ekimena jada ez delako nire esku egongo. Hala ere, egunero hitz egiten dugu 3-4 aldiz furgonetakoekin, gorabeherak komentatzeko. Esperientzia handia dute, horregatik sentsazioak eta datuak eskatzen dizkiegu.
“Aurten Errioxatik pasako gara, iaz ez bezala; ondorioz, kilometro gutxiago izango ditu Aiaraldeak”
Korrikaren abestiak polemika piztu du batzuen artean. Espero al zenuten?
Nik zeresana emango zuela aurreikusten nuen. Abestia gustatu ahal zaizu, edo ez. Euskal musika euskaraz egiten den guztia da, eta euskarak ere estilo guztietatik edan du historian zehar. Euskara munduan bizi da, munduarentzat bizi da, euskaraz edozein gauza egin daiteke. Abestiagatik kritikak entzun ditugu, baina baita txaloak ere: abesti ezberdin bat sortzera ausartu gara. Pozik gaude kantarekin, kultur produktu batez 15 egunetan hitz egitea Euskal Herrian ez delako inoiz gertatu.
Nazio arduradun moduan zenbatgarren Korrika daramazu?
Hirugarrena. Lau ediziotarako konpromisoa hartu nuen. Oso polita da, baina oso gogorra ere bai. 15.Korrikatik Nazio Batzordeko kidea izan naiz, orduan banekien zertaz ari ginen. Bi urteko prozesu luzea da Korrika. Apirilaren 14an amaituko dugu, eta ekainean erabakiko dugu non hasi eta bukatuko den hurrengo edizioa. Urrian, berriz, mezua eta omendua lantzeari ekingo diogu; martxoko batzarrean AEKk ibilbideari, zirriborroari eta omenduari onarpena emateko. 2020ko martxotik aurrera, ordea, korrika kulturala, kanta, unitate didaktikoa...
Aurten Korrika ez da Okondo eta Orozkotik igaroko. Zer dela eta?
Mundu guztiak nahi du Korrika bere herritik pasatzea, baina ez da posible. Eskualde eta herrialdeka kilometro kuotak jarrita ditugu. Horren arabera erabakitzen dugu. Aurten Errioxatik pasako gara, iaz ez bezala; ondorioz, kilometro gutxiago izango ditu Aiarak.
“Aurreikusten nuen kantak zeresana emango zuela”
Zuretzat zerk egiten du Korrika berezi?
Faktore ezberdinak daude. Mezua 5 hilabeteetan lantzen da. Badu ibilbide bat, Euskal Herri osoa zeharkatzen duena. Lekukoa eskuz esku pasako da, mezu sekretu batekin (6 pertsonak salbu). Mezuak 2.500 kilometro egingo ditu Gasteiza iritsi arte: bertan jarriko dugu jende guztiaren esku. Horrez gain momentu magikoak daude: gaua, hotza, euria...
Korrika berdina izan arren, beti da ezberdina. Laudion, Amurrion, Aiaran edo Urduñan ordutegia beti da ezberdina, leloa, omendua eta ibilbidea bezala. Gaur egun ez genuke imajinatuko Euskal Herria Korrikarik gabe.
2017ko Korrikak marka guztiak hautsi zituen Laudion. Aurten ere horren harrera beroa egotea espero duzu?
Laudion jendetza egon zen Dolumin Barikua zelako. Korrikak babesa eta jendea behar ditu. Aurreko edizioan toki batean egon zirenak, beste nonbaiten hartuko dute aurten.