Laudioko herriko plazan elkartu dira Elkarrekin-Podemos koaliziokoak euren proiektu eta zerrenda aurkezteko. Migel Burdallo alkategaiak hasi du ekitaldia, zerrenda aurkeztuta: "Konpromiso, ilusio eta ardura askodun proiektua ordezkatzera noa". Burdalloren esanetan, zerrenda "langilea" osatu dute: "Azken hamarkadan lan eremu handiak galdu dira: Aceros, Lipmesa, Vicalde... Lidl ere galtzeko zorian dago. Laudio eta Aiaraldea ez hiltzeko lanpostu horiek berreskuratu behar dira".
Azpimarratu dutenez, Elkarrekin-Podemosen bidez, aldaketarako taldea osatu nahi dute, "kultur, aisialdi eta etxebizitza aldetik... etorkizuneko belaunaldiak hemen bizitzea nahi dugu". Alkategaiaren aburuz, proiektu onak dituzte, ospitalearena kasu: "Guk proposatu genuen, nahiz eta EH Bilduk ideia lapurtu. Erietxearen alde apustu egin behar da, baita ekoturismoaren alde ere: San Juan, mendi bideak... potentziatu behar dira". Horretarako, industria, landa eremua eta zerbitzu sektorea indartu nahi dituzte.
Ester Palacio Garcia zerrendakideak, berriz, emakume langileen prekarietatea izan du hizpide: etxeko langileak, fabriketako emakumeen egoera, zaintza lanen aitortza eza eta beste. "Zer gertatuko da Lidlen dauden 200 pertsonas horiekin? Gizonentzat Aiaraldean lana topatzea zaila bada, emakumeentzat kontratazioak odisea dira. Gainera, azpikontratak baliatzen dituzte neskei lana emateko, soldata aurrezteko", erantsi du. Hala, soldata arrakala desagertzeko lan egingo dutela lan ohartarazi du, baita "berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko" ere.
Txema Ruiz de Apodaca Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiak, bestalde, bere alderdiaren ikuspegi progresista, feminista eta ekologista goraipatu du: "Batzuk euroak ikusten dituzten tokian, guk pertsonak entzuten ditugu". Ruiz de Apodacaren ustez, Aiaraldeak dena du garatzeko: elikadura burujabetza, turismoa, klima aldaketaren aurkako jarduna, aurrezte energetikoa, kutsaduraren murrizketa... "Arduraz kudeatuko duen bat hautatzea zuen esku dago".
Arantza Abeciak Diputaziorako hautagaiarena izan da azken hitzartzea. Azken 4 urtetako balantzea egin du, ikasketa eta ilusio prozesua izan direla azpimarratuta. Zentzu horretan, nabarmendu duenez, aiaraldearren beharrak instituzio guztietan defendatzen jarraituko dute. Hondakinen aferari dagokionez, Nerbioiko saneamendu arazoa izan du hizpide, eta 1994an adostutako proiektua "hauteskundeen atarian lizitatzea" kritikatu du: "Lotsagarria da 35.000 herritarrek araztu gabeko ura jaurtitzea ibaira oraindik". Horrez gain, industria politika salatu du, Artziniegako CEL enpresa edo La Navalen itxierei erreferentzia eginda. "Aiararren eta Arabarren arazoak konpontzea dagokigu. Aldaketak udalean hasten dira, horregatik izan behar da Elkarrekin -Podemos ordezkari. Konpetentzia asko izangatik, finantzaketa gabe ezin da ezer lortu, horregatik behar zaituztegu".