Elkarrekin Podemoseko hautagaiek gogor kritikatu zuten EAJ atzo

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 19a, 12:02

Elkarrekin Podemos koalizioak hauteskunde ekitaldia egin zuen atzo Aldai plazan tokiko zein Kongresu eta Senaturako hautagaiekin, eta EAJren politika eta adierazpenak salatu zituzten hizlariek.

Juantxo Lopez Uralde eta Miren Gorrotxategi Kongresurako hautagaiak eta Pilar Garrido eta Kontxi Palencia Senatuko zerrenda kideak ekarri zituen atzo Elkarrekin Podemos koalizioak Laudiora.

Miguel Burdallo alkategaiak ireki zuen ekitaldia eta bere kideei eman zien hitza. Gainerako Elkarrekin Podemoseko ordezkariek hiru ardatzetan oinarritu zuten euren diskurtsoa:  ekologia, sektore eta alderdi eskuindarren kritika eta hauteskunde proposamenak.

Elkarrekin Podemoseko kideek gogor salatu zituzten PP, Ciudadanos eta Vox; "garai ilunetara" itzuli nahi dutelako politikoki. Horrez gain, PPren politika xahutzaile eta ustelak ere nabarmendu zituzten.

Hala ere, kritika gehien jaso zuen alderdia EAJ izan zen. Hautagai guztiek jaso zituzten aurreko egunean Andoni Ortuzarrek egindako adierazpenak -Podemosek ez duela euskal herritarrak ordezkatzen esan zuen- eta gogor jo zuten jeltzaleen aurka.

Koalizio ezkertiarreko kideek "4. eskuina" deitu zioten EAJri eta behin eta berriro leporatu zioten industria politikak ez egitea eta porlanaren interesak defendatzea Madrilen, euskal herritarren eskubideak zaindu ordez.

Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek lana sortzeko politika berdeak aldarrikatu zituen, bai industrian auto elektrikoa bultzatzeko eta baita ingurugiro alorrean ere, Nerbioiko saneamendua aipatuta.

Koalizioko politikariek nabarmendu zuten eurek euskal herritarren eskubideak sustatzen dituztela Kongresuan eta gogoratu zuten 900 euroko gutxieneko soldata euren lorpena dela, besteak beste. Horrez gain, eutanasiaren lege proposamena ere aipatu zuten.

Bukatzeko, azpimarratu zuten Elkarrekin Podemosen aldeko boza eraginkorra eta baliagarria dela, PSOE eta Ciudadanos alderdien gobernua "Ibex 35"-ren gobernua izango litzateke eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide